Sagardo esperientziak, Aburuzan eta Zabalan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 13a, 09:18

Gipuzkoako sagardotegiak beste modu batera ezagutzeko aukera izango da urtarriletik aurrera. Izan ere, bisitariei zuzendutako esperientzia bereziak prestatu dituzte hamar sagardotegik. Horien artean dira Aburuza eta Zabala adunarrak.

Bisita gidatuak, gaueko bisitaldiak, sagar bilketak, dastaketak..., sagardoarekin lotutako turismo eskaintza zabala prestatu dute Gipuzkoako hamar sagardogilek. Sagardoaren inguruko kultura zabala herritarrengana eta bisitariengana gerturatzeko ahaleginean ari dira sagardogileak, eta hortik jaio da ekimen berria.

Kultura eta tradizioa
Abenduaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten ekimen berria. Bertan ziren Sagardogile elkarteko kideak, sagardotegietako ordezkariak, hainbat turismo eragile eta baita Roke Akizu, Foru Aldundiko Turismo zuzendaria ere: “Sagardotegiak ezberdinak dira eta horregatik dira turistikoki erakargarriak. Bisitariarentzat, ohitura ezberdin bat ezagutzeko modua ematen du sagardotegiak”.
Ekimenaren garrantzia ekonomikoa ere aipatu zuen Roke Akizuk: “Krisi garai honetan, diru-sarrera berria ekarriko die sagardotegiei ekimen horrek. Lehen sektorea indartzeko balio du eta, gainera, gure eskaintza turistikoa ere aberasten du”.

Turismoan, konplexurik gabe
Sagardogile elkarteko lehendakaria da Arantxa Eguzkitza. “Sagardogileek beti egin izan dugu lan turismoan, ia konturatu ere egin gabe gainera: bisita gidatuak, sagardoa egitearen inguruko azalpenak, eskolen bisitaldiak,... Hori guztia modu ofizialean egiten hastera goaz orain. Elkarteko hamar sagardotegi agertu dira ekimenean parte hartzeko prest. Horietatik hiru dagoeneko martxan dira eta urtarrilean hasiko dira gainerakoak. Etorkizunera begira, gainera, beste askok azaldu du ekimenean parte hartzeko asmoa. Turismoaren munduan konplexurik gabe sartu gara. Gure herriaren kulturaren, historiaren eta tradizioaren zati bat dago sagardoaren atzean eta hori erakutsi nahi diegu turistei eta bertako bisitariei. Bide berri hori egiten hasi besterik ez dugu egin eta beste hainbat pauso ematen jarraituko dugu etorkizunean”.

Aburuza eta Zabala
Oiharte, Satxota, Añota, Calonge, Petritegi, Ola, Bereziartua, Iparragirre, Aburuza eta Zabala dira sagardo esperientziak eskaintzen hasiko diren sagardotegiak. Eskualdeari dagokionez, Adunako bi sagardotegiek eman dute ekimenean parte hartzeko pausoa. Aburuzako kideek, euren sagastiak eta sagardotegia barne-barnetik ezagutzeko aukera emango dute eta, Zabala sagardotegikoek ere  bisitaldi gidatuak antolatuko dituzte.
Ekoizle bakoitzak bere behar eta aukeretara moldatu du turismo eskaintza. Hala azaldu zuen Unai Agirrek, Sagardogile elkarteko gerenteak: “Sagardotegi bakoitzaren lanerako modua ezberdina da. Batzuek txotx denboraldian bakarrik irekitzen dituzte ateak, beste batzuek urte osoan zehar, batzuek menu finkoa dute, beste batzuek, berriz, ez. Horregatik, oso eskaintza ezberdina prestatu du sagardotegi bakoitzak”.

Elkarlana
Beste zenbait turismo eragilerekin elkarlanean ari dira sagardogileak turistei esperientzia zabalagoak eskaini asmoz. “Lotarako tokia, otorduak, Igartubeiti baserrira bisitaldia, Aquariumera, Idiazabal gazta ezagutzera, Zerainera..., eskaintza zabalak presta daitezke etahori  guztia prestatzeko lanean ari gara. Ekimen berria da eskuartean duguna eta zalantzarik ez dugu etorkizunean gorpuzten eta handitzen joango dela”, gaineratu zuen Unai Agirrek.  
Sagardotegiak barru-barrutik ezagutu nahi dituenak modu ezberdinak izango ditu horretarako.  www.sagardotegiak.com gunean aurkituko du eskaintza osoaren inguruko informazioa eta sagardotegien web guneetan ere ematen dute euren eskaintzaren inguruko berri. www.rzabala.com gunea da Zabala sagardotegikoa eta www.sidrasaburuza.net Aburuzarena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!