Auzoz auzo, Andoaingo Udala parte hartzea sustatzen hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 12a, 18:05

Aste honetan auzoz auzoko parte hartze prozesuari hasiera eman dio Andoaingo Udalak.

Kronika eta lehen hitzorduak:

Udalaren enkarguz, Aztiker enpresak batzar irekiak kudeatuko ditu. Ekimenaren aurkezpenean Harkaitz Martinez de Albeniz Aztiker enpresako ordezkariak helburu nagusiak azaldu zituen: “Parte hartze prozesuaren helburuak herritarren eta udal ordezkarien artean komunikazioa eta harreman zuzena lortzea dira. Bi saio egingo ditugu Andoaingo sei guneetan banatuta. Saio horietan herritarren ekarpenak jasoko ditugu, baina Udalak tokian toki burutu nahi dituen egitasmoen azalpenak ere eskainiko ditu”.
Auzoz auzoko bilerak bi txandatan burutuko dira, lehena egun hauetan. Auzotarrek dituzten beharrak, gabeziak, kexak edota ideiak azaltzeko aukera paregabea izango da, zalantzarik gabe. Parte hartze saioen bigarren itzulia 2013ko urtarrilean deituko dute. Lehenengo errondan jaso ziren proposamenak aztertu, zehaztu eta lehentasunen arabera antolatuko dituzte bigarren itzuli horretan.
Aztikerrek iragarri zuenez, Andoaingo Udalak prozesu honetatik aterako diren ekarpenak kontutan hartu eta hurrengo hiru urteetan garatzeko konpromisoa hartuko du. Martinez de Albenizen arabera, “guretzat garrantzitsua da politika egiteko moduetan aldaketa gauzatzea. Honakoa litzateke definizioa: Garapen komunitarioaren kultura lantzea. Udalak botere harreman berriak sortu nahi ditu, herritarrak udal kudeaketan eta erabakietan aktibo bat izatea lortzeraino”. Hori egingo balitz kultura politiko berri baten txertaketan urratsak ematea dela deritzo, demokraziaren kontzeptua bera zabaldu nahian. Funtsean, parte hartzea erdigunean kokatuz.

Parte hartzeko gonbitea
Ana Carrere alkateak parte hartzeko deia luzatu zuen, “herritarrek kezkak, kexak edota ideiak badituzte batzarretan parte hartzera animatu nahi ditugu”. Alkatea bera bilera horietan guztietan parte hartzekoa da. Harekin batera gobernu taldeko kideak.
Foru Aldundiak herritarren parte hartzea sustatzeko laguntza lerroa zabaldu zuen ekainean eta horri helduz Udalak egitasmoa bideratu du. Aurrekontu osoa 13.600 euroko da, eta laguntza modura aurrekontu osoaren %40a jasoko du.
Alkateak ekimena sutsuki defendatu zuen, “instituzioen inguruan herritarrok dugun irudi hermetikoarekin hautsi nahi genuen 2011n gure agintaldiari ekin genioenean. Eredu parte hartzailearen filosofiari apurka apurka tokia egin nahi diogu udaletxean. Herritar guztiekin herritar guztientzat izango den Andoain kudeatu eta eraiki behar dugu”.

Bilerak auzoz auzo
“Parte hartze hariak lotuz!” kanpainaren bidez dagoeneko bi bilera egin dituzte Karrikan eta Basteron. Datozenak:

Abenduak 13, osteguna:
Zumea, erdigunea, Olagain.
18:30-20:30 Bastero.

Abenduak 18, asteartea:
Sorabilla, Borda Berri.
18:30-20:30 Erretore etxea.

Abenduak 19, asteazkena:
Bazkardo, Kaletxiki, Geltoki, Kalonge.
18:30-20:30 Berrozpe ikastetxea.

Abenduak 20, osteguna:
Landa eta nekazal gunea.
18:30-20:30 Pleno aretoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!