Haurrentzako II. Gabon parkea abenduaren 21etik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko abe. 12a, 16:05

Gaur aurkeztu dute Amasa-Villabonako udaletxean haurrentzako II. Gabonetako parkea. Bertan izan dira, Galder Azkue alkatea, Beatriz Mena Gazteria saileko teknikaria, Consuelo Gomez Arevalillo Oria Merkataritza Elkarteko lehendakariordea eta Agustin Aduriz Tolosaldea Garatzeneko merkataritza dinamizatzeko bulegoko arduraduna.

Aurten, bigarrenez, Oria Merkataritza Elkarteak Amasa-Villabonako Udalaren lankidetzarekin haurrentzako gabon parkea antolatu du. Abenduaren 21ean, 28an eta urtarrilaren 4an arratsaldez irekiko ditu ateak eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean goizez. Azken bi data hauetan, eguraldi ona eginez gero, haur parkea Malkar plazan izango da. Bost egun hauetan, guztira, 800 plaza eskainiko dira eta haurren begirale, herriko gazteak izango dira. Beatriz Menak adierazi duen moduan, “herritarrek herritarrei eskainitako ekimena da eta eskerrak eman nahi dizkiogu Udalari eta Oria elkarteari gazteenganako konfiantza eskaintzeagatik”. Hori horrela, iazko gazte begiraleen ordezkari moduan joandako lau gazteri diplomak banatu dizkiete.

 

Erosketak herrian

Herriko kontsumoa bultzatu nahian, abenduaren 22an eta urtarrilaren 5ean, arratsaldez, herriko dendak zabalik egongo dira eta egun hauetan egindako erosketen truke, 2 lagunentzako 4 afaritako zozketan parte hartu ahal izango da. Horrez gain, Oria elkarteak gabonetako kanpainaren bukaeran 275€-ko lau opari txeke zozketatuko ditu bere bezeroen artean. Txekeen zein afarien zozketak urtarrilaren 9an egingo dira 13:30ean, Berdura plazan. “Merkataritza txikia eusteak herria bizitzea esan nahi du, beraz, herritarrak herrian kontsumitzera animatu nahi ditut”, adierazi du Galder Azkue herriko alkateak.

Bestetik, elkartearen partaide diren komertzioek, bereizgarri moduan, gabonetako pinu bat ipiniko dute euren saltokietan.

 

Hainbat ekintza

Aipatutako ekintzez gain, abenduaren 22rako eta urtarrilaren 5erako, herria girotuta edukitzeko, pintxopotea antolatu dute arratsaldeko 18:30etik gaueko 21:30era. Besteak beste, Arnasa, Xiker, Or-Konpon, RK eta Xaldu tabernek hartuko dute parte. Pintxopoteaz gain, abenduaren 22an, euskal jokoak eta umeentzako tailerrak egongo dira. Gainera, arratsaldez, Bapatean taldea herriko kaleetan zehar ibiliko da malabarrak eginez.

Bestetik, gabonetako argiak abenduaren 21ean piztu eta urtarrilaren 6an itzaliko dituzte. Ohiko egunetan, 17:30etatik 22:30era egongo dira piztuta eta abenduak 24, 25, eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 5ean gaueko 12ak arte mantenduko dituzte.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!