Eguberrietako argiak, aurtengoak Andoainen bertan landutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 30a, 13:46

La Salle-Berrozpe ikastetxeko ikasleek diseinatu eta egin dituzten Eguberrietako argi apaingarriak datozen egunetan jarriko dituzte Andoaingo eraikin publikoetan.

Olentzero, Ontza eta Zorionak hitzarekin hamar figura egin dituzte, hain zuzen. Datozen egunetan herriko kaleetan ikusi ahal izango dira. Udalak ikastetxeari egin zion proposamenari baiezkoa emanda, bertako hiru heziketa zikloetako ikasleek hartu dute parte zintzilikarioen egite prozesuan, azken hilabeteetan: diseinu mekanikoko ikasketako ikasleek hamar apaingarriak diseinatu dituzte; mantenimendu elektro-mekanikoek egiturak egin dituzte eta azkenik, proiektu elektronikoen garapena izeneko ikasketakoek argiteriaz arduratu dira.

Ikas-gela eta irakasle ugarik hartu du parte prozesu osoan, eta Iñaki Aranburu irakaslearen gain joan da denak koordinatzearen ardura: “oso aberasgarria izan da guztia. Elkarlanean jarduteko aukera eman digu egitasmoak, eta ikasleek oso jarrera ona erakutsi dute”.

Lan praktikoa izateak asko lagundu duela aitortu du Aranburuk: “ikusita egiazko egitasmoa zela, eta gainera, erabateko askatasuna zeukatela eurek diseinatu eta muntatzeko apaingarriak, konpromiso handia erakutsi dute. Ikastorduz kanpo ere maiz etorri izan dira, lanak garaiz bukatzeko asmoz”.

Julen Azpeitia, Igor Ramon eta Asier Albin egitasmoan buru belarri aritu diren hiru ikasle dira: “oso pozik gaude bizitu dugun bizipenarekin; sentsazio politak utzi dizkigu. Azken asteetan arratsaldeetan ere etorri behar izan dugu figurei azken ukituak emateko eta dena amaitu ahal izateko. Oso motibatuta jardun dugu dena ondo irten zedin, ze apaingarri horiek kalean zintzilika ikusiko dira, eta detaile guztiek hartzen dute garrantzia”.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!