Parte-hartze hariak lotuz! Andoain activo barrio por barrio izena jarri dio ekimenari, eta auzoz auzo garatuko da abenduan hasi eta 2013ko otsailera bitarte.
Udal ordezkarien eta herritarren artean harreman eta komunikazio zuzena bermatu nahi du Udalak. Horretarako, herritarrek norbanako zein talde gisa dituzten beharrak eta ekarpenak jaso eta lehentasunaren arabera sailkatuko ditu: epe motzean egin behar direnak, epe ertainean burutu beharrekoak eta epe luzera begirakoak. Behin sailkapen hori eginda, Udalak datozen hiru urteetan garatuko dituen egitasmoen inguruko konpromisoa hartuko luke herritarrekin batera.
Herritarrekiko komunikazio eta parte-hartze kultura indartu nahi du Udalak. “Parte hartze kultura iraunkorra sustatu nahi dugu, epe luzeko ibilbidea izango duena; betiere garapen komunitarioaren eta botere harreman berrien ikuspegitik”.
Egitasmoak badu bere logotipoa ere. “Udala eta herria-herritarrak lotuko dituen irudi fresko bat bilatu nahi izan da, elkarren arteko harremana irudikatuko duena. Horregatik, komunikazioari zuzen-zuzenean loturiko irudia eramango du, eskolan egin ohi genituen eskulanak baliatuz: alegia, bi yogur pote hari batez lotuz lortzen genuen telefonoarena”.
Parte hartze bilerak, lehen txangoa
Abenduak 11, asteartea: Goiko gunea, La Salle, Plazola.
18:30-20:30, Urigain.
Abenduak 12, asteazkena: Karrika, Etxeberrieta.
18:30-20:30, Karrika.
Abenduak 13, osteguna: Zumea, erdigunea, Olagain.
18:30-20:30, Bastero.
Abenduak 18, asteartea: Sorabilla, Borda Berri.
18:30-20:30, Erretore etxea.
Abenduak 19, asteazkena: Bazkardo, Kaletxiki, Geltoki, Kalonge.
18:30-20:30, Berrozpe ikastetxea.
Abenduak 20, osteguna: Landa eta nekazal gunea.
18:30-20:30, Pleno aretoa.
Bilera txandak
Aipatu bezala, Udalak auzoz auzo egingo dituen bileren bidez garatuko da ekimena. Horretarako, bi bilera txanda antolatu ditu. Lehenengoa abenduan bertan burutuko da eta xede talde guztiak informatzea eta ekarpenak jasotzea izango du helburu. Urtarrilean egingo den bigarren bilera txandan, berriz, jasotako ekarpen horiek sailkatuko dira.
Amaitzeko, otsailaren 26an azken batzarra egingo da Basteron: bertan, Udalak egindako azterketaren berri eman eta hartutako konpromisoak zehaztuko ditu.