Xabierrentzat Azken garaipena komikia eta Hiru gutun Iruñetik liburua, Maiderrentzat Betagarriren azken diskoa eta Gaur zortzi liburua, Perurentzat Pirritx, Porrotx eta Marimototsen puzzle erraldoia eta etxeko guztiontzat Mihiluze mahai jokoa. Gaur egun, erraza da gero Gabonetako opariak aukeratzea! Izan ere, Euskarazko Produktuen Katalogoak ehunka produktu jartzen ditu eskura 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat, eta baita gurasoentzat ere.
Euskal Herriko berrehundik gora udal eta mankomunitatek osatu dute Katalogoa, tartean Buruntzaldeko 6 herriek. Urtero bezala, merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin dute, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.
Katalogoa bi euskarri ezberdinetan zabaltzen da. Alde batetik, paperezko edizioa dago, etxeetan eta ikastetxeetan banatu berri dena. Urtean behin argitaratu eta zabaltzen da eta Euskal Herri osoan 140.000 aletik gora banatzen dira; Buruntzaldean 9.000 ale.
Interneteko edizioa, askoz ere zabalagoa
www.katalogoa.org helbidean, interneteko edizioa dago. Interneteko gune horretan, paperezko katalogo osoa ikus daiteke, eta horrez gain, paperezkoan sartu ez diren produktu gehiago ere azaltzen dira. Aukera dago, gainera, produktuetara edo argitaletxeetara zuzenean joateko, loturak ere ematen baititu. Eta nahi izanez gero, begiz jotako produktuak eros daitezke etxetik.
Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da www.katalogoa.org, argitaletxeek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hori horrela, webgunea urte osoan kontsulta daiteke eta irakurleek beren komentarioak egiteko aukera dute bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko aukeratu duten produktuaren inguruan.
Katalogo interesgarria eta baliagarria
1998 urtean argitaratu zen lehenengo aldiz Euskarazko Produktuen Katalogoa. Nafarroako udal gutxi batzuek abiatu zuten ekimena. Aurten 15garren edizioa argitaratu da eta hainbeste urteko elkarlanaren emaitzak zehaztasun gehiagorekin ezagutzeko, azterlan bat egin dute Aztiker enpresaren laguntzarekin. Azterlan horretan bildu diren datuen arabera, Katalogoa eraginkorra da. Inkestatutako herritarrek orokorrean azaldu dute Katalogoa interesgarria eta baliagarria dela.
ERAGINAK SALMENTAN
Katalogoa banatzeak edo ez banatzeak izan al dezake eraginik salmentan? Bi herri konparatu dira: Arrasate eta Eibar. Azterketa xume batek eman ditzakeen ondorioak direla ahaztu gabe, eskuratu diren datuen arabera, esan daiteke Katalogoaren moduko produktuak herrian zabaltzeak baduela eraginik euskarazko produktuen kontsumoan. Arrasaten %45ek euskarazko produktuak erosten ditu; Eibarren %28k.