Laster 2013ko elkartasunezko egutegia salgai ipiniko dute Andoainen eta Urnietan. Egutegian Pausoka elkarteko haurrekin batera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak agertzen dira elkarterako bereziki egindako argazki-sortan. Aurtengoa ospakizun urtea da pailazoentzat, eta argazki-bildumarako Takolo pailazoa ere animatu zen. Egutegia, beraz, Andoaingo nahiz Urnietako etxe gehienetarako oso aproposa da.
Egutegiak eskuragarri
Urnietan Color’s, Lekar eta Idoia ileapaindegiak, Goya harategia, Ikasmin akademia, Sandra eta Presentacion de Maria ikastetxea.
Andoainen Pottoko eta Super BM-ko okindegi-kafetegia.
Tapoi bilketari agur
Udaberrian "elkartasunezko tapoi bilketa" delakoari ekin zioten eta sei hilabeteko epean amaiera emango diote. Izan ere, azaroaren 28an bildu zituzten azken tapoiak. Hogeitik gora tona jaso dituzte denbora horretan guztian, ez da kopuru kaskarra. Ordea, tapoiak jasotzen zituen enpresak irabazietarako geroz eta tarte murritzagoa uzten zienez, ekimen horrekin amaitzea erabaki dute.
Eguberrietako loteria ere atera zuten, dagoeneko agortu zaiena. Gauzak horrela, urte amaieran Pausoka elkartearekin bat egiteko modurik egokiena 2013ko egutegia erostea izango da.
Egoitza Hernanin
Hernaniko Udalak elkarteari egoitza utzi die, eta dagoeneko terapia lanetarako erabiltzen ari dira. Egoitzak, ordea, eraberritze handia behar du zerbitzu zabala eta hobea emateko. Hilabeteotan bildutako dirua hain justu egoitza berritzeko erabili nahi dute.