Andoaingo Udal adierazpena euskararen nazioarteko egunaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 19:00

Udal adierazpena. Andoaingo Udala, andoaINDARRA euskaraz:

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA, 2012ko ABENDUAK 3.
EUSKARA ERABILI, ERABILI
ETA ERABILI


Andoainen, bertakoa dugu euskara. Andoaindarrok, geurea dugu euskara. Herritarren erdiak badaki euskaraz hitz egiten eta beste %20k dezente ulertzen du. Hogeita bost urtetik beherako herritarren artean lautik ia hiruk hemengo bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, biak ezagutzen dituzte.  Duela 25 urte oso bestelakoa zen egoera: garai hartan, gaur ez bezala, gehiago ziren euskaraz tutik ez zekitenak hitz egiten zekitenak baino. Andoain gaur atzo baino elebidunagoa da. Hori ona da, bai herritar bakoitzarentzat –hobea baita jakitea ez jakitea baino-, bai Andoaingo herritarren arteko bizikidetzarako –zenbat eta herritar gehiagok jakin euskara, orduan eta seguruago bermatuko baitzaio herritar bakoitzari euskaraz eta/edo gaztelaniaz berak nahi duen hizkuntzan bizi ahal izatea-.

Gure artean, andoaindarron artean, asko dira euskara ikasi dutenak. Gainera, gure herriko gurasoek, euskarazko irakaskuntzaren edo batez ere euskaraz eskainitako irakaskuntzaren aukera egin dute beren seme-alabek euskara ikas dezaten. Horiek guztiek egin dutena aitortu eta eskertu nahi du Udalak, egin dutena garrantzizkoa baita euskara biziberritzen jarraitzeko eta andoaindarron arteko bizikidetza hizkuntza kontuetan ere gero eta berdinkideagoa izateko.  Horiei esker euskararen ezagutzaren erronka gainditzen ari gara.

Orain, ordea, beste erronka bat dugu aurrean: dakigun euskara hori bizitzaren arlo guztietan erabili behar dugu. Erabilera da euskararen etorkizuna bermatu dezakeen gertakari bakarra. Erabiltzeko neurri batean behintzat jakin egin behar da, baina jakitea ez da nahikoa. Erabiltzeko aukerak behar dira, baina hori ere ez da nahikoa: eskura ditugun erabiltzeko aukerak baliatu egin behar dira. Gurea da ordua, gurea da neurri handi batean erabakia, herritar guztiona: euskaraz badakitenena eta oraindik ez dakitenena, helduena eta gazteena, enpresariena eta langileena, merkatariena eta bezeroena, irakasleena eta ikasleena, gurasoena, mota eta arlo guztietako elkarteena, herri-erakundeena eta, jakina, horien artean, Udalarena. Udalaren konpromisoetan konpromisorik irmoenetakoa da euskararena, eta hain zuzen ere konpromiso hori berretsi nahi du Udalak 2012ko abenduaren 3 honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean.

Eta konpromiso horren haritik herritar guztiei dei egiten die guztiek eman dezaten pauso bat aurrerantz, euskara indarberritzeko. Indarrean eta indartsu nahi baitugu euskara Andoaingo gizarte-bizitzan eta Andoaingo etxeetan, gaur den baino indartsuago ikusi nahi baitugu gure herrian. Gaur entzuten den baino gehiago entzun dadila gure kale, denda, taberna, lantoki, eskola eta elkarguneetan. Horixe dugu amets. Euskaraz ez dakitenek euskara zerbait ikasteko pausoak ematea eta euskaraz badakitenek eguneroko bizitzan naturaltasunez ahalik eta gehien erabiltzea baita euskara indartzeko bidea.

Denon artean egin behar dugun bidea da hau. Badugu tresna egoki bat guztion zerbitzura: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Elkarlana behar dugu Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko helburuak eta ekintzak aurrera eramateko; elkarlana herrian arlo ezberdinetan lanean ari diren era guztietako elkarte eta erakundeen artean. Horregatik eta horretara dator Udalaren konpromisoa, honako hau: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren garapenerako Euskararen Aholku Batzordeari bultzada sendoa ematera goaz buru-belarri jardun dezan. Andoainen euskalgintzan diharduten elkarteekin elkarlanean eta Andoaingo gizarte-bizitzan protagonista diren askotariko elkarteen partaidetzarekin egingo dugu hori.

2012ko abenduaren 3a izan bedi konpromiso hori guztiok hartu eta indartuko dugun eguna, izan bedi elkarlanerako bultzada, orain arteko lanari indarberriturik jarraipena emateko abiapuntua, alegia.

Andoainen, 2012ko abenduaren 3an.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!