Afrikako dantzekin gozatzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 18:57

Julio Ngobene (Mozambike, 1983) Afrikako dantza irakaslea da. Donostian bizi da orain bi urte, Afrikatik etorri zenez gerotik, eta orain ez asko Andoain ezagutzen hasi da. Andoaindarra abegi onekoa dela iritzita, Zuena elkartearen eskutik bertakoentzat ikastaroa antolatzeko gogotsu dabil.

Elkarrizketa:



Zein asmorekin zabiltza?
Julio Ngobene: Afrikako dantza ezberdinak ikasteko taldea osatu nahi nuke Andoainen, Zuena emakumeen elkartearekin batera. Astean behin izango litzateke, gutxienez zazpi laguneko taldea osatuta. Ikastaroan zer erakutsiko den ikusteko, dantza erakustaldi bat egitea pentsatu dut azaroaren 26an, ostegunarekin, 19:00etatik 21:00etara.

Zer dantza mota erakutsiko duzu ikastaroan?
J.N: Afrikako dantza tradizionalen nahasketa bat izango da, gutxieneko ezagutza izateko moduan. Alegia, dantza tradizionala alde batetik, eta gaur egun kalean gazteek dantzatzen dituztenak bestetik. Nagalanga, Xigubo, Semba, Kina Mamane… dira horietako batzuk. Azken batean, oso dantza askea izango da. Izan ere, irakasleak oinarrizko dantza erakutsi behar du, eta hortik aurrera ikasleak berea jarri behar du; norberak bere dantza sortu behar du. Era horretan, zenbat ikasle hainbat dantza sortzea izango litzateke idealena.  

Zer musika mota eskatzen du dantza horrek?
J.N: Perkusioarekin sortzen den musika. Hain zuzen, danborra, bonboa eta kadentziak dira oinarrizko musika tresnak. Kadentziak danborraren antza dute, baina txikiagoak dira; eurak dira musikaren erritmoa daramatenak.    

Zer ezaugarri bete behar lituzke ikasle izan nahi duenak ikastaroan?
J.N: Dantza egiteko gogoa duen edonor gonbidatuko nuke. Etor daitezela adin eta ideia ezberdinetako pertsona guztiak, lotsak etxean utzita. Azken batean, ez da mugarik jarri behar musikaz eta bizitzaz gozatzeko. Aske utzi behar da gorputza, nahi duena adieraz dezan. Gorputzarekin gauza anitz adieraz ditzakegu.
Topikoa al da Afrikan musika eta dantza beste modu batera bizitzen dela?
J.N:  Topikotik gutxi dauka esaerak. Afrikan haurrak jada bizpahiru urte dituztelarik hasten dira gerriak-eta astintzen, gorputzean berehala txertatzen zaizkie erritmo dantzagarriak. Musika ulertzeko, gorputza mugitzea beharrezkoa dela berehala ulertzen dute.
Mozanbiken, esaterako, irratia piztuta edukitzen dugu egun osoan eta nonahi (etxean, kalean, lanean, autoan,…). Izan negu, izan uda. Baliteke, uneren batean, eskuartean daukazun eginkizunak ez uztea dantza egiten, baina besterik ez bada, burua mugituko du mozambiketarrak; nahi gabe ere barrutik ateratzen zaio dantzaren erritmoa eramatea. Zoriontsu izaten eta bizitzaren nahigabeak umorez hartzen laguntzen dizu jarrera horrek.

Zerrori nola iritsi zinen dantza irakasle izatera?
J.N: Oso gaztetatik Germano Maka dantza jakitun handia irakasle izateko zoria izan nuen. Makina bat dantza erakutsi zizkidan. Eskolara joan ezinda etxean geratu behar izaten nuenean ere, nigana etorri eta kalera ateratzen ninduen. Izugarri gustuko nuen dantza egitea, eta urtetan, beti atzean jartzen nintzen taldean, aurrean neuzkan dantzariengandik ikasten joateko. Ikasketa prozesu horretan, tarteka, motxila bizkarrean hartu eta beste herrietara ere abiatzen nintzen. Ogi puska janez eta zumoa edanez, beste dantza eta erritmoetan murgiltzen nintzen.

Nolaz eta zergatik etorri zinen Euskal Herrira?
J.N: Orain bi urte etorri nintzen hona. Bi arrazoi zirela medio, batez ere. Gaztetan asko bidaiatu nuen Afrikan zehar, eta horrek gauza asko piztu zizkidan; besteak beste, begiak erne edukitzen eta zureak ez diren beste kulturekiko eta tradizioekiko jakin mina eta errespetua edukitzen. Bestalde, Afrikan, telebistak Europaren irudi jakin bat transmititzen dizu; mauka da hemengo bizimodua, dena da urrezko. Europan ibilitako afrikarrek ere alderdi polita besterik ez dute deskribatzen; nik horiei beti eskatzen nien alderdi itsusi eta gaiztoagoak ere kontatzeko.
Bateko eta besteko arrazoiak zirela medio, Europarako jauzia egitea erabaki nuen, beste mundu hori neure begiekin ezagutzeko.
Euskal Herriaren kasuan, ohartu naiz bere hizkuntza eta kultura daukala; gaztelera ez dela Espainiaren hizkuntza bakarra, eta badirela beste hainbat errealitate Real Madrid eta Bartzelona taldeetatik aparte. Euskara ikastea, esaterako, nire erronketako bat bihurtu da egun.

Eta zerk ekarri zaitu Andoainera?
J.N:  Behin, Donostian trena hartu eta Andoaingo geltokian geratu nintzen, itsu-itsuan. Andoain ez nuen inondik ere ezagutzen; baina, barruko zerbaitek agindu zidan bertan geratzea. Goikoplaza aldera igo, eta hara eta hona ibili nintzen. Batekin eta bestearekin hizketan jardun, eta Andoaingo jendea abegi onekoa zela ohartu nintzen. Pentsatu nuen herri polita izan zitekeela Afrikako dantzak erakusteko. Horrela, Zuena emakumeen elkartearekin egin nuen kontaktua. Egun Hondarribian, Donostian eta Zumarragan ari naiz irakasten, eta gogoz jardungo nuke Andoainen ere. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!