2012ko aurrekontuen balantzea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 14:12

Hilaren 28 eta 29an, Amasa-Villabonako Udalak 2012ko aurrekontuen balantzea egin zuen herritarren aurrean.

Galder Azkuek, herriko alkateak, eman zituen 2012ko aurrekontuen inguruko azalpenak: “Krisiak, askok hala uste ez badute ere, udalei eta instituzioei zuzenean eragiten die eta hori aurrekontuetan nabari da”. Aurrekontuen balantzea hiru puntutan banatu zuen alkateak. Lehenik eta behin, Udalak dirua nondik jasotzen duen azaldu zuen. Ondoren, diru hori zertan gastatzen den eta amaieran, aurten egindako inbertsioen berri eta eztabaida  handiko gaia izan den zaborraren inguruko azalpenak eman zituen.

 

Gastuak

Gastuei dagokienean, gehienbat gastu orokorretan xahutzen da dirua, hots, mantenu eta konponketetan, ura, argia eta gasaren fakturetan, bulego materialean, etab. Horrez gain, gastu pertsonalek ere diru asko eskatzen dutela argudiatu zuen: “Gaur egun, Udalak, 38 langile ditu. Iaz, esfortzu handia egin genuen inor kalera ez bidaltzeko. Horregatik, gure zerbitzuetan mugimenduak egin genituen. Horrez gain, baja eta ordezkapenak ere azken momentura arte ez egiten saiatzen gara. Nire ustez, pultsu eta egoera txar hau jasan beharra daukagu eta ahalegin guztia egingo dugu jendea ez kaleratzeko”. Bestetik, zorrari dagokionean, Udalak zorra baduela baieztatu zuen: “Gaur egun, Amasa-Villabonako Udalak %5eko zorra dauka gutxi gora-behera. Legeak %25era artekoa ahalbidetzen du, beraz, esan liteke, zor hori kontrolpean dagoela”.

 

Inbertsioak

Bukatzeko, inbertsioez eta zaborraz mintzatu zen. Galderren ustez, “ia 6000 biztanle dituen herri batean inbertsioak urtero egin beharra daude, baina ez eraikin berrietan, oinarrizko mantenuan baizik”. Hori horrela, besteak beste, herriko farolak aldatzen hasi dira: “Argiteria aldatzera behartzen gaituen araudi bat dago eta poliki-poliki herriko farola guztiak aldatzen joango gara”. Gaur egungo egoera ona ez den arren, Udala “urte guztian lanean gogor aritu da eta uste dugu gauzak egin ditugula eta datorrenean ere egingo ditugu”, esan zuen Galderrek.

 

Zaborra

Azken aldian, atez ateko sistemaren inguruko gaiak izugarrizko eztabaida sortu du Euskal Herrian. Galder Azkueren ustez, “hori ulergaitza da”. Gaur egun dagoen sistemak Udalari %48ko defizita ekartzen dio. Garestitasun hau ez birziklatzearen ondorio da: “Tona bakoitzeko Udalak 140€ ordaintzen du. Gure ustez, bizilagun bakoitzak sortzen duenaren araberako portzentajea ordaindu behar du eta horretarako sistema aldatu beharra dago”.

 

Etorkizunera begira…

Gaur, hilak 30 ostirala, ekarpenak jasotzeko galdeketa orri bat banatuko da herritarren buzoietan. Galdeketa orri honen bidez, herritarrek 2013rako aurrekontuei begira ekarpenak egin ahalko dituzte. Orri horiek Udalari helarazteko, abenduaren 3tik 14ra  herriko hiru puntutan kutxa batzuk jarriko dituzte: polikiroldegian, udaletxeko sarreran eta osasun zentroan hain zuzen. Era berean, herritarren ekarpenak zuzenean jasotzeko edota zalantzak argitzeko Udal Gobernuko ordezkariak udaletxean izango dira jendaurreko arreta eskaintzeko. Ordutegia ondorengoa izango da:

 

-Abenduak 11, goizez, 10:00etatik 13:00ak arte.

-Abenduak 12, arratsaldez, 17:00etatik 20:00ak arte.

-Abenduak 13, arratsaldez, 17:00etatik 20:00ak arte.

 

Azkenik, prozesu guztia amaitu ondoren, datorren urtarrilean, beste agerraldi bat egingo dute herritarrei prozesuaren ebaluazioa jakinarazteko. Beraz, 2013ko aurrekontuen aurkezpena otsailera arte luzatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!