Stop Desahucios Gipuzkoa, Buruntzaldean laguntzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 10:27

Donostia aldeko Stop desahucios ekimeneko bi ordezkari hizlari aritu ziren Andoainen, aurreko astean.

Andoaingo herritar talde batek deituta, Iker Apilanez eta Rosa Garcia Stop Desahucios Gipuzkoa taldeko kideek hitzaldia eskaini zuten Urigainen. Hizlariek aitortu bezala, “hitzaldia emateko asmoa izan dugu gizarteak bizi duen dramaz, arazoa bere testuinguruan kokatzeko”.

Andoaindarren artean gaiari buruzko kezka zenbaterainokoa zen jakin ahal izan zuten horrela. Desjabetzeei aurre egiteko pertsonak egon badaude Andoainen eta azken hilabeteotan sinadura bilketa egiten aritu dira. Dagoeneko 1.100 sinadura lortu dituzte Andoainen bertan.

Arazoa larria delako, baita Andoainen ere. Estatistikari erreparatuz gero, ordaindu ezinik etxea galtzeko zorian dauden familiak bat baino gehiago izan daitezke. Urigainen bertan Andoaingo Caritasek kasu erreal batzuen berri eman zuen, “herrian gutxienez sei dira aurten desjabetze arriskuan egon diren kasuak”. Caritasek emandako laguntzari esker, desjabetzea gauzatzeko bide judiziala eten egin ahal izan da.

Hitzaldiaren hasieran gizartean lehen mailako arazo bilakatu den aferaren inguruko datu orokorrak eskaini zituzten, bertaratu zirenak arazoaren dimentsioa zenbaterainokoa den ohar zitezen. Larrialdiari erantzuteko elkartasuna bide eraginkorra bilakatzen ari da. Zeregin horretan, Stop desahucios ekimena adin eta joera ezberdinen topaleku bilakatu da. Denek ere bere ahalegintxoarekin gizarte mailako arazo larriari aurre egin nahi diote. Kideen artean gazte jendea dago, eta baita jubilatuak ere.

Bulego lanak, abokatu lanak, komunikazioari dagozkionak,... desjabetzeen aurka sektore ezberdinetako jendartea bildu da. Egoeraren larritasuna handia izanik, Donostian behintzat laguntzeko prest dagoen jendea hurbilduz doa pixkanaka, “lantaldea handituz doa, eta geroz eta jende gehiagori laguntzeko ahalmena daukagu”.

Donostian lantaldea indartsua da eta Gipuzkoan zehar antzeko taldeak sortu nahiko lituzkete, “dagoeneko gure antzeko kolektiboak sortu dira Bidasoan edota Debagoienan. Andoain aldean zergatik ez? Izan ere, Andoainen etxea galtzeko zorian dauden kasu errealik ez dugu ezagutzen, baina hainbat egoera larrian  dagoela aurreikusi genezake”.

Iker, Rosa edo Toñi laguntza osoa eskaintzeko prest dauden ekintzaileetakoak dira. “Horrelakoetan egoera zail hori sufritzen ari diren familia horiei tratu pertsonala eskaini nahi diegu. Kasu horietan daudenei maiz kosta egiten zaie laguntza eskatzea, baina azken muturreraino iritsi aurretik guregana gerturatzea eskatuko genieke. Orain arte izan dugun esperientziaren arabera, egoera larrian dauden familien eta gure artean sinergia handia lortu da”.

Stop desahucios,
INFORMAZIOA:
672 083 593 (Andoain)
669 428 598 (Gipuzkoa)
stopdesahucios@plazan.net

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!