Trantsizio garaia gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 10:15

Frankismoaren inguruan azken urtetan indartu den gizarte mugimenduak bide berriak hartu ditu azken aldian. Errealitate hori adierazi zuten joan den asteetan Andoainen izan diren hainbat historialari, unibersitateko irakasle, legegizon eta gizarte eragilek.

Egun osoko jardunaldia antolatu zuen Lau Haizetara Gogoan elkarteak azaroaren 17an, Martin Ugalde parkean. Elkarte horrek Euskal Herriko hainbat talde memorialista biltzen ditu.
Azaroaren 23an, berriz, Goldatu eta Comuna gizarte elkarteek hitzaldia eman zuten Urigainen, Belabieta elkarteak antolatuta.

Egiaren batzordea
Euskal Herrian Egiaren Batzordea osatzearen aldeko argudioak eman zituzten Martin Ugalde parkean, egiaren eta justiziaren ikuspegitik beti ere; batzorde horrek ikertu gabeko giza eskubideen urraketa guztiak aztertu eta ondorioak ateratzea izango luke.
Carlos Villan eta Jorge Rodriguezek, Justizia Trantsizionala eta Egiaren Batzorde baten ezaugarriak aztertu zituzten, Santi Merinok gidatuta. Ondoren, "1977ko amnistia legea" izenburuko eztabaidari ekin zioten Felix Soto, Frantzisko Letamendia Ortzi, Migel Castells, Maria Garcia eta Maria Gonzalezek.
Arratsalde partean, Jose Maria Pedreño eta Patricia Aznarrek, "Euskal Herriko Egiaren Batzordea antolatzeko oinarri metodologikoa" izan zuten hizpide. Javier Antoni Burgos eta Juantxo Estebaranzek, berriz, Iturri dokumentalen gestiogintzaz jardun zuten. Jardunaldiei amaiera emateko, gizarte eragileekin mahai ingurua antolatu zen, Martxelo Otamendik gidatuta, Egiari Zor, Ahaztuak, Torturaren Aurkako Taldea, edota CNTko ordezkariek hartu zuten parte.
Trantsizioak eskainitako
inpunitaTEAren aurka
Josu Ibargutxi (Goldatu), Manuel Blanco Chivite eta Luis Picercus (Comuna) auzi argentinarraren aldeko ekimena hizpide hartuta, hizlari aritu ziren Urigainen.   
Hainbat urtetan ezkutatuta egon den zapalduen errealitatea ikertzea eta gizarteari jakitera ematea, hobi komunak topatu eta azaleratzea, eta omenaldi ekitaldiak egitera bideratu dituzte indarrak gizarte eragileek orain arte. Bada, ekimen horiek ahaztu gabe, urrats bat aurrera egin dute talde memorialistek, justiziaren aldeko ekimenei helduta.
Argia da horretara eraman dituen gogoeta: Franco hil ostean eman zen prozesu politikoak (trantsizioa) iruzur hutsa izan zen gizartearentzat. Diktadura sustengatu zuten botere politiko, judizial, militar edo eta polizialarekin hautsi beharrean, horiekin hitzarmena sinatu zuten alderdi politikoek, Moncloako hitzarmenen bidez. Militarri beldurra, boterea ukitzeko gosea eta beste hainbat arrazoi -agerikoak eta ezkutukoak- zirela medio, bazter batean utzi zituzten 40 urtetan giza eskubideen aurka egindako gertatakari guztiak jakiteko eta horien errudunak epaitzeko aukera.
1977ko aministiaren legea berak, preso politiko antifrankistak kaleratu bazituen ere, bere helburu nagusia 40 urtez heriotza eta errepresioa eragin zuten estatu aparatuen inpunitatea lortzea izan zen.
Horrenbestez, garai haien inguruan oroimenaren aldeko gizarte eragile horiek egiten duten irakurketa ez dator bat, inondik ere, eredugarritzat jo izan den trantsizioarekin. Hain justu, uste dute frankismoarekin sinatu ziren hitzarmenetan daukala jatorria egun Espainiak dauzkan hainbat arazo: ustelkeri politikoa, justoa ez den justizia, etxebizitzen espekulazioa, gizarteak hautatu ezin duen monarkia…  
Espainiako estatuak, hainbat hamarkadatan emandako giza eskubideen urraketak ikertu eta epaitu nahi gabe jarraitzen duenez, Argentinako justizia epaitegien bidea hartu da. Hain zuzen, 1936an fusilatu zuten Lugoko alkate errepublikarraren seme Dario Rivasek kereila aurkeztu zuen Espainiako estatuaren aurka iaz. Argentinako epaitegiek ontzat eman eta ateak ireki dizkiote kereilari.
Estatu osoan kereila horrekin bat egitearen aldeko ekimenak sortzen ari dira azken aldian, horretarako zapalketa jasan zutenen testigantzak eta gizabanako atxekimenduak bilduz. Horien iritziz, alde daukate giza eskubideen arloan nazioarteko legediak agintzen duena, erail eta desagertarazitako pertsonen kasuak ezin direla preskribitu eta estatu batek ikertzeko bitarteko guztiak jarri behar dituela baitio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!