Herritarren arreta bulegoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 10:14

Urnietako Udalak prentsa ohar bidez iragarri duenez, “Bertan” Herritarren Arreta Bulegoak laster zabalduko ditu bere ateak. Udaletxeari itsatsita dagoen Denda Berri eraikinean kokatuko dute arreta zerbitzua.


Zerbitzu egokia emateko eta irisgarritasuna hobetzeko, eraikin hartako lehen solairuan obra batzuk egingo dituztela adierazi dute, “bulegora hurbiltzen diren herritarrek bi arreta gune topatuko dituzte. Pertsona bana egongo da gune bakoitzean”. Bilera gela bat ere egokituko dute. Horrez gain, Udalak herritarren esku ordenagailu bat eta inprimatzaile bat ipiniko ditu, beharra duen edonork doan erabil ditzan.

Telefono zenbaki berria
Zerbitzua martxan jartzen denetik nahikoa izango da 010 telefono zenbakia markatzea Udalarekin hitz egin ahal izateko. Udaltzaingoarekin jarduteko, berriz, 092 izango da telefono zenbaki berria.
Arreta zerbitzuaren ordutegia goizetik eguerdira luzatuko da, 07:30etatik  14:30etara zehazki, astelehenetik ostiralera.
Udalak adierazi duenez, “Bertan urnietarrek udaletxearen eskutik nahi duten oro eskatzeko jo beharko duten atea  izango da”.
 Arreta bulegotik hainbat eskaera bideratuko dira etorkizunean: lokalak etxebizitza bihurtzeko edo pertsona nagusien menpekotasuna balioztatzeko eskaerak; baita euskara ikasteko diru-laguntza eskaerak edota ikastaroetako izen-emateak ere, etab.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!