Ehun urteren atarian hil da Joxe Iruretagoiena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 09:56

Joxe Iruretagoiena, 36ko gerran Saseta komandantearen txoferra izan zena larunbatean hil zen, etxeko eskileretan erori ondoren hil zen, larunbatean. Ezin izango du azken aldian buruan zebilkien ilusioa bete, 2013ko urtarrilaren 1era iritsi eta ehun urteak betetzea, alegia.

Heriotza egunean bertan ere kalera irteteko ohiturari eutsi zion, bere ohiko paseotxoa egiteko. Kale Berriko etxebizitzatik irten eta Etxeberrieta auzorainoko joana etorri osatzen zuen egunero, bidean enkarguak eginez. Jendartekoa eta umila zen gizona, eta inoiz ez zitzaion irribarrea ezpainetatik joan. Nork ez amestu adin horretara halako osasunez eta umorez iristea?
Aiurri hamaboskariari eskaini zion elkarrizketan (2008/04/11ko 298. zenbakia), adintsu izateko “sekretua” azaldu zien irakurleei: “ura, bi edo hiru litro edaten dut egunero, eta gainera gaztetan gosea pasatutakoa naiz!”.

Joxe Iruretagoiena 2008ko apirilean egin zen ezagun komunikabideei esker. Orduan, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko komandante ospetsuaren gorpuzkinak Asturiasen topatu zituzten eta bere jaioterrira, Hondarribira eraman zituzten. Bertan hileta eta omenaldi hunkigarria egin zen, eta Joxe Iruretagoiena ekitaldiko protagonistetako bat bilakatu zen egun hartan.
Ituretagoiena kamioilari gisa hasi lanean gaztetatik, eta Euskal Ejertzitoan eman zuen izena bere anai Pedrorekin batera, 36ko gerra hasi bezain pronto. Loiola Batailoko gudaria izan zen eta Kandido Saseta, Juan Beistegi Lino Lazkano eta beste zenbait buruzagiren txoferra izatea suertatu zitzaion gerran zehar.

Garai hartako beste askoren antzera, ez zuen eskarmenturik gerra kontuetan, eta zenbait pasadizo barregarri kontatu izan zituen. Beizamako frontean gerraren hasieran Sasetarekin gertatua, horietako bat izan zen: “Militar kontuetan ezjakinak izan gu, faxisten aurka tiroka genbiltzala, izutu eta makur-makur jartzen ginen tiro baten hotsa aditu orduko. Hala esan zigun behin Sasetak: “Txistu egiten duten horiekin ez eduki beldurrik. Hotsik egiten ez dutenak dituk txarrak!”.

Gerra aurrera joan ahala, Saseta Asturiasko frontera eramatea tokatu zitzaion; 1937ko otsailean izan zen hori. Amaiur, Prieto eta Euzko Indarra batailoiak abiatu ziren paraje haietara, Ipar Frontea defendatzera. Borrokaldi latza izan zen Areces inguruan, eta ehun bat gudari hil ziren bertan, Saseta tartean. Iruretagoiena bizirik atera zen bataila hartatik, baina geroxeago Santoñan atxilotu zuten. Langile Bataloietan jardun behar izan zuen. 1940ean utzi zuten aske, eta Donostiara itzuli zen, bere jaioterrira. “Gorria” zenez, egundokoak ikusi zituen kamioilari gisa berriro lana topatu ahala izateko.  

1949an, Maria Barrenetxearekin ezkondu eta Andoainen jarri ziren bizitzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!