Musikari gorazarre Santa Zezilia egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 29a, 09:53

Aurreko astean Andoaingo musika eragileak kalera irten ziren Santa Zezilia eguna ospatzera. Musika Bandarentzat ez zen nolanahiko eguna izan, mendeurrenaren ospakizunetan sartuta baitaude bete-betean. Udal txistulari banda, Alberto Agirre abesbatza, Bastero Udal musika eskolako ikasle gazteak edota Aupa Kaletxiki txaranga ere kaleak alaitzen aritu ziren.

Santa Zezilia musikarien zaindaria da eta ondo gogoan daukate hori Andoaingo musikariek, aurreko egunetan ikusi ahal izan den bezala. Ekitaldi ugari antolatu dituzte Andoainen, eta musikazaletasuna sendo dabilen adierazgarri.
Aupa Kaletxiki txarangak aurrea hartu zion egunari, azaroaren 17an kalejira bikaina egin baitzuen kaleetan zehar. Pozik nabari zaie txarangako kideei, hainbat musikari gazte hurbildu baitzaizkie taldean parte hartzeko azken hilabeetetan.

Udal musika eskolako ikasle txikiak azaroaren 21ean irten ziren kalera. Basterotik abiatu eta Zumea Plazarainoko joan etorria egiteko asmoa zuten, baina ez zuten aterunerik topatu arratsalde osoan, eta derrigorrez, Juanita Alkain plazako aterpeetan eman behar izan zuten emanaldia, Katrin Iturralderen esanetara. Entzuleen gogokoa izan zen errepertorioa eskaini zuten.

Azaroaren 22a izan zen Alberto Agirre abesbatzaren eta Udal txistulari bandaren txanda. Kalejira baten eskutik, elkarrekin ospatu zuten eguna, Zumea Plazatik abiatuta. Astegunez eta ilunabarrez jardutea egoki zitzaien, baina hala eta guztiz ere entzule ugari topatu zuten bidean, osteguneroko pintxo potean parte hartzen ari ziren herritarrak batez ere.  

Musika eskolako bandak azkenik, joan den igandean ospatu zuen bere egun handia. Ehungarren urtebetetzea du aurtengoa, eta kontzertu berezia prestatzen aritu da azken hilabateetan.

Emanaldiari ekin aurretik, bandak bat egin zuen emakumeen kontrako erasoen aurka udalak eta herritarrek egin zuten bilkurarekin. Kalejiran egin zuen Bastero eta Goikoplazako ibilbidea.

Biribila eta hunkigarria irten zen ekitaldia, Basteroko auditorioan egin zena. Denetariko osagarriak bildu baitziren: kalitatezko soinua, dantza, Andoain herriarekin lotutako errepertorioa, historia duten irudiak, omenaldia bandako lau kideri…

Mirari Irurtzun irakasleak zuzentzen duen bandako bi kidek eman zioten hasiera emanaldiari, aurreskua dantzatuta. Errepertorioa Andoaingo martxekin osatu zen gehienbat; besteak beste, Goiburu (Pepe Andoain), Larramendi eta Santa Cruz (Eulogio Saldias), Sorabilla (Joxe Mari Oiartzabal).    

Emanaldian zehar bandaren historia agertzen zuten erretratu zaharrak ikusi ahal izan ziren pantaila batean, eta Xabier Huitzik ehun urteko historia jasoz egin duen idazlanaren zenbait pasarte irakurri ziren. Azkenean, bandako lau musikari beterano omendu zituzten: Luxio Aranburu, Jesus Mari Beristain, Juan Omeñaka eta Jose Luis Fernandez “Fitero”. Aranburu eta Omeñakak, hain zuzen, bandako kide gisa hirurogei urte beteko dituzte datorren urtean. Musikari lotuta, egunotan albiste da Joxe Mari Oiartzabalek konposatu duen doinua, Fernando Uribesalgori eskainitakoa. Hernaniko musika bandak estreinatu zuen aurreko igandean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!