Larunbatean aurkeztuko dute Zizurkilgo armarri berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 28a, 14:20

Urtebeteko prozesua amaierara iritsiko da larunbatean. Belateko kanoiak biltzen dituen armarri zaharra ordezkatuko duen armarri berria onartuko du Udalak osoko bilkuran. Horrez gain, hainbat ekitaldi egingo da armarri berria herritarrei aurkezteko.

Teodoro Hernandorena taldeak jarri zuen abian armarri zaharraren inguruko hausnarketa prozesua. Hala azaldu du Joxin Azkue kideak: "Duela urtebete inguru abiatu genuen bide hori. Hausnarketa horren ondorio nagusia honakoa izan zen: anaien arteko gudua eta gatazka irudikatzen dituen armarriak ez gintuela ordezkatzen. Armarri hori ordezkatuko zuen irudiaren bila hasi ginen orduan".

Herritarren parte hartzea nabarmendu du Joxinek: "Hiru zutabe nagusi izan ditu prozesu honek: Hernandorena taldea, herritarrak eta Arantzadi zientzia elkartea. Herritarren parte hartzea oso handia izan da eta horrek asko aberastu du prozesua. Emaitza polita izanda ere, hare eta politagoa izan da armarri berria adosteko erabili dugun prozesua". 

Larunbatean egingo dute aurkezpen ekitaldia. Teodoro Hernandorena taldeko lehendakaria den Julian Arrastoak  eman du antolatutako ekitaldien berri: "Ostegunean, Peio Monteano historialari eta soziologoaren hitzaldia izango dugu Atxulondon. Belateko kanoien inguruko azalpenak emango ditu. Larunbatean berriz, Udalak armarri berria onartuko du 12:00etan hasitako plenoan eta ondoren, herritarrei aurkeztuko zaie, Plazaberrin. Bertsoak, dantzariak eta jotak izango dira ekitaldi horretan. Trikipoteoa eta herri bazkaria ere egingo dira. Arratsaldean berriz, Fermin Balentzia kantautorearen kontzertua izango da Zimiterioan".

Joxe Mari Luengo alkateak ere hartu du hitza prentsa aurrean egindako aurkezpenean: "Herritik sortu zen armarria aldatzeko ekimena eta herriak eraman du prozesu osoa. Herriak erabakitakoa Udalak onartu egingo du larunbatean. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut ekitaldi horietan parte hartzera". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!