Pello Zelarain presoaren egoera salatu du Amasa-Villabonako alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 27a, 12:30

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, dagozkion erredentzioak aplikatuta, Pello Zelarain billabonatarrak uztailaz geroztik etxean behar lukeela azaldu du Galder Azkuek.

2012ko uztailean, Entzutegi Nazionaleko Lehenengo Salak arrazoia eman zion Pellori. Gauzak horrela, Pelloren askatasuna berehalakoa izan zitekeenaren aukera ireki zen. Baina Espetxe Zuzendaritzak dagozkion erredentzio horiek guztiak ez dizkiola aplikatuko azaldu zuen. “Espainiar Estatuan botere banaketa hain goraipatua denean nola da posible, arlo juridikoan gorenetakoa den epaitegi baten epaia Espetxe Zuzendaritzak ezbaian jartzea, eurek aho bero demokraziaren printzipioak hainbestetan aldarrikatzen dituztenean?”, galdetu du Azkuek.

Alkateak, egoera salatu nahian, Herrira mugimenduak deituta, ostegunero, iluntzeko 19:00etatik aurrera burutzen ari diren ekimen isiletan parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei. Udalaren ustez, “herritarren parte hartzea garrantzitsua da”. 

Bestetik, ostegun honetan, hilak 28, mozioa bozkatuko dute Amasa-Villabonako Udalean. Aurkeztutako mozioan, Pello Zelarainen berehalako askatasuna eskatuko dute, senide eta lagunei elkartasuna eta babesa adieraziko diete eta hainbat erakunderi aske uzteko eskaera egingo diote, besteak beste, Arartekoari, Gasteizko Legebiltzarreko Lehendakariari eta Villena espetxeko zuzendariari. Bukatzeko, Espainiako Gobernuari gatazka politikoan duen erantzukizunaren araberako pausoak emateko eskakizuna egingo diote.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!