Euskaraz bizi herrixka globalean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:09

Abenduaren 1ean Donostiako Anoeta estadiotik manifestazioa abiatuko da, euskararen aldeko aldarrikapenarekin. Horren harira, hurrengo bi iritzi artikuluak:

Oskar Elizburu eta Mertxe Mugika
AEK

Abenduaren 1ean euskal herritarrok hitzordua dugu Donostian, manifestazioa burutuko  dugulako, bertan, “Euskaraz bizi nahi dugu” lelopean.
Milaka herritar gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok; baina, zoritxarrez, milaka arazo aurkitzen dugu geure nahia betetzeko. Oraindik ere lan handia dago egiteke euskararen normalizazioan; hori azpimarratu du, duela gutxi, Europako Batzordeak berak , Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen ote diren aztertu ostean.
Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi esparru indartu behar dira: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal izateko guneak. Biak ala biak bultzatzen ditugu AEKn, jakina, eta horretxegatik egiten dugu bat manifestazio deialdiarekin.
Hizkuntza batean bizi ahal izateko, hizkuntza horren ezagutza ezinbesteko aldagaia da. Euskararen kasuan, ezagutza indizea  igo egin da azken urteotan, baina ez eragite nabarmenetarako beste: euskara ez dakitenen kopurua oso altua eta kezkagarria da oraindik ere. Bestalde, ezagutza indizearen barruan daudenak -ia euskaldunak, esaterako- erabiltzeko benetako gaitasunarekin zenbateraino bat datozen ere sakonago aztertu beharko litzateke.
Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, bere garaian, indar handia jarri zen haurren hezkuntzan, baina ia batere ez transmisioan; hau da, gurasoei begirako euskalduntzean, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean. Egindako zenbait ikerketaren  arabera, azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, eta horien herena euskaltegiei zor zaie, alajaina! Ametsetan hasita, zein egoeratan geundeke euskalduntze alfabetatzea buru-belarri bultzatu izan balitz eta, hezkuntzak euskaldundutako umeekin batera,indar berarekin eta neurri berean helduak euskaldundu izan balira?
Zalantzarik gabe, erabileran aurrera abiada egokian egiteko, hizkuntzaren ezagutza unibertsal bihurtu beharra dago, ezinbestekoa da ezagutza bermatzea. Horretarako, hartu beharreko neurrietariko bat da baliabideak jartzea, euskara ikastea doakoa izan dadin. Gaur egun, gezurra badirudi ere, herri honetan berezkoa dugun hizkuntza ikasteko ordaindu egin behar da. Gainera, bere garaian emandako pausu egoki batzuk  (azterketak gainditzeagatik jarritako bekak, administrazioko langileendako laguntzak eta liberazioak...) oso ondo baloratuak izan arren, eta doakotasunerako bidean ezinbesteko hobekuntzak izan arren, azken urteotan murriztu edota desagertarazi dira krisiaren aitzakipean. Helduen Euskalduntze Alfabetatzea da, euskaltegiok modu egokian bideratuta eta baliabidez jantzita, esparru administratiboan, sozialean eta lan-munduan ezagutza hori bermatzeko tresnarik eraginkorrena, baita erabilera eta normalizazioa bultzatzeko ere.
Bestalde, lehen aipatu dugun bezala, hizkuntza bat normaltasunez baliatzeko erabilera espazioak/guneak behar dira; haatik, tamalez, sarri askotan gertatu izan da, eskolak eta euskaltegiak euskalduntzeko guneak izan diren modu berean, kalea edota gizartea bera gai izatea jendartea erdalduntzeko. Euskarak, hortaz, erabiltzeko espazioak irabazi behar ditu, gune publiko zein pribatuak. Erabilerarako gune horiek toki publikoetan bermatzeko beharra ere hor dugu; euskara erabiltzeko benetako aukera eduki behar dugu, eta ez oztopoz jositako lasterketa edo proba. Esaterako, euskaraz bizi nahi dugunok erdarazko produktuak ditugu nagusi; besteak beste, telebista ikusi, zinema estreinaldiez gozatu edota zibermunduan ibili gura dugunean. Aisialdiarekin lotutako jarduera asko eta askotan, euskara bigarren mailan (edo atzerago) dago, eta egoera hori, noski, euskararen erabilera normalizatua lortzeko traba bihurtzen da.
Aipatutako arlo bi horiek lantzen ditugu AEKn, euskararen normalizazioan giltzarria den hirugarren zutabearekin batera, sustapena hain zuzen ere. Sustapenean, KORRIKA dugu ekimenik garrantzitsuena; bi urtean behin euskararen alde milaka lagunek betetzen dituzte Euskal Herriko errepideak. Datorren udaberrian, hain zuzen ere, 18. Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka pertsonak  omenduko ditu, euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, beraiek direlako euskararen berreskurapenean zutabe garrantzitsuenetariko bat. Izan ere, helduak euskalduntzen doazen heinean, transmisioan etenik egongo ez dela ziurtatzen ari gara. Ikasi eta baliatu nahi dutenek egiten duten ahaleginari esker, elkarbizitzarako aukerak sortzen eta denok euskaraz bizitzea ahalbidetzen ari dira.
Hau guztia premiazkoa eta lehentasunezkoa dela ikusi beharko luke hurrengo Jaurlaritzak, eta hori da, hain zuzen ere eskatzen eta eskatuko duguna. Beraz, orain arte esan dugun guztiagatik, inongo aitzakia barik, abenduaren 1ean denok Donostiara, “euskaraz bizi nahi dugulako”.

Euskaraz bizi herrixka globalean

Mikel Irizar eta Jasone Mendizabal Topaguneko presidentea eta zuzendaria hurrenez hurren
 

Globalizazioa
Oso urte gutxitan planetakoak bihurtu gara. McLuhanen iragarpen famatua orain ulertzen da, 50 urte beranduago. Mundua herrixka bat da, lehen guztiz exotiko zitzaizkigun parajeak eta errealitateak orain hurbilekoak ditugu. Handitu egin da munduarekin partekatzen duguna eta higatu berezkoaren esparrua.

Identitatea
Aurreko joerak berak piztu du beste bat orekatzailea: erabat uniforme izateari uko egin eta identitateari eustekoa. Eta hau akuilu bihurtu da izaera gordetzen duten komunitateentzat, batez ere berezko hizkuntza dutenentzat. Globalak ez diren hizkuntzak –hau da, ia guztiak– aldarrikatzen dira gero eta gehiago. Uholde globalari eusteko, norberetik eta norberaren hizkuntzan.

Amarauna
Globalizazioaren tresna nagusia hedabide gobalak izan dira, horiei esker bilakatu da herrixka lehen planeta zena. Sare laukidunak lotzen gaitu munduarekin, hurbilekoa eta urrunekoa maila berean jarrita. Aldiz gure egunerokoa hurbilean gauzatzen da zati handian, oraindik. Sare laukidunean baino, amaraunean: gu erdigunean, hurbilekoa ondoan, urrunekoa harago. Hedabideak behar hurbilekoa kontatzeko.

Euskara
Euskaldunon berezko hizkuntza, mende luzez ahuldua batzuk eta besteek, azken hamarkadetan suspertu nahi duguna. Badu gaitasunik, ari da irabazten hiztunak eta esparruak, behar du bere komunitatearen nahia. Behar du euskalduna jabetzea euskarak nortasuna ematen diola munduan egoteko.

Euskara herria
Euskararen herrian orain minoria da bere hiztunen komunitatea. Ez da bilakaera naturala izan, behartua baizik. Eta ez da derrigorrezkoa, ez eta atzeraezina ere. Kontua da eraginen norabidea aldatzea eta alde jartzea, euskara bizi dadin. Hiztunen nahia behar da horretarako. Euskaldun bizi nahi sendoa eta konbentzimendu handia. Eta –zer esanik ez– aukera berdintasuna, baldintza egokiak, ahalmendunaren bulkada...

Euskara elkarteak
Komunitatearen nahiak sortu zituen, euskaraz bizitzeko esparruak behar zirelako. “Arrasate Euskaldun Dezagun” jarri zion bere buruari izena sortu zen lehenak. Ezin argiago. Euskaraz bizitzeko, herria euskaldundu. Arrakasta izan zuen asmakizunak, eta ziento bat elkarte sortu da harrezkero, beste horrenbeste herritan.

Toki hedabideak
Denek ez zuten McLuhan ezagutuko, baina euskara elkarteek argi ikusi zuten amaraunaren premia. Gutaz eta hurbilekoaz jarduteko hedabideak, gure hizkuntzan. Informazio uholdearen baitan komunitate irauteko, euskaratik. Berriro arrakasta, eta dozenaka toki hedabide sortu ziren 90eko hamarkadan, erdaretan zeudenei nagusituz. Lehia irekian urrezko domina irabazi zuen hor euskarak. Ez ditu asko bitrinan.

Batera
Herriz herriko elkarteak indartzeko sortu zen Topagunea duela 15 urte, eta toki komunikabideak bateratzeko eratu da TOKIKOM aurten. Batera hobeto eragiteko. Eta Kontseiluan ere helburu berarekin ari gara. Euskara herrian gero eta indartsuagoa izan dadin euskararen nahia, euskaraz bizi nahia.

Hain zuzen horregatik deitzen dizugu abenduaren 1ean Donostiara joan gaitezen: aukera berdintasuna, baldintza egokiak eta nahikotasuna lortzeko, bagarela eta izaten jarraitu nahi dugula indarrez adierazteko. Herrixka globalean euskaraz bizi nahi dugulako.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!