Martin Ugalde ipuin lehiaketaren irabazleak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:07

Lau saridunen poza, lau idazle gazteren ekimena:

Martin Ugalde ipuin lehiaketaren edizio guztietan ezusteko atseginak izaten dira. Kemena eta imaginazioa ez da falta izaten, eta horietatik guztietatik epaimahaikideentzat onenak direnak saritzen dituzte. Aurreko Aiurrin irabazleen eta finalisten berri ematen zen. Oraingoan saridun haietatik guztietatik, lau irabazleren adierazpenak.

Yasmin Ahamjik
16-17 urteko D mailan Yasmin Ahamjik Lorenzo izan zen irabazlea. Maila handiko lana dela aitortu zion epaimahaiak. Yasminak saria jaso zuenean, adierazpen polita eskaini zien Basterora hurbildu zirenei. Arretaz irakurtzea merezi du, “Ezin dut sinetsi, ipuinean idatzitakoa gertatu zait. Nire kontakizunean ordularia gelditu egin zen, eta saria jaso nuela esan zidatenean ere halaxe gertatu zitzaidan. Irakasleak abisua eman zidanean, txantxatzat jo nuen. Ez nuen uste nire lana horrenbeste baloratuko zutenik. Eta hori niretzat saria bera baino askoz baliotsuagoa da. Lan hau egitea ez da batere erraza izan niretzat. Ama hizkuntza gaztelania dudalako, batetik. Eta, bestetik, denboraz larri ibili naizelako. Ipuina idatzi nuen eguna urriaren 7a zen, Kilometroak Andoainen. Jaian parte hartzeko asmoa neukan, baita idaztekoa ere. Baina kalean jende piloa zegoen, idazteko kontzentratzea ezinezkoa zitzaidala. Zeozer egin behar nuen. Leku lasaiago batera joatea erabaki nuen, baina toki lasai hura aurkitzea ez zen erraza izan. Azkenean amonaren etxe baketsura joatea erabaki nuen, eta horixe izan zen nire ipuineko ganbara lasaia. Oihurik gabekoa. Hasieran beste ipuina nuen idatzita baina ez nekien nola jarraitu. Halako batean hormako ordulariari begira geratu nintzen, geldi zegoen. Eta orduan ipuina aldatzea erabaki nuen. Eskerrik asko, amona".
Saria jaso ondoren, Aiurriri egindako elkarrizketatxoan, irakasleei emandako laguntza eskertu nahi izan zien. Saridunak, ama hizkuntza gaztelania izan arren, euskaraz idazteko ahalegin horretan "ahal dudana egiten saiatu nintzen" adierazi zuen.

Maria Gomez
Maila gorenean Maria txapeldun-orde izan zen. Gogoko du idaztea, beraz, saria jasotzea geroan ere idazten jarraitzeko asmo horretan lagungarri izango zaio: “Psikologia oso gogoko dut eta horretan oinarritu nintzen. Ainhoa izeneko neska bat psikologoa da eta kontsultan bezeroaren bisita jaso zuen. Tratu txarren arazoa landu dut, baina irakurleak ipuinaren amaieran ezustekoa hartuko du”.

Uxue Mikelarena
14-15 urtekoen C mailan Uxuek bigarren saria eskuratu zuen, pil pilean dagoen gaiarekin: etxeen kanporatzeak edo desahuzioak, “telebistan maiz ikusten ditugu etxeen kanporatzeak, eta hori dela eta lehiaketarako gai egokia iruditu zitzaidan. Gizonezko bat protagonista hartu nuen, neskarekin gazteetan izan zuen egoera azaltzeko. Haien sentsazio eta sentimenduak kontutan hartu nituen. Pil pilean dagoen gaia da; hortik abiatuta nire imaginazioa martxan jarri nuen.
Bigarren urtez jarraian saritu dute, eta horregatik ere ilusioz beterik zegoen. “Laster idazle edo hasi beharko dut”, adierazi zuen erdi txantxetan.

Joxe Ramon BERRONDO
12-13 urtekoen B mailan, abenturaz beteriko ipuina idazteagatik bigarren saria jaso zuen. Leitzaran bailaran kokatu du abenturazko ipuina, "orain dela gutxi Burdina taldean sartu naizelako eta ekimen hori oso gogoko dudalako". Ipuinean Goiburuko bost mutiko misterio bat argitzera doaz Bizkotx aldera.

Bideoa: www.aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!