Leyçaur ikerketa historikoen aurkezpen ekitaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:06

Aurreko astean aurkeztu zuten Basteron Leyçaur Andoaingo ikerketa historikoen liburua. Lanen egileen aurkezpen ekitaldi atsegina izan zen, bideoekin eta audio artxiboekin uztartu zutena.
Argitalpen honekin Andoaingo Udalak dagoeneko hamairu liburu argitaratu ditu, denera 68 azterlan bilduz. Aurtengoan lau ikerketa lan bildu dituzte.

Ikusleentzat gozamena izan zen Basteroko ekitaldi aretoan antolatu zuten ekitaldia. Zuzeneko musika, No-Do artxiboaren bideoa, ezizenak gogora ekartzen zituen audio artxiboa,... barre eta algara artean amaitu zen ekitaldia, Jose Ignazio Okiñenak ezizenak aipatzen hasi zenean. Aurtengo liburuan Udal artxiboak lau ikerlan argitataru dituzte.

Alfredo Moraza
Andoaingo karlista garaiko gotorlekuak hizpide, Arantzadikoak egindako lanaren azalpena eskaini zuen; “gure azken helburua Andoaingo ondareari buruzko atal ezezaguna gurera ekartzea zen. Karlistaldien harira, lan asko egin dira. Karmele Otaegirena aipa daiteke, besteak beste. Guk arkeologook ofiziozko defektua dugu, batzuk gizarteari begiratzen dioten bezala guk harriei erreparatzen diegu. Batzuk zerura eta hegaztiei begira ibiltzen dira, gu ordea lurrera begira bizi gara”.
Andoainen iaz Allurralden kokatzen den Zumalakarregiren gortorlekua aipatuz hasi zen, ironia erabiliz: “Aberatsak ginen garaian saihesbide berri bat egin behar zutela erabaki zuten. Saihesbide hori egiten hasiko balitz izango lituzkeen afekzioak aztertzen hasi ginen”.
Denera Andoaingo hamabi gotorleku arakatu dituzte. Interesatuari, ordea, zera ohartarazi zien: “mendira joaten denak zerbait bilatu nahi badu, argi izan dezala ez duela ezer ikusgarririk topatuko. Azkar eta korrika egindako eraikuntzak ziren”. Alegia, ez daudela zutik. Haien arrastoak geratzen dira, arkeologien harridurarako “ez genuen uste hamabi horien guztien aztarnak aurkitzea”.
Andoaingo ondarea osatzen duen puzzle horretan atal bat dela aipatu zuen, amaitu aurretik. Aurkezpen ekitaldian musikak hartu zuen lekukoa.

Xabier Huitzi
Ekainaren 14an ehun urte bete dira Andoaingo Udalak Andoaingo Musika eta bandaren araudia onartu zuenetik. Alkatea Juan Bautista Larreta zen eta udal idazkaria Clemente Balda. Ia egitasmoa guztiak bezala, ekimen hura ez zen egun batetik bestera sortu.
Indartzen joan zen ekimena eta horren harira, aurkitu duten Andoaingo Musika Bandaren agiri zaharrena 1867koa dela adierazi zuen, ekainaren 30eko data duen ordainagiria: “Dirección y enseñanza de la charanga creada en esta villa”.
Huitzik adierazi zuenez, “saiatu naiz Andoaingo Bandaren historia musikagileen begietatik begiratzen”. Ezinbestekoa iruditu zitzaion Eulogio Saldias aipatzea. 1876an bigarren karlistaren ondorioz eliza organo jolerik gabe geratu eta berak plaza hori betetzea eskatu zuen. Horri esker hasi omen zuen herriari eskainitako ibilbide musikala, “Saldiasek lortu zuen musikazaleek errepertorioa zabaldu eta Banda ahalik eta ekitaldi gehienetan ager zedin, herritarren aurrean izen ona irabazi asmoz. Ona litzateke Eulogio Saldiasen ikerketa egitea, Eresbilen euskal musikaren artxibategi nagusian bere esku izkribu bakarra aukitu dugu, Comedia o juguete lirico en un acto izenekoa, orain arte inork jo ez duena eta orain arte inoiz jo ez dena”. Bertaratu zirenak pieza hori lehen aldiz entzun izanaren lekuko bilakatu ziren, Myryam Ulanga pianojolearen eskutik.
Ikerketaren egileak adierazi zuenez, “Andoaingo oraingo musika banda Eulogio Saldiasen asmo, gogo eta nahia izan ziren”. Huitzik, bidenabar,  helburu bat du lan hau argitaratzean, hausnarketarako tartea irekitzea: “Nire lanean ederki asko ikusiko duzuen bezala, historialaria baino formazioz eta bokazioz filosofoa naizela ikusiko duzue. Eta hori ondo aski antzematen da lan hau burutzeko esku artean izan dudan bibliografiari erreparatuz. Historia eta historiak kontatzeaz gain, hausnartzea eta hausnartaraztea izan da lan honen helburua. Banda musikaren ate leihoak zabaldu nahi izan ditut”. Amaitu aurretik zera gaineratu zuen, “iraganari baino orainaldiari dagokio Bandari etorkizun oparoa eskaintzen jarraitzea”.

Victor Placencia
Andoaingo lantoki historikoak Algodonera edota Laborde izan dira, eta haiek guztiak Leiçaur atalaren argitalpen ezberdinetan argitaratu izan dira. Ez zen hori Saparen kasua.
Aurten 75 urte beteko dira Sapa Andoainen txertatu zenetik eta egileak, arbasoak enpresaren jabegoan dituenak, enpresa txertatu zuteneko lehen mende erdia kontutan hartu du bere ikerketa lanerako.
Placencia de las Armas (Soraluze) eta Andoain herrien arteko lotura ere aipatu du bere ikerketan, hango hainbat biztanle hona etorri baitzen lanera.
Egileak Sapan film bat grabatu zela jakin badaki, baina film hori hori lortu ez izanaren pena dauka. Hala ere, No-Don behin agertu zen, Francoren bisita jaso zutenekoa. Eta bideotxo hura Basteron eskaini zuten.

Jose Ignazio Okiñena
Aurkezpenerako trebezia handia erakutsi zuen Okiñenak, ikusleen artean barre eta algarak sortuz. Azalpen argiak eman zituen, “denok dakizuenez, pertsonak egunerokoan identifikatzeko ezizenak erabili ohi dira. Andoainen ere halaxe da. Gure herriaren historia ez ofiziala edo xehearen parte izan dira ezinezak. Jokaera hori desagertzeko edo ahazteko aukera dago nire iritziz, eta galera litzateke.
Premiazkoa da lan hau argitaratzea, gure ondare kulturala iraunarazteko balioko duena.
Ezizen batzuk politak dira. Dexente dira, ordea, iseka kutsu edo bete-betean iraina bere baitan gordetzen dutenak. Goitizenaren erabilera ez da gauza zeharo baketsua izan, eta batzuetan auzotarren arteko liskarrerako iturburu izatera heldu dira.
Pertsonen intimitateari eta duintasunari zor zaion errespetua dela eta, aipamen pertsonal eta izendun identifikaziorik ez dugu jaso”.
Okiñenaren iturburua Andoaingo kaleetan aurkitu du, ahozko tradizioari erreparatuz. Andoaingo barren barrena arakatu du, memoria handiko pertsonen lana nabarmenduz. Haiei guztiei esker berezia eman nahi izan zien.
Ezizen batzuk aipatu zituen, eta orduan iritsi ziren ekitaldiaren unerik dibertigarrienak.
Erlijioarekin zerikusia duten ezizenak aipatu zituen: Jaungoikua, Kristonekua, Ama Santisima, Sorabillako Ama Birjina, Fraile, Apaiza, Herejias edota Oremus.
Besteak, janariarekin lotuta, menu osoa osatzeraino: Pepinillo, Pottaje, Merluzo, Barbo, Eskallu, Bakailu, Bixigu, Txuletas, Bombon, Gasesoas, Domeq.
Jose Maria Amutxastegik bere garaian, zendu aurretik, egindako lana gogoan izan zuen. Bere ahotsa entzuten den grabazio baten zatitxoarekin amaitu zuen bere aurkezpena.
Liburuaren irakurleei irri egiteko eskatu zien, norberak ezizenak irakurtzean bere etxeko edo inguruko baten bat aurkitzen badu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!