Masajeak Oihana Albisuren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:05

Indiako bizi-filosofiak erakarrita, medikuntza alternatiboek eskaintzen dituzten onurak ikertzeari ekin zion.



Masaje ayurvedico-a zer arraio den askok galdetuko zizuten, honezkero…
Bai, askok; batez ere terapiaren mundua gehiegi ezagutzen ez dutenei arrotza egiten zaie. Ayurveda-k bizitzaren zientzia esan nahi du. Indian orain 5.000 urte edo jaio zen medikuntza da. Gizakia, gorputza eta burua edo izpirituaren batuketa dela iruditzen zaio.  

Zertan oinarritzen da masaje mota hori, beraz?
Bere azken helburua, organismoaren oreka berreskuratzea eta buru zein gorputz osasunari eusten laguntzea da.
Gizakiaren gorpuzkera edo fisikoa kontuan hartzen du, noski, baina emozioak eta espirituak garrantzi handia hartzen dute berarentzat. Faktore horien arabera ematen zaio masaje ayurvedico-a pertsona bati. Horretarako, olio mota ezberdinak erabiltzen dira. Oso erosoa da; ez da batere erasokorra, eta izugarri erlajatzen du.

Bezero bat etortzen zaizunean, nola hartzen duzu?
Bi motatako bezeroak hurbiltzen dira normalki. Gorputzeko atal jakin batean mina sentitzen duena, batetik. Horri, minbera duen atalean emango dizkiot masajeak, baina ez naiz horretara mugatuko. Medikuntza txinarraren antzera, ayurvedico-ak ere puntu erreflejuekin jokatzen du; hau da, gorputza modu integral batean lantzen du, eta beraz, printzipio horien arabera aplikatuko dizkiot masajeak nik ere.    
Bestetik, estresatuta nahiz urduri dagoena, edo besterik gabe konbentzionala ez den masajea probatzera datorren bezeroa dago. Horiekin haratago joan naiteke, eta esaterako, elkarrizketa lasai baten bitartez bere gabeziak, beharrak… jorratu litezke.

Sikologiak, emozioek… badute garrantzia zure lanean, beraz…
Urte mordoa daramat terapia munduan, nortasunak, giza jarrera edo erreakzioak aztertzen, nigandik hasita, eta dagoeneko nahiko ondo ikasi ditut gizakiek erakusten ditugun jakineko profilak. Zera esan beharra baitago: denok ezberdinak garen arren, gauza asko dauzkagula amankomunean. Izan ere, bizitzako eguneroko egoeratan ia jokaera patroi berdintsuak jarraitzen ditugu denok ere.
Pertsona bat aurrez aurre ikusita, bere arpegiaren itxuran, edo gorputzaren tamainan, ile tankeran, hizkeran, kenuetan eta beste hainbat ezaugarri pertsonaletan erreparatzen dut bere giza erretratoa, gutxi gora beherakoa, egiteko.

Zergatik hasi zinen masaje mota honekin, eta noiztik daramazu?
Medikuntza konbentzionala gizakiaren alderdi askotan erren geratzen dela eta, medikuntza alternatiboak ikertzea eta haiekin esperimentatzea izan dut gogoko beti. Indiako kulturan barrena nenbilela, masaje ayurvedico-ak izugarri erakarri ninduen halako batean, gizakiaren burua eta bere emozioak bereziki hartzen zituelako kontuan. Masaje emaile bezala, orain bost bat urte hasi nintzen.
Denborarekin, Reiki irakaslea, kinesiologoa eta naturopata izatera ere iritsi naiz.

Non daukazu kontsulta?
Donostian aritzen naiz, eta orain asko ez dela Andoainen ere hasia naiz, Xixori belardendan.

Zuena elkarteko ikastaroa abian jarri duzu, dagoeneko…
Bai, kopuru egokiarekin; zortzi lagunekin hain zuzen. Jende gehiago hurbilduko balitz interesa agertuz, gustura sortuko nuke bigarren edo hirugarren talde bat

Zer moduz orain arte?
Lehen ere eman izan ditut tailerrak Donostian. Eskarmentu pixka bat badaukat arlo horretan, eta oso pozik egoteko moduan nago oraintxe Andoaingo talde honekin. Masaje konbentzionalagoa izan zitekeela pentsatu arren, jakin minez eta izaera irekiarekin hurbildu dira ikastarora, eta nik horrelako pertsonak ditut gogoko: alegia, bide berriak eta ezezagunak esploratzeko jakin mina sentitzen dutenak. Izan ere, asko baitaukagu ikasteko bizitza honetan, asko ikasteko geure buruarengandik hasita. Ausartak izan behar gara une jakin batean erakarri gaituen bide berri hori urratzeko; aldez aurretik ez dakizu noraino eramango zaituen, eta ezjakitasun hori pizgarri izan ohi da bideari ekiteko.
Jakinminak eraman ninduen masaje ayurvedico-a probatzera, eta egia esan, mundu zoragarria deskubritu nuen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!