Makillaje ikastaroa Miren Perezen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:04

Hirugarren urtea du Miren Perezek automakilajeko ikastaroa ematen ari dela Zuena elkartean.


Zein motatako jendea hurbiltzen da ikastarora, eta zein asmorekin?
Aurten hamar laguneko taldea osatu dugu, 30-60 urte artekoak. Eurek beren burua egoki makilatu nahi izaten dute.
Aurreko bi urtetan oso giro jatorrean jardun dugu, eta aurten ere halaxe hasi gara. Barrerako ere hartzen dugu denbora, oso garrantzitsua baita hori.  

Zer eraskuten duzu ikastaroan?
Nola makilatu behar den irizpide batzuk emanez hasten gara, eta horren ondoren, makilaje mota guztiak errepasatzen ditugu. Hortik aurrera, norberaren arpegia aztertzen hasten gara. Bakoitzak berea du, eta funtsezkoa da argi edukitzea ideia hori. Horrekin batera, bakoitzak zer nahi duen ere ondo azaldu behar izaten da; azken batean, norberak aukeratuko du zer nahi duen, nola ikusten den egoki… Nire zeregina orientazio txiki batzuk ematea izaten da, ez baita berdina, esaterako, arpegia biribila edukitzea edo luxexka, azal zurikoa ala beltxaxka…    

Aurpegi bat mundu bat dela adierazi nahi izan duzu…
Bakoitzak berea du, eta bakarra da. Orduan, ziur eduki behar dugu zer komeni zaigun nabarmentzea, zer ezkutatzea edo disimulatzea; azken batean, sudurra, kokotza, begiak, azala… arpegiko atal bakoitzak bere tratamendua eskatzen dizu.

Egoera ezberdinetan nola makilatu ere ikasiko duzue bada?
Noski, ez baita berdina, esaterako, familia bazkari baterako ala inauterietarako prestatzea. Hor zenbait faktoreekin jokatzea komeni da; intentsitatea, argitasuna eta iluntasuna, itzalek sortzen duten kontrastea…

“Tximua sedaz jantzia, tximua da” dio esaerak…
Erdizka da topikoa. Ikutu batek beti hobetuko du pertsonaren itxura besteen begietara. Hori bai, makilajeak batez ere lagundu behar luke norberaren nortasuna azpimarratzeko, eta batez ere, pertsona bere itxurarekin gustura sentitzeko.

Oraindik “emakumeen kontua” izaten jarraitzen al du makilajeak?     
Bai, baina gero eta gizonezko gehiago ari dira jabetzen makilajea, nahiz eta arina izan, euren mesedetarako dela; besterik ez bada ere, betzuloak kentzeko nahiz azalaren oritasuna disimulatzeko. Automakilajea poliki-poliki ari da sartzen gizonengan, eta oraingoz, diskrezioa da nagusi; krema suabeak erabiltzera mugatzen dira batez ere.  
Neronek mutilei gomendatzen diet ikutu edo igurtziren bat eman diezaieten beren arpegiari. Ez dira damutuko.

Pertsona guztiei gomendatuko zenioke beraz…
Zalantzarik gabe. Geure itxurarekin gustura egoteak ez duaka preziorik, eta gainera, txukuntasunak edo kanporako tankerak ere egundoko garrantzia hartu du gaurko bizimodu modernoan. Aurrezjuzguen gainetik, esan beharra dago makilatzea betidaniko kontua izan dela. Gure amonek ere egiten zuten, egin kontu! Beren erara eta eskura zeukatenarekin, noski; betuna ere erabiltzen zuten, eta marabillak egiten zituzten! Beste gauza da kosmetika industria berriagoa izatea eta bere xoxak eskatzea…
 
Egunero, goizero makilatzeak ere bere denbora eskatzen du…
Ez ezazula pentsa! Lau gauza jakinda, nahikoak dira hamar minutu. Errimela eta korrektorea erabiliz gero, agudo egiten den gauza da.

Nola sartu zinen makilajearen munduan?
Diseinu grafikoa ikasi nuen lehenbizi, baina hortik bizimodurik ateratzerik ez eta, makilarearen eta ileapaintzearen alorrean lanbide hezkuntzako ikasketak egin nituen. Nahiko ondo atera zaizkit gauzak harrezkero, han eta hemen hemen lantxoak atera izan izan zaizkit. Esaterako, ETBko Goazen telesaioan jardun nuen, figurazioko jendearekin. Joan den irailean, berriz, Alex de la Iglesia zuzendariaren Zugarramurdiko sorginak pelikulan lan egin ahal izan dut, egun batzuetan behintzat.

Nolako bizipena izan da Zugarramurdikoa?
Oso polita eta interesgarria, luzemetrai baten errodaje bateko barrunbeak ezagutzeko aukera eman baitit. Errodaje taldea Madrildik etorri zen, baina sei bat laguntzaile jardun dugu makilajearen sailean. Niri berrogei bat pertsona makilatzea egokitu zait egunero. Oso makilaje sakonak, gordinak, markatuak egitea eskatu digute, eta lan gogorra izan da makilatzaile guztientzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!