“Perretxikoak ezagutzen”, hitzaldia Urigainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:03

Santa Krutz jubilatuen elkartea ez zen geldirik egoteko jaio eta etengabe ari da kultur ekitaldiak antolatzen. Oraingoan, mikologiari buruzko hitzaldia prestatu du, Daniel Palacios adituarekin. Perretxikoetan jantzia den Eloy Artolazabal auzotarraren laguntza izan dute horretarako. Artolazabal berak eta elkarteko kide den Pello Barandiaranek azaldu dituzte hitzaldiaren xehetasunak.

Zein asmo duzue hitzaldiarekin?
Pello Barandiaran: Santa Krutz elkarteko zuzendaritzan argi daukagu erretiratuen elkartea izateak ez duela esan nahi geldirik egon behar dugunik. Horrexegatik, kultur giroko ekitaldiak antolatzen saiatzen gara urtean zehar. Oraingo honetan, perretxikoen mundua ederki ezagutzen duen Eloyren laguntza jaso dugu hitzaldia antolatzeko. Aldi berean, Andoaingo Udaleko gizarte sailaren babesa ere jaso dugu.
Daniel Palacios izango da hizlaria. Perretxikoetan aditua da, Aranzadiko lehendakaria izandakoa, gaiaren inguruan hiruzpalau liburu idatzi dituenak. Berak izugarri daki perretxikoen inguruan, baina agindu digunez hitzaldi dibulgatiboa egiteko asmoa du. Entzuleek bere jarduna nahi dutenean eten dezaten nahi dute, galderak eta azalantzak agertzeko.
Eloi Artolazabal: Egia esan, jubilatuek denbora asko edukitzen dute paseoan ibiltzeko. Leitzaranen nahiz herriko beste natur guneetan gainerako herritarrak baino gehiago ibiltzen dira. Hainbat elementu topatzen dituzte ibilaldi horietan, era guztietako perretxikoak tartean. Alde horretatik, hitzaldiak helburu argia dauka: perretxikoenganako jakinmina eta ezagutza piztea edo sakontzea. Jakina, hitzaldia irekia dago perretxikoen inguruan gehiago jakin nahi duen edonorentzat. Palacios oso hizlari gomendagarria dela, hori ziurta dezaket. Berak sartu ninduen perretxikoen munduan orain urte batzuk, Usurbilen.   

Zu, Eloy, perretxiko zale ezaguna zara herrian. Nola izan ziren zure hasierak?
E.A.: Usurbilgo ikastolan irakasle nintzela, bertako perretxiko zaleen elkartea zen Tripakin sartu nintzen. Daniel Palacios ere bertako kide zen, eta hark erakusten zizkigun perretxikoen gainean makina bat xehetasun. Nire ikasleekin ere hainbat ariketa egiten genituen; basoan ibiltzen ginen, eta gero han bildutakoak aztertu eta sailkatu egiten genituen. Zenbait txapelketetan sariak irabazi genituen! Oso garai aberasgarria izan zen denontzat.

Ez al da hazi perretxikoetarako zaletasuna azken urteetan?
E.A.: Izugarri! Lehen asteburuko kontua zen, baina eguneroko bihurtu da gaur egun. Onddoen bolada ona edo kolpea atera den hotsa zabaldu bezain pronto, prozesioan joaten da basoetara mundu guztia. Gure aurreko zaletu gehienak espezie bakar batzuetara mugatzen ziren: gibel urdina, onddo beltza eta zuria, xixoria, urritza… Orain, berriz, espezie gehiagoetara zabaldu da jakintza. Horretan, asko laguntzen ari dira telebistako sukaldaritza programak. Harritzekoa da beren eragina; harrigarria, nola zabaltzen diren zenbait espezie ez oso ezagunak, euren plateretan erakusten dituzten momentutik bertatik. Esaterako, saltsa-perretxiko beltzarekin  fenomeno horixe gertatu da; xixoriaren antza du, baina beltza da. Gutxik jasoko zuten orain hamar bat urte, Bada, David de Jorge sukaldariak bere plateretara eraman duenetik, igo egin da berarekiko estimazioa.

Zuri jende ugari hurreratzen zaizu  perretxikoak eskuetan dituela galdezka..
E.A.: Etortzen zaizkit, bai, eta gustura hartzen ditut; liburuek eta eskarmentuak erakutsi didanaz baliatuz, ahal dudana azaltzen diet. Horrenbestez, zalantzan dabilen horrek badaki nora jo dezakeen, inguruan beste inor ez badauka.  

Ezagutza zabaltzeko herrian talderik sortuko balitz…
E.A.: Ikusten da perretxikoekiko interesa bizia dagoela, eta ederki egongo litzateke jendea bildu eta antolatzea, perretxikoen inguruan gehiago ikasteko. Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa izango litzateke mikroskopio bat, perretxiko baten atalak aztertzeko, eta azken batean, perretxikoaren fenomeno natural hori gehiago ezagutzeko; hala nola, mota batzuen eta besteen arteko ezberdintasunak, jangarriak diren ala ez, esporen fenomenoa... Zoragarria baita mundu hori. Jende askok esaterako, landareen munduan kokatzen du, baina ez da ez landareen erreinukoa, ezta ere animalienekoa. Hargatik, onddo bat haz daiteke hogei minutuetan, baina gero horretan geratu.
 
Nafarroako basoetara edo urrunera joan gabe, gertuko parajeetan, saskiak bete onddo ibili da jendea azken asteetan. Zer dela eta gertatu da hori?
E.A.: Udazkenean erortzen zaizkio hostoak pagoari; haritzari beranduago, eta pinuari batez. Hostoek egiten dute basoa babestu, bero mantendu bere tenperatura. Horrela, udazkeneko azken partea euritsua gertatu da, baina ordurako pagoak hostorik gabe harrapatu ditu, pagadiak hotzera zihoazelarik tenperatura aldetik, eta beraz, horietan ez da onddorik atera, edo gutxi. Onddoa, inguru hauetan atera da gehiago; baita sasiarte eta leku zikinetan, babes tokietan alegia. Fenomeno hori ez da urtero gertatzen, baina salbuespena ere ez da aurtengoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!