Eteneta aldean iturria jarri zutela hogeita bost urte bete dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 19:02

Azaroaren 18an hogeita bost urte bete ziren Lekaioko (Eteneta) iturria ipini zutenetik.

Adarra inguruan ibili ohi diren mendizaleek bereziki estimatzen duten iturria da. Andoaingo Euskalduna mendigoizale elkarteko kideen ekimenez jarri zen, eta joan den igandean bertan urteurrena ospatu zen. Mendi bazterrak maitatzen eta zaintzen jarrera eredugarria erakusten duen Alejandro Gonzalez mendizalearekin hitz egin du Aiurri astekariak.   

Igandean, nola ospatu zenuten urteurrena?
Alejandro Gonzalez: Iturriraino joateko asmoarekin, koadrila txiki bat irten ginen Andoaindik. Ez ginen asko, egia esanda, urteurrenak Euskaldunaren mendi astearekin bat egin baitzuen; elkarteko mendizale gehienak babarrun jatean ziren. Eguraldi euritsuak ere ez zuen batere lagundu mendirako.
Animatu ginenok, behintzat, goiz pasa polita igaro genuen: iturritik ur freskoa edan, argazki bat atera, iturri inguruak txukundu eta Etenetako Joxe Inaxioren txabolara joan ginen aterpe bila.

Gogoan al duzu nola orain hogeita bost urteko egun hura?
A.G. Igandean jarri genuen hitzordua, denek libratzeko moduan. Orduan bildu ginen erdiak ditut gogoan, barkatu nazatela besteek. Jose Javier Perez, Martin eta Nikolas Arruti, Luxio Aranburu, Elena Soto eta ni neu han izan ginen. Oso eguraldi zakarra egin zuen. Irudi jakin bat datorkit oroimenera: Elena Sotoren itxura errukarria, zeharo blai, txita baten antzera.
Obrarako beharrezkoa zen materiala guztia autoan eraman genuen Usabelartzatik gora. Handik aurrera materiala ahal bezala garraiatu behar izan genuen.
Lanaldia goiz hartan bukatzea lortu genuen, iturritik ura edateko moduan zegoen. Arratsaldeko errelebora joateko, ordea, korrika eta presaka alde egin

Zeu arduratu zara denbora honetan iturriaren mantenuaz…
A.G. Urtean hiruzpalau alditan txukundu behar izaten da. Goiko ur biltegia, sei metroko tutua, ingurua… dena garbitu behar izaten da. Zainketa hori egin ezean, hondatuta geratuko litzateke. Izan ere, hainbat arrazoi direla medio (lokatza, euria, ganadua…) emaria trabatuta geratuko litzateke eta urak bide alternatiboak hartuko lituzke. 
Gainera, orain sei bat urte sendotu egin zen iturria: ur biltokiaren goiko partean egurrezko zutabeak jartzeaz gain, biltegian altzairu herdoilgaitzezko txapa bat jarri genuen.

Iturri gehiago jarri izan al ditu Euskalduna elkarteak?
A.G. Bai. Esaterako, Berastegi eta Belabietako bidean, Arnarren jarri genuen bat, baina agudo txikitu edo lapurtu zuten dena: altzairu herdoilgaitzezko materiala, tutuak, kateak... Lapurtxulon ere jarri zen beste bat, baina mendi pista zabaldu zutenean, hango tutua txikituta geratu zen. 1964an, Onddoko iturria ere moldatuta jarri zuten Jexus Larrea zenak eta herriko beste zenbait mendizalek. Zorionez, honek bere horretan iraun du gaur arte; izan ere, bere goikaldean dauden pinuen sustraiek filtratze lana egiten dute eta hondar xehea arrastaka joan dadin eragozten dute.
Adarra aldera abiatzen naizenetan, astean behin edo, Etenetako eta Onddoko iturriei begiratua ematen diet, nola mantentzen diren ikusteko.


Mendizaleek errespetatzen al dituzte Adarra inguruko iturriak?
A.G. Baietz esango nuke; jende ugari ibiltzen da inguru horietatik, eta eskertzen dute ura freskoa topatzea bidean. Orain, beste zenbait elementurekin zein zabarki jokatu den ikusita, zer pentsatua ematen dit. Esaterako, pena ematen du hiru aterpe (Lapurtxuloko bi aterpeak eta Mantelekoa) zein egoera tamalgarrian dauden ikusteak. Adarrako gainean, azken aldian, bai Club Vasco de Camping elkarteak jarria zuen buzoia, baita Euskaldunak jarritako etxetxoak ere ez dute denbora askorik iraun… 

Nork zaindu beharko lituzke mendi gainetako eraikin horiek?
A.G. Pentsatzen dut erakunde publikoek eraiki beharko lituzketela. Hori bai, gerora begira, euren mantenuan gurea bezalako mendizaleen ardura beharko du izan, gainerakoan jai dugu! Niri ez zait batere kostatzen lehen aipatu iturri horiek zaintzea, baina indarrak irauten didaten heinean jarraituko dut horrela. Iruditzen zait galtzen ari dela naturaren aldeko auzolanaren kultura, ez dakit zer pentsatu…

Urteberri egunean Adarrako gainean salda ematea ere zure ardura izaten da. Noiz arte?
A.G. Osasuna eta hiru semeak bidelagun ditudan bitartean jarraituko dudala agindu nuen, eta hitzari eusten diot. 2013 urteari ongi etorria paraje ezin gozagarriagoan eman nahi dionak, badaki non aurkituko duen salda beroa, eguraldia ona nahiz gaiztoa izan.

Zer dira zuretzat Adarra inguruko paraje horiek?
A.G. Bizitzaren birika suposatzen du inguru horrek denak niretzat. Hara joateko premia sentitu ohi dut barne-barnean, eta astero edo bi astero hurbiltzen naiz hara.
Gozatzera joaten naiz, baina inguruari begira jarriz gero, ikusten dut beti dagoela zer eginen bat; euriteen ondorioz hondatzen doazen oinezko zenbait bide edo bazter txukundu izan ditut azken aldian.
 
Zer beste ibilbide edo txoko gomendatuko zenioke Adarrako gailurra bide zuzenetik besterik egiten ez duenari?
A.G. Beti dago zer ikusia paraje horretan; bide alternatiboetatik abiatzea komeni da horretarako. Zoragarriak diren txoko naturalez gain, mairubaratzak, zutarriak, iturriak, elurzuloak… topatu daitezke. Batzuk aipatzearren, Muntto aldean topatu berri duten zutarria, Altzibar edo Onddoko elurzuloa…
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!