Azaroaren 25ean, hainbat ekintza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 15:00

Igande honetan, azaroak 25, Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta horren harira, eskualdean hainbat ekintza burutuko dira.

Zizurkilen, esaterako, bertako parekidetasun batzordearen ekimenez, gaur, hilak 23, elkarretaratzea egingo da iluntzeko 19:00etan Joxe Arregi plazan. “Beste bakar bat ere ez! Emakumeen aurkako indarkeriarik ez”  lemapean egingo da elkarretaratzea.

Bestetik, Amasa-Villabonan, Hutsunea Betez emakumeen elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu. Hala, igandean, Villabonako Malkar Plazan (BM supermerkatuaren ondoan) elkarretaratzea egingo da, arratsaldeko 19:30ean. Ondoren, 20:00etan, “La fuente de las mujeres” filma eskainiko da Gurea zineman (sarrera dohainik da). Azkenik, pelikula amaitzean, “Generoa eta adingabeak” gaia aintzat hartuz solasaldia izango da. Hizketaldia, familia arteko indarkerian aditua den Yolan Cervero psikologoak gidatuko du. Villabonako Udalak elkarretaratzean eta ekintza guztietan parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei, “genero indarkeriaren aurka amasa-billabonatar guztiok bat eginez”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!