Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 23a, 13:56

Azaroaren 25a dela-eta, hau da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna” aitortutako eguna dela-eta, Andoaingo udalak indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena agertu du.

 Emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai eta sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne, esaterako: sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa euren sexu aukeraren edo genero identitatearen ondorioz.  
Jendartean emakume nahiz gizonen arteko desberdintasunak eta emakumeenganako indarkeria gailenduta daudelako mitoa baino harago, errealitateak erakusten digu gizon eta emakumeen arteko harremanetan dagoen indarkeria matxista, baita adin txikikoen artekoa ere, benetan kezkagarria dela. Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere. Horregatik, tokiko gobernuok konpromiso aktiboa izan behar dugu udalerriko gizon eta emakumeekin, eta bereziki gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko, ahalegina eginez eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikiz.  
Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago. Beldur Barik eta Harremanak programetan Euskadiko udalek hartzen dute parte, eta helburua da sexismotik aldentzen diren gizonemakume, neska-mutikoen jarrera positibo eta egunerokoak antzeman eta ikusaraztea, izan ere, jarrera horiek rol tradizionalekin hautsi eta gizarte berdintsuagoa eraikitzea dute xede. Erakundeetatik eta, erakunde hurbilenetik, udaletik, indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartu behar dugu, eta, horretarako, norberaren aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusi beharko ditugu. Norberak erantzukizun horiek bere gain hartuz gero, aldaketarako konpromisoa lortuko da. Honegatik guztiagatik, Andoaingo Udalak zera adierazten du:
-Udal honetako eskoletan lantzen den Harremonak programarekin eta Beldur Barik programaren edukiekin bat dator, gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzeko tresna gisa. 
-Herritarrei gonbit egiten die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzesteko ere, prebenitzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriz. 
-Gonbit egiten die herritar guztiei, eta bereziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera. 
Andoainen, 2012ko azaroaren 25ean
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!