Hekimen Euskarazko hedabideen elkarte berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 18:29

"Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogu aurre bizi dugun krisi latzari”, euskaraz diharduten hedabideek egoera zailak bultzatuta elkarrekin bidea egitea erabaki dute. Modu horretan sortu da Hekimen, euskal hedabideen elkartea.


“Euskal hedabideen elkarlana bideratzera” datozela diote. Eta elkarte berriaren ezaugarri nagusiak hauexek dira: haien hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea. Ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitu dituzte Hekimenekin bat egitera.
Tokikomen izenean, Iban Arantzabal da Hekimen elkarteko presidentea. Postua urtero txandatuko da eta zortzi kideko zuzendaritza izango du: Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, 11amaika telebista, Tokikom eta Xaloa Telebista.
Eskualdeko tokiko hedabide guztiak bertan dira, hala nola, Hernaniko Kronika, Lasarte-Oriako Txintxarri, Usurbilgo Noaua eta baita Aiurri ere.
“Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. Seirehun bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara.
Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko.
Desafioak ez dira makalak. Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan”.
Euskal Herri euskalduna nahi bada, Hekimenek komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa dela deritzo, “Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko”.

Behatokia sortzea, lehen erronka
Besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dute Hekimen, unibertsitateak, instituzioak eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena... “Ilusioz dator Hekimen, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz,  bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!