Koldo Jauregi larrauldarrak eman du ekitaldiaren inguruko azalpena: “Garai batean, mendian botatako egurra garraiatzeko, idien indarra baliatzen zen. Gurdi motza erabiltzen zuten enborra gainean jarri, eta arrastaka, noranahi eramateko. Lanerako modu hori bertatik bertara erakutsi nahi diegu herritarrei”.
Idi parea eta gurdi motza
Ekitaldia prestatzeko lanak aspaldi hasi zituzten Koldok eta beste hainbat lagunek: “Egurra bere garaian bota behar da eta lan horiek dagoeneko eginak ditugu. Trontzerra erabiliz, bi haritz bota genituen. Bestalde, gurdia ere prestatu beharra zegoen. Larraulgo museo etnografikoan badugu mota horretako bat, baina hura ezin genuen atera eta beste bat moldatu eta konpondu behar izan dut”.
Ekimen irekia
Larunbatean, goizeko 09:30ean bilduko dira plazan ekimenaren bultzatzaileak: “Garai batean nola lan egiten zen ikusi nahi duen guztiak izango du etortzeko aukera. Larrunbideko idi parearekin joan, enborrak gurdi gainean jarri eta plazara itzuliko gara. Zazpi metro inguruko luzera duten bi haritz enbor dira ekarriko ditugunak: bata Lasazpi izeneko sailean dago eta Aizmendin, bestea”. Plazara itzulita, “museoaren alboan jarriko ditugu enborrak. Aizkorarekin egurra nola lantzen zen ere erakutsiko dugu. Horrez gain, gune horretan dagoeneko gaztainondo bat utzia dugu eta egur horrekin teilak nola egiten zituzten erakutsiko dugu. Kultur astetik kanpo, jarraipena emango diogu ekimenari, arpanarekin egurra moztuz, baina oraindik ez dugu datarik zehaztu”, aipatu du Koldok.
Aho-soinuak, museoan
Larunbateko ekimenaz gain, beste hainbat ekitaldi hartuko du Kultur asteak. Hitzaldiak, ikus-entzunezkoak, haurrentzako ekitaldiak, pilota partidak, talo eta gaztain jatea, etab. Koldok antolatutako aho-soinu erakusketa ere zabalik izango da: “Zenbait pertsonak azaldu du erakusketa bertatik bertara ikusteko nahia. Horregatik, museoan izango naiz ostiral eta larunbat arratsaldez, nahi duen guztiak aho-soinuak ikusteko aukera izan dezan. Norbaitek piezaren bat jo nahiko balu ere, izango da horretarako aukerarik. Horrez gain, herriko argazkien emanaldian ere parte hartuko dut eta igandean, gaztainak erretzen arituko naiz”.
Egitaraua
Azaroak 26, astelehena
17:30 Zientzia sukaldaritzan ikastaroa, kimikari baten eskutik. Katillu-Txulo elkartean. 19:30 Larraulgo argazki diaporama kultur etxean.
Azaroak 27, asteartea
19:30 Belarriak soinu hitzaldia, Joseba Tapiaren eskutik, kultur etxean.
Azaroak 28, asteazkena
18:30 Larraulgo argazki diaporama kultur etxean. 19:30 1512. Nafarroaren Konkista, 500. urteurrena, hitzaldia. Bixente Serrano Izkoren eskutik, kultur etxean.
Azaroak 29, osteguna
19:00 Txakolin dastaketa komentatua, Maitena Barrero enologoaren eskutik, Katillu-Txulon.
Azaroak 30, ostirala
17:00 Umeentzako merienda. Ondoren eskulanak. Katillu-Txulo elkartean. 19:30 Juan Mari Beltran hirukotearen Euskal Herriko musika eta soinu-tresnak emanaldia, San Esteban elizan. 21:00 Afaria. Ondoren bakarrizketa. Katillu-Txulo elkartean (Izena emateko Elkartean edo Herriko Ostatuan. Azken eguna: azaroak 28, 21:00).
Abenduak 1, larunbata
09:30 Egurra lantzeko, idiak tiratutako gurdi motzarekin enborrak basotik herrira ekartzeko erakustaldia, DINA7 taldearen eskutik. 13:00 Bolatoki ondoko muralaren aurkezpena. 16:00 Mus txapelketa Katillu-Txulon. 16:30-18:00 Aho-soinu erakusketa museoan eta Larraulgo egutegiko argazkien aukeraketa. 18:00 Arazolarien arazoa ipuina, Teresa Lopez de Munain ipuin kontalariaren eskutik, kultur etxean.
Abenduak 2, igandea
10:00 Mendi irteera herria ezagutuz. 16:00 Pilota partiduak frontoian. 16:30-18:00 Aho-soinu erakusketa museoan eta Larraulgo egutegiko argazkien aukeraketa. 18:00 Talo eta gaztaina jatea Katillu-Txulo elkartean.