Iñaki Lizaso pilotaren munduan pausoak emanez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 17:33

Iñaki Lizaso billabonatarrak 28 urte besterik ez baditu ere, pilotaren munduan badu nahiko zer esan. Txiki-txikitatik garatuz joan den zaletasuna, oraindik ere bizi-bizirik mantentzen du.

Orain bi urte arte Behar Zana pilota eskolako irakasle izan da Iñaki Lizaso. Arazo batzuk medio, ordea, ardura hori utzi beharra izan zuen. Hala ere, Behar Zanako pilotari moduan jarraitu zuen, garai hartan Gipuzkoako ligan ohorezko mailan jokatzen ari baitzen. Txapelketa hau amaitu eta gero, ordea, Afizionatuetako Lehen Mailara jaitsi ziren, eta denboraldi hura amaitu eta gero bere bikote den Laurent Errekarekin batera taldea uztea erabaki zuen, Usurbilgo taldera joateko: “Urtebetez Usurbilen egon nintzen, baina bertan pilotari asko zegoenez aukerak ere murritzagoak ziren. Orduan, Antton Aranburu, Garfe enpresan ibilitako pilotaria etorri zitzaidan eta Errealean esku pilotaren sekzio berrian parte hartzea proposatu zidan. Nonbait, garai batean, Errealak esku pilotako sekzioa izan zuen, baina Aratz Mendizabal pilotariak Asegarce enpresarekin debuta egin zuenean, bertan behera geratu zen. Horrez gain, Javi De Pedro futbol jokalari ohia gaztetan pilotan ibilia zen eta grina hori mantentzeko gogoa plazaratu zuen. Horrela, batarekin zein bestearekin harremanetan jarriz, proiektua gauzatuz joan ginen”. Hasiera batean, Donostian entrenatzea zen asmoa; Erreala talde donostiarra izanik, Atano IIIa zen aukeretako bat. Baina aurrekontu eta ordutegi arazoak medio, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan entrenatzeko aukera jarri zen mahai gainean: “Gaur egun Ziotza pilota eskolan entrenatzaile lanetan nabil eta Intxaur pilotalekua ikusi nuen aukeren artean. Hori horrela, Zizurkilgo Udalarekin harremanetan jarri nintzen eta honek beste proposamen bat aurkeztu zidan, hots, Zizurkilgo Danena futbol elkartearekin eta Errealarekin akordioa sinatzea. Hala, Udal ordezkariak Errealeko ordezkariekin bildu ziren eta aipaturiko akordiora iritsi ziren. Era horretara, Danena taldekoek Zubietan entrenatzeko aukera izango dute eta guk, berriz, Intxaur pilotalekuan”. Bitxia badirudi ere, orain Errealeko kamiseta jantzita eta  Errealaren izenean jokatzen dituzte partida guztiak: “Egia esan, ilusioa egiten du Errealeko kamiseta jantzita jokatzeak. Hala ere, esan beharra dago kamisetak ez dituela partidak irabazten, pilotari berdin-berdin eman behar baitzaio. Hori bizikleta on bat erosten duen txirrindularia bezala da, bizikleta merkatuko onena izan arren, pedalei berdin eragin behar izaten zaie”, adierazi du Iñaki Lizasok.  

Hamahiru pilotari
Gutxi gorabehera, Gipuzkoa osoko 13 pilotari afizionatuk osatzen dute pilota elkarte berria eta tartean, lapurtarren bat ere bada: Tolosa, Hernani, Oiartzun, Zarautz, Astigarraga, Donostia, Villabona eta Uztaritzeko pilotariek biltzen ditu elkarteak. “Oraingoz ez dugu pilota eskolarik sortu. Izan ere, eskolarteko txapelketak herrika jokatzen dira eta Errealak ez dauka herri jakinik. Horregatik, oraingoz, denak afizionatuak gara. Esperientzia polita eta bitxia izan daiteke. Umetan nire idoloa zen Javi De Pedrorekin jokatzen eta entrenatzea bitxia egiten zait, baina azkenean eguneroko gauza bihurtu da”, aitortu du Iñakik.

Inplikazioa
Pilotari bakoitza desberdina den arren, entrenamenduak zehaztuta dauzkate: “Astearte eta ostegunetan entrenatzen dugu. Hala ere, norberaren inplikazioa desberdina da. Ni, esaterako, egunero joaten naiz kiroldegira. Nire ustez, oso garrantzitsua da forman mantentzea eta gainera, entrenamenduez gain ariketa fisikoa egitea beharrezko ikusten dut. Entrenamenduak eta partidak, behintzat, ez zaizkigu falta”. Momentu honetan Gipuzkoako txapelketa jokatzen ari dira Errealeko kideak, binaka zein bakarka, trinketean zein eskuz. Horrez gain, Uharteko lau t´erdiko, Olaztiko zein  Rotxapeako (Nafarroa) txapelketetan parte hartu dute jada, eta Malerrekako elite txapelketan ere parte hartzeko asmoa dute laster.

Aurrera begira
Iñaki Lizasok adierazi duenez, “aurrera begira sortutako talde bat da Erreala. Iraungitze datarik gabeko proiektua da. Ez dakit neroni noiz arte egongo naizen bertan, baina ametsa eta desioa nire azken partida onenak Bear Zanarekin jokatzea izango litzateke. Bertan jaiotako pilotaria naizenez eta elkarteko bazkide naizenez, bertan amaitzea gustatuko litzaidake”.

Gipuzkoako federazioan
Iñaki Lizaso ez da geldirik egoteko mutila, pilotak liluratuta dauka eta euskal kulturan hain errotua dagoen kirol hau aurrera ateratzea da bere helburuetako bat. Hori horrela, aurten Gipuzkoako esku pilota arduradun eta, aldi berean, lehendakariorde izateko proposamena egin diote. Asko pentsatu duen arren, Gipuzkoan pilota sustatzearen alde behar bat zegoela ikusi eta baiezkoa eman du: “Gipuzkoako federazioan zegoen zuzendaritza batzordeak bere legealdia amaitu berri du, eta orain, nik parte hartuko dudan taldea sartuko da,  aipatutako ardura horiek hartuz. Printzipioz, lau urtetako lana da eta nire eginbeharretako bat Gipuzkoako federazioan dauden eta guk proposatuko ditugun proiektuak aurrera eramatea da. Momentu honetan, pilotan emakumeek duten lekua aztertzeaz gain, pilota eskolak sustatzea da guk daukagun erronketako bat. Bestalde, gure herrian hain garrantzitsuak diren errebote eta joko garbi jokoak indartzeko ahal beste baliabide lortzen eta jartzen saiatuko naiz”. Iñakik aitortu duenez, “hemendik aurrera ordutegia ondo estutu beharko dut eta, egia esan, lehendakariorde izateak izenak dioena baino lan gutxiago ematea espero dut”.

Txulobi eta Ziotza
Iaz, Añorga eta Andoaingo taldeetan irakasle lanak burutu zituen Iñaki Lizasok, baina denbora faltagatik utzi egin behar izan zituen biak ala biak. Aiztondo bailarako taldeetatik proposamena jaso zuenez, Adunako pilota eskolako ardura hartu eta Zizurkilgo pilota irakasle lanak egiteari ekin zion. Orain, beraz, Txulobi eta Ziotza pilota eskoletako irakasle da Lizaso. Zizurkilgo Ziotza pilota eskola 2009an sortu zen eta orduz geroztik, poliki-poliki handituz joan da: “Asteasuko Julen Urruzolarekin batera daramat Ziotza pilota eskola. Gaur egun, haur kopuru esanguratsua du pilota eskolak eta astean lautan entrenatzen dugu; 5 urtetatik hasi eta 16 urtera arteko mutilak izaten dira bertan. Horrez gain, Ziotzak nesken pala taldea ere badu, Aburuzaren ardurapean”.
Txulobi taldea, berriz, elkarte gastronomikoaren baitan sortu da aurten: “Adunako pilota eskolak bultzada garrantzitsua behar zuen eta aurten aurrerapausoa eman dugu eskola birsortuz. Izatez, aurrera begira egindako proiektua da, poliki-poliki sendotzen ari dena gainera. Denera, 5 eta 13 urte bitarteko hamabost neska-mutilek osatzen dute eskola. Txulobin zein Ziotzan maila oso polita duten gaztetxoak daude, eta etorkizunean ere zaletasun hori mantentzen badute oso pilotari politak izatera irits daitezke”.

Ilusioz aurrera
Umetan hasitako zaletasuna bizirik mantentzen du oraindik ere billabonatarrak eta zaletasun horren isla dira pilotari eskainitako orduak. Etorkizunari begira, amets asko ditu Iñakik, baina horietako bat haurrei bere zaletasuna helaraztea da: “Nire helburua Aiztondo bailaran zerbait sendoa sortzea da. Haurrei nik dudan zaletasunaren erdia kutsatuz gero, ni gustura. Azken finean pilota ondasun kulturala da eta hori indartu eta sendotu egin behar dugu, baina ez esku pilotaren arloan soilik, euskal pilotaren modalitate guztietan baizik: joko garbi, errebotea, xarea, etab. Pilota eskolak sendotu egin behar direlakoan nago. eta polita izango litzateke bailarako eskola guztiak elkartu eta zerbait sendoa egingo bagenu. Izan ere, Amasa-Villabonan, Zizurkilen, Larraulen, Asteasun, Adunan… herri guztietan dago eskola bat”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!