Nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?
Garai batean gure etxea kantina moduko bat izan zen. Donostiarako pasabidea zenez, autobusak gure etxean egiten zuen geldialdia eta jende asko izaten zen. Su ondoan eserita, bertso asko kantatzen zituzten lehengo zaharrek eta haiei entzunez hasi nintzen ni ere bertsotan zaletzen.
Noiz hasi zinen bertsoen munduan murgiltzen?
1965 urte ingurua izango zen. Soldaduskara joan aurretik hasi nintzen. Orduan, lagunartean afari batzuk ere egiten genituen eta hantxe aritzen ginen. Gero soldaduskara joan behar izan nuen: lehenik armamendua Gasteizen egin nuen eta ondoren Donostian egon nintzen soldadu. Han nire jirakoak bilatu nituen eta haiekin ere ibili nintzen kantatzen.
Sekula txapelketaren batean hartu al duzu parte?
Behin Asteasun txapelketa bat egitekotan egon ginen eta parte hartzeko asmoa adierazi nuen, baina azkenean ez zen txapelketarik burutu. Hala ere, sekula ez naiz plaza gizona izan. Niri lagun artean ibiltzea gustatzen zait, inongo konpromisorik gabe.
Esan ohi da, lehengo bertsoak eta oraingoak ez direla berdinak…
Lehen bertsoak era naturalagoan botatzen ziren. Edozeri botatzen zioten bertsoa. Oraingo bertsolaritza ere gustatzen zait, baina lehengo bertsoak nahiago ditut nik. Bertso eskolek lan handia egin dute bertsolaritza aurrera eramaten, baina aldi berean, eraldatu egin dute. Lehen, barre egiteko aitzakia izaten zen eta orain oso gai serioak tratatzen dituzte. Gaur egungo bertsolaritza oso teknikoa dela esango nuke.
Zein dituzu bertsolari gustukoenak?
Uztapide, Manuel Lasarte, Joxe Lizaso eta Joxe Agirre gustatzen zaizkit zaharretatik gehien. Lazkao Txiki ere asko gustatzen zitzaidan. Gogoan dut hari gertatutako pasadizo bitxi bat: Guardia Zibilaren kontrol batean geratu omen zuten eta hauek hala esan omen zioten Lazkao Txikiri:-¿A dónde vais? Eta honek erantzun: -A cantar. Guardia Zibilek bueltan: -¿Y, qué vais a cantar? Eta Lazkao Txikik: -Pues no sabemos todavía. –Pues, ¡vaya cantores de los cojones! Erantzun omen zioten Guardia Zibilek. Haiek euren ezjakintasunean ez jakin bertsolaria zenik eta bat-batekoan kantatzen zuenik.
Gaur egungo bertsolarietatik, berriz, Amets Arzallus eta Sustrai Colina ere politak iruditzen zaizkit. Horrez gain, Asteasun ere badaude oso ondo dabiltzan gazteak. Gainera, gogoa dute eta hori oso garrantzitsua da. Nik aurrera jarrai dezatela esango nieke.
Oraindik ere bertsozaletasuna barruan daramazu beraz…
Gutxiago, baina oraindik ere bertso batzuk egiten ditut eta bertso saio eta txapelketetara ere joaten naiz. 2005ean, BECen ospatu zen Euskal Herriko txapelketan, Egañak irabazi zuen hartan, asko gozatu nuen. Gogoan ditut jezteko aulkiari botatako bertso haiek.