Asteasu, mendi astean murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 17:00

Datorren astebururako egitarau mardula prestatu dute, mendi astearen baitan, Sagain Mendi taldeko kideek, Matxintxulokoek eta beste hainbat herritarrek. Azaroaren 21ean hasi eta 25era arte luzatuko da aurtengo mendi astea.

Pasa den urtera arteko helburu nagusietako bat jendeari mendi inguruko modalitate desberdinak erakutsi eta hurbilaraztea bazen ere, iaz, helburu sendoago bat finkatu zuten: “Herri giroa sustatu nahian, herriko beste hainbat talderekin lan urratsak ematea izan da gure helburua. Iaz jendeak emandako erantzun ona ikusirik, aurten ere ildo berdinetik jarraitzea erabaki dugu. Horrela, mendi asteko egitarauaren barruan, mendiarekin lotura handirik ez duten beste jarduera batzuk ere sartu ditugu”, azaldu du Sagain taldeko kidea den Txomin Isuntzak.

Berrikuntza ugari
Askok eta askok mendi astea ikus-entzutekoekin erlazionatzen duten arren, jendeari modu aktiboan parte hartzeko aukera emango dioten aktibitateak indartzen saiatu dira asteasuarrak. “Egitaraurako ekintzak aukeratzeko orduan, aurreko urteetako esperientziaz baliatzen gara. Horrez gain, ekintza bakoitzak ekonomikoki zein kostu duen ere kontuan hartu behar izaten da. Egia esan, denetariko jendea etortzen da, nire ustez, adin guztietarako aproposak diren ekintzak antolatzen baititugu. Lerro hauen bidez, Asteasuko Udalari eskerrak eman nahiko genizkioke herriko baliabideak uzteko garaian ematen dizkigun erraztasunengatik”, gaineratu du Txomin Isuntzak.
Aurtengo mendi astearen egitarauan aldaketa batzuk egin behar izan dituzte kostu ekonomikoak medio. Hori horrela, larunbat goizeko orientazio proba kendu egin behar izan dute eta hutsune hori bete nahian, Mendi Bizikletako ibilbide bat (25 km) eta familia arteko txirrindu irteera prestatu dituzte. Igandeko egitaraua, ostera, osorik mantendu dute: “Aurten, oinezko bi ibilbide eta korrikako beste bi egongo dira. Ondoren, txerri erre dastaketa izango da”, azaldu du Txominek.  Ikus-entzunezkoen inguruan ere badago aldaketarik: “Ostiralean zein larunbat arratsaldean bi DVD proiekzio ikusgarri eskainiko ditugu udaletxeko aretoan”.
Aipatutako ekintzez gain, Gaztetxeko kideek haurrentzako jolasak eta disko festa antolatu dituzte larunbat arratsalderako. “Egitaraua bete-betea dagoenez, gonbitaluzatzen diet mendia eta giro jatorra gustuko dituzten guztiei, Asteasura gertura daitezen”.

Egitaraua
Azaroak 23, ostirala
20:00    Asgard Project proiekzioa udal aretoan.

Azaroak 24, larunbata
10:00    BTT irteera plazatik.
10:00    Txirrindu buelta familiarra.
16:00    BTTri buruzko proiekzioa udal aretoan.
16:00    Haurrentzako jolasak frontoian.
18:00    Disko martxa frontoian.

Azaroak 25, igandea
08:30    Mendi irteera oinez plazatik abiatuta.
09:30    Mendi irteera korrika plazatik abiatuta.
10:30    Ibilaldi familiarra plazatik abiatuta.
10:30    Mendi irteera korrika plazatik abiatuta.
Ondoren: Herri festa plazan: jolasak, txerri  dastaketa, musika, etab.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!