Martxoaren 14an hasiko da Korrika, Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 16:54

“Eman euskara elkarri” lelopean, Euskal Herri osoko hainbat hiri eta herri zeharkatuko ditu  Korrikaren 18. edizioak, eta martxoaren 24an iritsiko da Baionara.

1980an antolatu zen lehendabiziko Korrika, Oñatitik Bilbora. Geroztik, milaka kilometro egin ditu, euskararen alde Korrikak. Martxoaren 14an Andoaingo Martin Ugalde Kultur parketik aterako da 18. edizioa, hurrengo egunetan Euskal Herri osoko hainbat herri eta txoko zeharkatzeko.

Helburuak
Helduen euskalduntze eta alfabetatzean lan egiten duen AEK-k antolatzen du Korrika, bi helburu nagusirekin: batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertu eta zabaltzea eta, bestetik, gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lanerako behar duten dirua biltzea.

Mezua
Azaroaren 9an egin zuten Bilbon Korrika 18ren aurkezpen ekitaldia. Edurne Brouard, Korrikako arduradunak hartu zuen hitza: Eman euskara elkarri da Korrika 18k aukeratu duen leloa. Euskara da, izatez, euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza, elkarri hitz egiteko hizkuntza, elkar entzuteko eta ulertzeko erabili nahi duguna. Elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten dugun uneotan, ezinbestekoa da elkarbizitza horretarako erabiliko dugun hizkuntzaz ere hitz egitea. Korrika 18k prozesu hori euskaraz ere egin behar dela aldarrikatu nahi du. Hori egin ezean, euskal gizartearen zati handi eta garrantzitsu bat alboratuko genuke”.

Elkartzeko hizkuntza
Euskararen balioa azpimarratu zuen Brouardek aurkezpenean: “2013ko Korrikak euskararen balioa azpimarratu nahi du, kohesiorako lehengai eta tresna gisa; hau guztia inolako bazterketarako asmorik gabe. Ez dugu inor baztertu nahi, eta horregatik aldarrikatzen dugu euskaldun eta euskalakariok gurea den hizkuntzan bizi ahal izatea eta denona izan behar duen elkarbizitza euskaraz eraikitzea .
Beste zenbait aldarrikapenetarako tartea ere hartu zuen Korrikako arduradunak: “Euskara, Unescoren hizkuntza gutxituen zerrendan dago. Hizkuntza bizia da, baina ahula da bere egoera, eta oso kezkagarria zenbait lurraldetan. Horregatik, beste hainbat Korrikatan bezala, botere publikoei dei egin nahi diegu espreski, euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak har ditzaten. Erraztasunak eman dizkiezaguten herritarroi, euskara ikasi eta erabili ahal izateko. Ildo berean, dei egiten diegu herritarrei; norbanakoei eta erakunde guztiei, euskara ikas eta erabil dezaten eta euskararen aldeko testuinguru sozio-politikoa sor dezaten. Hori guztia, Eman euskara elkarri lelopean”.

Ibilbidea
Martxoaren 14an, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean hasiko da Korrikaren 18. edizioa. Hamaika egun eta bi mila kilometro pasatxoko ibilbidea bete ondoren, Baionara iritsiko da martxoaren 24an. “Ibilbide osoaren berri aurrerago emango dugu, bai prentsa bidez, baita sare sozialen eta www.korrika.org web gunearen bidez ere. Hilabete honen amaierarako xehetasun guztiak emateko moduan izango garela espero dugu”, argitu zuen Edurne Brouardek.
Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku korrikalarien artean, eta lekuko horrek mezu berezia darama barruan. Korrika helmugara iristean, euskaldun ezagun batek irakurriko du horrenbeste esku eta kilometro pasa dituen mezua. Martxoaren 24an Baionan egingo dute edizio berriko mezuaren irakurketa.

Irudia
Irudi berritua ekarriko du Korrika 18k. Hala azaldu zuen Edurne Brouardek aurkezpen ekitaldian: “Aurtengo irudia ohikoetatik urrundu egiten da. Badu zerikusia zabaldu nahi dugun kanpainarekin, elkarbizitza baitu ardatz. Aurrerantzean ere, bere garapena izango du irudi honek”.

Omenduak
Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsona omendu nahi ditu. “Elkarrekin bizitzeko, elkar ulertzeko tresna bezala ulertzen dugu euskara. Baina horretarako, ezinbestekoa da euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea. Ahalegin horretan ari direnak omendu nahi ditu 2013ko Korrikak; euskalakari izateko ahaleginean, euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, lanetik irtendakoan euskara ikastera doazenak, euskara ikasten ari diren etorkinak, mintzalagun taldeetan ari direnak, gau eskolatan dabiltzanak,... euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako, bihoakie egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiei Korrika 18ren eta AEKren omenaldia”, azaldu zuen Edurne Brouard Korrikako arduradunak.

Lehen Korrika
Bi urtez behin antolatzen du Korrika AEK-k. 1980an izan zen lehena, Oñati eta Bilbo artekoa. Rikardo Arregi kazetari andoaindarrak idatzi zuen lehen edizio hartako lekukoaren barruan eskuz esku ibili zen mezua. Euskararen aitzindari eta bultzatzaileei zuzendutako gutuna zen.
Urtetik urtera, geroz eta babes zabalagoa lortu du Korrikak eta herriz herri, hainbat ekitaldi antolatu ohi da Korrikaren inguruan.
Hogeita hamairu urte pasata, martxoaren 14an Rikardo Arregiren jaioterritik aterako da Korrikaren edizio berria.

Nola parte hartu
Korrikan parte hartzeko modu asko dago. Batetik, zapatilak jantzi, eta Korrika gure herri edo auzotik pasatzen denean, lasterka saioa egin daiteke. Horrez gain, ordea, badago Korrikari babesa eta laguntza eskaintzeko beste hainbat modu ere:

  • Antolaketa: Modu honetako ekitaldi erraldoi bat antolatzeko, esku askoren ekina behar da. Laguntzeko modu egokia izan daiteke herrian edo auzoan eratuko den Korrika Batzordean parte hartzea.
  • Dirulaguntza:Korrikaren helburuetako bat, AEKren lana babestuko duen dirua lortzea da. Horretarako bide ezberdinak daude. Korrika laguntzailea euskarria eros daiteke, baita Korrika 18ren materiala edo oroigarriak ere. Korrikalarien petoa edo bizkarrekoa hartuz ere diruz lagun dezakegu. AEKren edozein euskaltegitan zein Korrika dendetan egin dezakegu hori guztia, edo baita Korrika gure herritik igarotzen den egunean bertan ere. Horrez gain, herriz herri Korrikaren aldeko diru bilketa ere egingo da eta Korrikaren izenean Euskadiko Kutxan zabaldu den 30350072020720037810 kontu korrontean ere sar daiteke dirua.
  • Enpresa eta saltegiak: Enpresa eta saltegiek ere izango dute Korrika diruz laguntzeko modurik. Hona hemen aukera ezberdinak: Korrika iragartzeko aterako diren euskarriak babestuz; Korrikalaria eskuratuz zein Korrika laguna eginez; Kilometroak subentzionatuz, eta diruz lagundutako kilometro horretan korrika eginez. Parte hartzeko modu hau erabili nahi dutenek Korrikaren bulegoetara jo dezakete.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!