Anjelito Ugarteren bizitza, pantailetara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 16:50

Villabonako Errebote plaza grabaketa gune bihurtu zen azaroaren 10ean. Anjelito Ugarte herritarraren inguruko filma osatzen ari dira eta zenbait pasarte grabatu zuten bertan.

Jai alai blues izango da ‘Berde produkzioak’ enpresa egiten ari den filmaren izenburua. Ikusmin handia sortu zuen grabaketak billabonatarren artean. Goizeko 09:00etan jarri zituzten martxan kamerak, eta bertan aritu ziren eguerdia aurreratu arte. Tarte horretan, Villabonako Kale Nagusia itxita egon zen autoentzat eta zenbait momentutan, oinezkoek ere ezin izan zuten plaza paretik pasa.

Errebote partida eta elkarrizketa
Behar Zana elkarteko kideen arteko errebote partida grabatuz ekin zioten lanari. Goizean goiz, jende gutxi inguratu zen plazara, baina goizak aurrera egin ahala, geroz eta ikusmin handiagoa piztu zuen grabaketak. Anjelitoren adierazpenak ere jaso zituzten filmarako. Jesus Mari Beristain eta Jose Ignazio Santamaria herritarrak ere alboan zituen Anjelitok. Hiruen arteko elkarrizketan, pilotari izan ziren garaiko pasarteak ekarri zituzten gogora, kameren aurrean.  
Gustura ageri zen Anjelito: “Zalduondon bost bat orduko elkarrizketa saioa grabatu genuen duela egun batzuk eta gaur, Villabonan aritu gara. Nire bizimoduaren inguruko galderak egiten dizkidate, bai pilotari izan nintzen garaikoak, baita bestelakoak ere. Nire bizitza oso lotuta egon da Villabonarekin eta horregatik etorri gara hona grabatzera. Gaurko saioa amaituta, nire lana bukatuta egongo dela uste dut”.

Mundu osoan barrena
Anjelitoren aitona eta aita ere pilotariak izan ziren. Sao Paulon jaio zen bera, aita bertan ari baitzen pilotan jokatzen. Amarekin Villabonara itzuli, eta berta pasa zuen haurtzaroaren zatirik handiena. Txiki txikitatik erakutsi zituen pilotarako dohain handiak eta pilotari profesional izatera iritsi zen 18 urterekin. Zesta puntan aritu zen, hogei urtez, profesional mailan eta munduko toki asko ezagutu zituen. Hala azaldu zuen film grabaketako atsedenaldi batean: “Pilotak gauza asko eman dizkit. Mundu guztian barrena ibiltzeko aukera izan nuen. Oso toki gutxi geratu zaizkit ezagutzeko”.
Etxekoen laguntza eta babesa izan zuen Anjelitok grabaketa egunean. Urtebetetze eguna zuen eta gertu zituen guztiak. Laurogeita sei urte beteta, sasoiko eta gogotsu ageri da Anjelito. Bejondeizula!

Lumane aldizkariko partaide
Amasa-Villabonako iragana aztertu eta herritarren testigantzak biltzeko, Lumane aldizkari bilduma argitaratu zuen Larramendi Bazkunak 2004 eta 2006 urteen artean. Bilduma hartan parte hartu zuen Anjelitok, herrian pilotak izan duen garrantzia azaltzeko. Hona hemen, bertan jasotako hainbat pasarte:
Estatuko herri ezberdinetan zesta puntan aritu ondoren, Villabonara itzuli zen Anjelito herriko jaietan, erreboteko partida jokatzera. Ahal zuenean, ez omen zuen erreboteko partidarik jokatzeko aukerarik galtzen Villabonan. “Dirua zesta puntarekin egin nuen, baina bihotza errebotean neukan: Villabonako Santio jai horietan, Pilota Federazioko Karmelo Balda etorri zen Miamiko Richard Berensonekin batera, partida ikustera. Berensonek, zesta-puntariak nahi zituen Miamira eramateko. Ni “eroa” nintzen jokoan, saltoka ibiltzen nintzen, lurrean bueltaka... Jokoan ikusi ninduenean, ‘Zein da fenomeno hori?’, galdetu zion Baldari nigatik. Hark, zesta-puntaria nintzela. ‘Guk Miamin jokatzen dugun joko bera jokatzen duela?’, ‘Bai, berbera’, ‘Badauka kontratua!’. Zesta puntako erakustaldirik eman gabe lortu nuen Miamirako kontratuta. Hori ez da sekula gertatu pilotaren historian. Garai hartan Miamira joatea sinestezina zen. A ze poza!”. Miamira kontratuarekin joan eta lau urtez jokatu zuen bertan. Inguruko hirietako pilotalekuetan ere aritu zen hamar denboralditan zehar. Cuban, Mexikon edo Italian ere ibili zen pilotan, 38 urte bete zituen arte. 20 urtean zehar aritu zen profesional mailan jokatzen. Pilota, istripu baten ondorioz utzi behar izan zuen. “Ia akabatu ninduen zaldi hark. Arrantxo bat geneukan Miamin eta zaldi basati baten gainean nenbilela, buruko galanta hartu nuen zuhaitz baten kontra. Orduz geroztik, bukatu egin zitzaizkidan niri pilota kontuak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!