‘Agur barrez’ ikuskizuna igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 16:48

Berrogei urtetan zehar Euskal Herriko hamaika txokotan irribarreak marraztu ondoren Txirri, Mirri eta Txiribiton, lehenengo pailazo euskaldunek, agur esango dute betirako azaroaren 25ean.

1972 urtean ekin zioten euren ibilbideari. Lehen emanaldia Donostian egin zuten, baina handik gutxira Ataunen Jose Migel Barandiarani eskaini zitzaion omenaldi batean hartu zuten parte. Han euskal bazter guztietako jendea zegoenez, berehalaegin ziren  famatu. Harrezkeroztik Euskal Herri osoa zeharkatu dute eta Euskal Telebistako saio desberdinetan ere ikusi izan ditugu, hala nola, Don don kikilikon, Barrebusa, Altza Porru, Trikitraka Trikitron...
Orain, berrogei urte pasa eta euskal pailazo munduaren ildo nagusiak finkatu ondoren, beste belaunaldiei lekua uzteko garaia heldu zaie. Hori horrela, lehenengo lerrotik albo batera joango dira, beren ondorengo zuzenak diren Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorrei txanda emanez. Horren harira, azaroaren 25ean, arratsaldeko 16:30ean, Agur barrez, euren azken emanaldia eskainiko dute Gurea zineman. Ordu bete inguruko funtzio berezi honetan, Txirri, Mirri eta Txiribitonek 40. urteurreneko ospakizunei amaiera borobila emango diete euren esketxik onenak antzeztuz: Kax-kax, Sustoa, Ostatu Nagusia, Txirrimatona... Kakusai gaiztoak ere egingo du bere agerpen txikia, baina ez du inor beldurtzerik lortuko. Euren abestirik famatuenak ere publikoarekin batera kantatuko dituzte: Txirri, Mirri eta Txiribiton, Zapi zuria, Paristik natorren, Barre egin, Pintto Pintto, Altza Pelipe... Eta, amaiera aldera, lekukoa pasako diete beren ondorengo juniorrei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!