Axeri Dantza izan zen igandeko lehen ekitaldia; ikusleen txalo eta irribarreak eragin zituen dantzak, modu bizi eta ikusgarrian jardun baitziren dantzariak. Ondoren, talo, gaztain nahiz saihetsezurren txanda heldu zen bertaratutakoentzat; eztarriak bustitzeko sagardo kupela ere jarri zen pilotalekuan. Nabarmentzekoa da sukaldean aritu ziren lagunen ahalegina.
Musikarik ez zen falta izan goiz osoan; Axeri Dantzaren txistu hotsak isilduta, Aiztondo bailarako kantuzaleek eta Loatzo musika eskolako gaztetxoek hartu zuten lekukoa.
Kultur astearen balantzea egiteko orduan, baikor agertu zen Iñaki Aristeta, kultura zinegotzia: “Ekitaldi sorta zabala antolatzen saiatu gara aurten ere; denen gusturako saioak, hitzaldiak, haur ekintzak… eskaintzen ahalegindu gara eta lortu dugulakoan nago”.
Axeri Dantzaren inguruan aurrera eraman den ekimena azpimarratu du Aristetak: “Herriko kultur ondarea indartu nahi horretan, Axeri Dantza suspertzeko asmoz sortu den taldetxoa nabarmenduko nuke. Parte-hartze aldetik pittin bat gainbehera zetorren, eta indarberritzeko saiakera egin du taldeak. Gaur, plazan, argi ikusi da herritarrengandik harrera ona jaso duela, bide onetik doala alegia”.