Pello Ipintza gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 22a, 12:43

Maitea zuen natura Pello Ipintza zizurkildarrak. Oso gogoko zituen hegaztiak, eta Itsas Enara elkarteko kide ere bazen. 2011n utzi gintuen Pellok, baina elkarteko kideek ez dute ahaztu. Urriaren 19an omenaldi hunkigarria eskaini zioten.

Duela urte asko egin zen Pello Itsas Enarako bazkide. Betidanik gustatu izan zitzaizkion hegaztiak, eta Plaiaundira egindako txango batean ezagutu zituen elkarteko kideak. Izena eman, eta Itsas Enarak antolatutako ekintzetan parte hartzen hasi zen. Hector Gonzalez Itsas Enarako kide da, eta hark eman ditu Pellok egindako lanaren inguruko azalpenak: “Hegaztien zentsu ezberdinetan parte hartzea gustatzen zitzaion. Oria ibaiko erdiguneko zentsuak egiten zituen gehienbat; Zizurkil, Villabona, Andoain, Tolosa..., zonalde horretan ibiltzen zen. Negua pasatzera edota habia egitera gerturatzen diren hegaztien azterketak egiten zituen, Kandido Aizpuruarekin batera”.

Baserritar eta naturaren maitale
Ondo gogoan dute Pelloren zaletasuna eta natura bizitzeko zuen modua: “Itsas Enarako kide gehienak kostaldekoak gara, eta hirietakoak. Pello, ordea, baserritarra zen, Zizurkilgoa. Horrek, naturaren beste ikuspegi bat ematen zion eta asko erakutsi zigun. Hegaztiekiko zuen harremana oso zuzenekoa zen, oso egiazkoa. Landa munduan bizita, garapen sostengarriaren eta naturaren alde nola lan egin daitekeen erakutsi zigun”.

Oilategiko ehizaldiak
Pelloren inguruko bitxikeria bat ere kontatu du Hectorrek: “Oiloak eta usoak zituen Pellok baserrian. Zapelatzak sartzen zitzaizkion usotara eta lapurtu egiten zizkiote, baita aztore edo gabiraiak ere. Usoak, txitak, oiloak..., denetarik eramaten zuten. Elkartzen ginenean, ordea, poz pozik azaltzen zizkigun gertaera haiek, eta ez zuen oilategian sarerik jartzeko asmorik ere. Pellorentzat, oilo edo usoekin galtzen zuen diruak baino gehiago balio zuen hegazti harraparien ehizaldia ikusteak. Ikuspegi hori oso aberasgarria izan zen guretzat”.
Ernio eta Gazume gertu-gertutik ezagutzen zituen Pello Ipintzak. “Udazken aldera egunero-egunero igotzen zen inguru haietara. Usoen migrazio garaian, zenbaketak egiten aritzen zen bertan. Askotan esaten zigun, hego haize bortitzarekin, hegaztiek ia oinez, lurraren kontratik pasatzen zutela Ernio, haize boladei ia aurre egin ezinik. Bere azalpenei esker, gune hori hobeto ezagutzeko aukera izan genuen”, azaldu du Hectorrek. Inguru haren defentsa ere egin zuen Pellok: “Gazume inguruan aerosorgailuak jartzeko proiektuaren berri zabaldu zenean, Pello izan zen horren aurkako borrokan gehien mugitu zenetarikoa”, gogoratu du Hectorrek.

Hegazti askoren pasaleku
Ernio oso ingurune aberatsa da. Hala azaldu du Itsas Enarako Hector Gonzalezek: “Uso garaian, milaka pasatzen dira bertatik, baina baita beste hainbat espezietako hegaztiak ere: miru gorriak, arrano txikiak, arrano arrantzaleak, arrano sugezaleak, mirotzak eta hainbat txori; birigarroak, txonta arruntak, etab. Ernion aerosorgailu parke bat jartzeak kalte handia ekarriko lieke hegazti horiei guztiei eta Pellok jarri gintuen horren guztiaren jakinaren gainean”.Ernioren inguruan solasean, beste aldarrikapen bat ere utzi nahi izan du Hectorrek: “Udazkenean, ehiztariz betetzen da Ernio. Mendia bere egiten dute eta hori ez dut bidezko ikusten. Inguru haietan dabiltzan mendizale, artzain eta gainerako guztiek tiro artean ibili behar izaten dute, eta ez da bidezkoa. Ehiza modu sostengarrian kudeatu behar dela iruditzen zaigu”.
Pello, gogoan
Pelloren heriotzak samin handia eragin zuen Itsas Enara elkarteko kideen artean. “Oso gaztea zen, natura izugarri maite zuen eta asko egiteko gogo handia zeukan. Bere heriotzaren berri jasotzea oso mingarria izan zen guretzat. Aurten hogei urte bete ditu gure elkarteak, eta zenbaki borobil hori Pellori omenaldia egiteko baliatzea erabaki genuen”.

Agurra eta olerkia
Urriaren 19an egin zuten ekitaldia. “Oso polita izan zen, hunkigarria eta goxoa. Pelloren senitartekoak bertan izan ziren eta eskerrak eman nahi dizkiegu horregatik. Elkarteko kideak asko gogoratzen gara Pellorekin eta hori adierazteaz gain, gure babesa ere eskaini nahi izan genien”.
Agurra dantzatuz hasi zuten omenaldi ekitaldia: “Biolina jotzen ikasten ari naiz eta neronek jo nuen agurra, biolontxelo batek lagunduta. Oso momentu hunkigarria izan zen guztiontzat; malko artean amaitu genuen”. Itsas Enara elkarteko kideez gain, Zizurkildik gerturatutako Pelloren lagunak ere izan ziren omenaldian eta guztiek ere oso hunkituta jarraitu zuten ekitaldia.
Pello Otxoteko elkarteko kideak idatzitako olerkia ere eskaini zioten Ipintzari. “Pelloren inguruan ditugun oroitzapenak biltzen ditu olerkiak; hegaztiak eta askatasuna batuz. Otxotekok berak irakurri zuen”.
Ekitaldia amaitzeko, eta Itsas Enararen urteurrena gogoan, Gorka Ocio ornitologoaren hitzaldia izan zuten gozagarri. Elkarrekin afalduz amaitu zuten eguna.

Pello Ipintzaren omenezko bertsoaren pasartea (Pello Otxoteko)
HILETA ERESIA   PELLO IPINTZA (2012-X-19)

(...)
Badakigu Pello,
hegaztiak behatzera joaten garenean,
basoaren hotsak entzuten ditugunean
eta zuhaitzen hostoak haizeak astintzen dituenean,
gurekin zaudela.

Badakigu Pello,
Ernio mendia begiratzen dugunean,
naturarekiko maitasuna pizten duen edozein keinu egitean,
eta lagunen artean elkar banatzen diren irribarreetan,
gurekin zaitugula.

Eta haizearen besotan kulunkan,
badakigu Ernion, Gazumen, edota Zelatunen zabiltzala
goizetik ilunabarreraino
zure lagunak eta anaiak diren hegaztiekin
kiribil irudikariak marrazten zeruaren pantailan,
eta boz goraz txioka kantari:
Hegoak ez nizkion inori ebaki,
ez txoriei, ez gizakiei, ezta gogoetei ere,
zeren honela libre izango nintzen haizearekin hegaka,
eta nik beti, txoria nuen maite.

Hector Gonzalez
Itsas enarako kidea
"Geroz eta jende gehiago joaten da hegaztiak ikustera, baina oso gutxik ematen du izena elkarte batean”

Zer da Itsas Enara elkartea?
Hegaztiak ezagutu eta zaintzeko asmoz sortu zen Itsas Enara ornitologia elkartea, duela hogei urte. Gipuzkoako hezeguneak izan dira gure jomuga nagusia, oso zigortuak izan direlako. Hegaztien zentsu ezberdinak egiten ditugu urtean zehar; negua pasatzera Gipuzkoako hezeguneetara etortzen diren hegaztiena, habia egiten dutenena eta beste arrazoiren batengatik interesgarri iruditzen zaizkigun zentsu eta azterketa zehatzak.

Zenbat kide ditu elkarteak?
Gipuzkoa osoan zehar zabalduta dauden berrogeita hamar kide inguru ditu Itsas Enarak. Lan handia egin dugu Txingudi eta Zumaiako hezeguneak babes daitezen, baita Oriako erribera aztertu eta babestearen alde ere.
Hogei urte bete berri dituzue...
Itsas Enara elkartea bi elkarte batzetik sortu zen; Irungo Motacilla eta Donostiako Aquariumeko kideak. Garai hartan, Aquariumak zientzia elkarte bat sortu nahi zuen eta saiakera hartan murgilduta genbiltzan. Duela hogei urte Irungo Motacillarekin elkartu ginen, kontserbazionismoaren alde lan egiteko.

Nola egiten duzue lan?
Askatasun handia ematen diegu bazkideei. Bakoitzak bere irteerak egiten ditu eta bildutako datuak elkarbanatzen ditugu ondoren. Oso garrantzitsua da datu horiek guztiak bildu eta ondo aztertzea. Urteko zenbait garai jakinetan, gainera, azterketa bereziak antolatzen ditugu. Udazkenean eta udaberrian, esaterako, Txingudin barrena kontaketak egiten ditugu. Lau edo bost pertsona joaten gara, puntu ezberdinetan jarri eta ikusten ditugun hegaztien kontaketa egiten dugu, denek ordu berean. Hamabostean behin egiten dugu hori. Modu horretan, egoeraren argazkia egitea lortzen dugu. Edonor etor daiteke kontaketa horietan parte hartzera. Gurekin etorri, eta pixkanaka ikas dezake hegaztiak identifikatu eta zentsuak egiten. Bestelako irteerak ere egiten ditugu. Lehengo hilabetean, esaterako, kostaldetik 20 milietara joan ginen, hegazti pelagikoen inguruko azterketa egitera.

Hegaztien egoeraren inguruko informaziorik ba al dugu Gipuzkoan?
Oso gauza berezia gertatu da. Geroz eta jende gehiago joaten da hegaztiak ikustera, baina oso gutxik ematen du izena elkarte batean. Inork ez du konpromisorik hartu nahi. Kantitatean irabazi dugu, baina ez kalitatean. Oso gizarte indibidualista daukagu, eta urte asko kostako da egoera horri buelta ematea.

Zein lanetan murgilduta zabiltzate orain?
Txingudi inguruaren babes maila jaitsi egin du Gobernuak, eta horren aurkako mugimendua jarri dugu abian. Horrez gain, naturaren inguruan lan egiten duten Gipuzkoako hogei elkarte ezberdin batu gara, indar handiagoa izateko. Zenbait txosten prestatu dugu guztien artean, Gipuzkoako naturgune ezberdinak aztertuz. Foru Aldundian aurkeztu ditugu txosten horiek eta haien zain gaude orain.

Zer egin behar da elkarteko bazkide izateko?
Gure web gunean sartuta egin daiteke bazkidetza. Urtean 20 euroko kuota ordaintzen dugu, baina zentsuetan parte hartzea nahikoa izaten da kuota hori ordaindu beharrik ez izateko. Izan ere, gure helburua ez da dirua biltzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!