“Egiaren batzordea” hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 16a, 14:21

"Euskal Herriko Egiaren Batzordea" gaitzat hartuta, memoria historikoa egia eta justiziaren ikuspegitik jorratzen duten pertsona eta elkarteei begirako jardunaldiak egingo dira larunbat honetan-azaroak 17- Andoaingo Martin Ugalde parkean.

Euskal Herriko hainbat talde memorialista biltzen dituen Lau Haizetara Gogoan plataformak antolatu ditu jardunaldiak.
Hainbat hizlari, (historialariak, abokatuak, legegileak, gizarte eragileak...) izango dira bertan, guztiak ere gatazka biolentoen ondorioz biktimek jaso beharreko ordainaren inguruan arituko direlarik.
Goizeko txostengileak Carlos Villan eta Jorge Rodriguez izango dira, Santi Merinok gidatuta, eta Justizia Trantsizionala eta Egiaren Batzorde baten ezaugarriak garatuko dituzte. Ondoren, "1977ko amnistia legea" izenburua daramana eztabaidari egingo zaio tartea, honako mahaikideekin: Felix Soto, Frantzisko Letamendia Ortzi, Migel Castells eta Maria Garcia. Moderatzailea Maria Gonzalez izango da.
Arratsalde partean, beste lau hizlarik euren txostenak garatuko dituzte; lehenbiziko biek, Jose Maria Pedreño eta Patricia Aznarrek, "Euskal Herriko Egiaren Batzordea antolatzeko oinarri metodologikoa" izango dute hzipide. Beste bi hizlari Javier Antoni Burgos eta Juantxo Estebaranzek, berriz, "Iturri dokumentalen gestiogintza".
Oroimen historikoari amaiera emateko, Egiaren Batzordearen inguruko mahai ingurua antolatu da alderdi politiko, sindikatu eta herri mugimenduen ordezkariekin. Moderatzailea Martxelo Otamendi izango da.
Jardunaldien ordutegia, honakoa izango da: goizeko saioa 09:00etatik 13:30etara. Arratsaldez, berriz, 15:30etatik 19:30etara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!