Gartxot, oihartzun itzeleko pertsonaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 16a, 14:19

Gartxot Zaraitzu bailarako euskal koblakaria fenomeno sozial bihurtu zaigu azken urtetan Euskal Herrian, iaz animaziozko filma estreinatu zenetik batez ere. XII mendetik datorren leiendan oinarritako drama da Gartxot, latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko semea (Mikelot) bahitzen diotenaren tragedia.

Arturo Kanpionek nobela idatzi zuen harekin inspiratuta 1917an, eta Benito Lertxundik Itzaltzuko Bardoa diskoa kaleratu zuen 1983an.
Gartxoten istorioaren bitartez, 1512an baino lehenago, XII mendean jada Nafarroako konkistaren lehen zantzuak eman zirela ohartarazi nahi izan zuen Kanpionek, eta mezu hori berreskuratu nahi izan dute animazioaren egileek.
Filma estreinatu baino hiru urte lehenago jada Gartxot hasia zen gertakizunak eragiten bere itzalpean. Besteak beste:
  • • 2008an, jada, Gartxot ekimena abian jarri zen. Orduan Zaraitzuko gazteek euskal elkarte bat sortu zuten, Gartxoten oroimena gorde eta euskara bultzatzeko asmoz.
  • • Filmean agertzen den sekuentzi bat (San Juan suaren inguruan dantza eta jaia, basoan) berreskuratu dute, Zuberoako mendi tontorretan.
  • • Hainbat antzerki eta kantaldi antolatu dira Euskal Herrian, Gartxot aitzakitzat hartuta (Azpeitia, Zornotza, Villabona…).  
  • • Egun osoko jaiak diren Gartxot Egunak antolatu dira azken urtetan (Durango, Itzaltzu, Maule, Baiona…).
  • • Filma bera 30.000 ikusle baino gehiagok ikusi dute aretoetan.
  • • XII mendeko testuingurua testuekin eta ilustrazioekin kontatzen duen luxuzko liburua argitaratu zuten, eta 60 hitzalditik gora eman dituzte egileek.
  • • Izen berri bat zabaldu da euskal izendegian: Xune (filmean, Itzaltzuko bardoaren ahozko tradizioari eutsiko dion neskatila); hiru haur jaio dira dagoeneko izen horrekin.

JUANJO ELORDI
Andoainen egoitza duen Somuga ekoizle etxeak egin du filma, eta Juanjo Elordi eta Asiko Urmeneta izan dira bere zuzendariak. Andoainen bizi den Elordik azaldu dio Aiurri-ri azken urtean bizitutako bizipena.

Gartxot kultur dinamika harrigarria eragiten ari da…
Juanjo Elordi: Euskal jendearen gogoa, sentimendu berezi bat piztu duela ematen du. Batzuk pertsonaia den bezalako miresten dute, beste batzuei euskaldunon historia ekartzen die gogora… Nik uste, euskaldunok garai haietan zerbait baginela ohartarazten digula pertsonaiak. Gure jatorriei buruzko jakin mina esnarazten digu: zertan ibili ginen garai haietan, nola borrokatu genuen, nola menperatu gintuzten... Gartxot Nafarroako konkistaren 500. urteurrenean heldu da, eta nolabait, konkistaren irudia bilakatu da. Izan ere, konkistatzaileez (Albako kondea eta horiek) badakigu nahikoa; gure arbasoak, aldiz, ezezagunak zaizkigu, eta horien berri jakiteko gosea dago. Esaterako, konkistaren harira sortu den “1512-2012 Nafarroa Bizirik” ekimenarentzat, ideologia ezberdinetako jendeak osatutakoa den horrentzat, Gartxot irudi eredugarria bilakatu da jada.      
Azken batean, euskaldunok nortasun kolektiboa indartzeko beharra sentitzen dugu; atzera begiratzeko joera daukagu harro sentiarazteko moduko pertsonaiekin, izaera aparta dutenekin identifikatzeko.   

Hitzaldiz hitzaldi ibili zarete Euskal Herria barrena…
J.E.: Herritarren eta egile eta ekoizleen arteko elkarlanaren eredua izan da hitzaldien ibilbidea, oraindik eten ez dena. Asisko Urmenetak batez ere, eta Edorta Barruetabeña eta biok eman ditugu hitzaldiak. Egia esan, gauzak bidean aldatzen joan dira azken urtean. Filma estreinatu eta hiru hilabeteko kontua izango zela uste genuen hasieran. Publikoaren jakin mina ezagutzen ez genuenez, pelikula nola egin zen kontatzen hasi ginen. Baina lasterrera, Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren eraginez, entzuleak konkistaren inguruan galdezka hasi zitzaigun; Zaraitzuko euskararen jatorria ikertzeko ere eskatzen zioten Asiskori. Horrela, geuk ere eboluzio bat bizitu dugu denborarekin; leienda batean oinarritutako animazio bat deskribatzetik, Nafarroako historiaren zati bat azaltzera ausartu ginen. Eboluzio horren harira ere etorri ziren filmari “konkistaren aurreko konkista” izenburua eranstea eta liburua idaztera.

Ez da txantxetakoa nazioartean ere lortutako arrakasta…
J.E.: Beldur ginen Gartxot-engan euskaldunen historia besterik ez ote zen ikusiko; are gehiago, euskara izanda filmaren hizkuntza (nahiz eta beste 18 hizkuntzetan azpitituluak eraman). Izan ere, badakigu euskaldunon zigilua daukan oro lokala izango dela beti askorentzat.. Usteak uste, mundu zabaleko zortzi bat festibaletara iritsi da, eta harrera oso ona eman zaio. Esaterako, Australiako nerabeek filma onenaren saria eman berri diote. Horrek erakusten du filmak balore unibertsalak transmititzen dituela.  
Azken batean, edozein kulturetan ulertzeko eta dibertitzeko moduan idatzi eta atondu nahi izan dugu filma.

Alegia, ezinbestekoa dela dibertigarria izatea filma harrera ona izango badu aretoetan…
J.E.: Hor ez dago zalantzarik. Formularekin asmatu dugula ematen du, aldi berean filma entretenigarria izatea eta balore batzuk transmititzea lortu baita. Egia esan, egitasmoa anbizio handikoa zen, abian jarri genuenean: Arturo Kanpion, Benito Lertxundi eta beste hainbatentzat markatzen duen erreferentzia izan zen Gartxot eta horiei ezin genien hutsik egin. Euskal gaztetxo eta helduentzat ere pertsonai erakargarria eskaini nahi genien, eta azkenik, publiko zabalarentzat ere produktu ona egin nahi genuen.
Sormuga ekoiztetxean elkarlana izan da nagusi, eta nork berea jarri du: Guztiok ere “sorkuntza libertateari, libertatea sorkuntzari” leloa erabili dugu lan filosofia gisa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!