Amasako oilasko jokoaren inguruan argitaratutako informazioak salatu nahi ditu Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 12a, 14:35

Oilasko jokoaren inguruko informazioa manipulatua izan dela salatu du Amasa-Villabonako Udalak, ondorengo oharraren bidez:

“Joan den asteazkenean, azaroaren 7an, Diario Vasco egunkaritik dei bat jaso genuen, Amasako Oilasko Jokoaren inguruan Udal honek duen iritzia eskatuz. Guk, gure federik onenarekin idatzia bidali genien, pentsatuz Villabonako Udalaren iritzia aintzakotzat hartuko zutela. Eta egunkari honek, beste behin, gure hitzari huts egin dio.

Gipuzkoako lurraldean halako zabalkundea duen hedabide batek informazio egiaztatuan oinarritutako komunikazioa landu beharko luke. Argi geratu da gure Udalak hedabideetara bidaltzen dituen oharrak manipulatu eta falaziez betetzen dituela. Egunkari honen irakurleek, zoritxarrez, Villabonako Udalari buruzko informazioa intoxikatuta barneratzen dute, egiazko komunikazioa jasotzeko duten eskubidea zapuzten zailerarik.

Udal honek bere iritzia zalbaltzeko, bide hauetara jokatzea egokia ikusi du.

Oilasko Jokoaren harira, hona hemen Villabonako Udal Gobernuak Diario Vasco egunkarira bidali zuen komunikatua:

Villabonako Udal ordezkariek zenbait ideia argitu nahi dituzte, ATEA elkarteak Oilasko Jokoaren bueltan idatzitako salaketa-idatziari erantzunez.

Lehenik eta behin, Villabonako Udal Gobernuak berretsi nahi du Amasako Martina Kultur Elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintzak erabat babesten dituela.

Amasako gazteen elkarteak beti izango du Udalaren laguntza ekimen ezberdinen antolatze lanetan. Ildo horretatik jarraitzeko asmoa dugu, izan ere, Martina Kultur Elkarteak jarduera interesgarri asko burutzen ditu urtean zehar, Amasako kultur ondarea bizirik mantentze aldera. Egiaz, ekintza guztietan erakusten duten parte-hartze maila eta antolatze lanetan jartzen duten ahalegina eta gogo bizia eskertzen eta txalotzen ditugu.

Nolanahi ere, Udal taldearen aburuz, festaren garapenaren zenbait une garai berrietara egokitu behar dira. Ikuspegi hori behin baino gehiagotan luzatu zaie Martinako kideei. Villabonako Udalak, zintzotasun eta erantzunkizun osoz jokatu du une oro, herriko elkarte zein eragileekin hartu-eman zuzenean dabilelarik, zenbait jardueren antolakuntza lanak bere eskumen zuzenekoak izan ez arren”.

Villabonako Udal Gobernua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!