Sukaldean aritzea gustuko dutenek gehiago ikasteko aukera polita izango dute hil honetan Villabonan, Kultura Sailak antolatutako sukaldaritza ikastaroari esker. Maila aurreratuko ikastaroa denez, aurrez, sukaldean esperientzia pixka bat izatea gomendatzen da. Ikastaroaren programa sukaldaritza tradizionalean oinarrituta dagoen arren, berrikuntzek ere izango dute euren tartea, plateren aurkezpena eta formula tradizionaletan oinarritutako errezeta berritzaileagoak ere landuko baitira. Programa eskuratu nahi duenak, Villabonako Kultura Sailean eska dezake (kultura@villabona.net - 942691655).
Ikastaroak 58 euro balio du Villabonan erroldatuta daudenentzat, eta 75 euro bertan bizi ez direnentzat. Prezio horren barruan sartzen da abenduaren 19ko saioa ere, ikastaroari amaiera emango diona hain zuzen: Mikel Garaizabal enologoaren eskutik txakolina, Arabako Errioxako ardoa eta Idiazabalgo gazta dastatzen ikasteko aukera izango da. Azken saio hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Kalitatea Fundazioaren babesari esker egingo da. Ikastaroaren plazak mugatuak izango dira; izena eman nahi duenak azaroaren 15aren aurretik egin beharko du Villabonako Udaleko Kultura Sailean.