"Frankismoaren aztarnak arakatzen" liburua aurkeztu zuten ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 12a, 13:05

Frankismoak Amasa-Villabonan idatzita utzi zituen agiriekin osatutako liburua aurkeztu zen Mintzolan, joan den ostiralean. Esti Amenabarro, Karlos Almortza eta Pello Aranburu villabonarrak dira bere egileak.

Aurkezpen ekitaldian, honakoak agertu ziren: Galder Azkue, Amasa-Villabonako alkatea, Aranburu eta Amenabarro egileak eta Iñaki Egaña historialaria.

Galder Azkue izan zen hitza hartzen lehena. Adierazi zuenez, "36ko gerran benetan zer gertatu zen oraindik jakiteko daukagu, gerra ezagutu ez genuen belaunaldiek batez ere, eta behar beharrezkoak ditugu horrelako liburuak". Udalak hartu duen konpromisua gogoratu zuen. "Amasa-Villabonako Udalak babestu egingo ditu aurrerantzean etor daitezkeen antzeko ekimen guztiak. Errepresio basatia jasan zutenei zor diegulako, egiarekin zorretan garelako, eta berriz ere gertakizun haiek gertatu ez daitezen".

Pello Aranburuk liburuaren edukia deskribatu zuen, ondoren. Hiru egileek udaletxean topatu zuten agiri kopuru mordoa nabarmendu zuen, hasteko eta behin: "Ezustekoa izan zen 2.000tik gora agiri topatu izana, makina bat karpetetan sartuta". Frankismoaren inguruko udal agirien panoraman salbuespena dela zehaztu zuen Aranburuk. "Gure herrikoa aparteko kasua da, izan ere badakigu inguruko udalerrietako artxibategietan ez dela hainbeste materialik kontserbatru gaur arte. Beharbada Amasa-Villabonako frankisten mentalitatea zen betirako egongo zirela agintzen bertan".

Mintzolan aurkeztu zen liburuak "Amasa-Villabonako frankistek idatzita utzi ziguten liburua" du bigarren izenburua, eta Aranburuk azaldu zuen horren zergatia: "Hainbeste agiri topatu ondoren, horiekin bakarrik liburu bat idatzi zitekeela erabaki genuen". Liburua frankistek idatzitako agiriez osatzen da, horrenbestez. "Guk bakar-bakarrik deskribapen aseptiko batzuk jarri ditugu agiri bakoitzaren ondoan, irakurlea testuinguru historikoan jartzeko adina".  

Aranburuk, segidan, liburua osatzen duten atalak azaldu zituen, banan bana.

Esti Amenabarrok, bere aldetik, liburuak "emozioa eta mina" daukala berarekin adierazi zuen, hitza hartu bezain pronto. Emozioa, bi arrazoi direla medio. Batetik, sentimendu hori zela nagusi hiru egileengan euren liburua aurkezterakoan: "Emozioa sortzen dio bati besteek idatzitako liburuen aurkezpenetan egotea, baina emozioak gainezka egiten du norberak idatzi eta sortu duen liburua denean". Bigarren emozio eragilea, liburuan agertzen diren amasa-villabonatarrek eragindakoa da: "ikerketa urte hauetan, askatasuna eta justiziaren alde borroka egin arren ahaztuak geneuzkan hainbat herritar, emakumeak batez ere, deskubritzeko pribilegioa izan dugu".

Topatu duten "minari" ere egin zion tokia Amenabarrok, egin zuen mintzaldian: "Frankismoa basatia izan zen eta herritar askok sufritu zuten heriotza, kartzela, deserriratzea... isilpean sufritu ere. Gerra bizitu ez genuenok gure aurrekoei gerra hitza entzuten genienean ez genekien zer zegoen horren atzean".

"Frankismoaren aztarnak arakatzen" liburua urratzen hasitako bide baten hasiera besterik ez dela izan, argi utzi zuen Amenabarrok. "Liburu honek garai zehatz bat dokumentatu eta frankistek egin zutena jaso besterik ez du egin. Hemendik aurrera, zapalketa jasan zutenen testigantza, ahotsa, emozioa eta sentimendua jasotzeari ekin diogu. 450 pertsonen zerrenda daukagu, eta hasita gaude guzti horiengana hurbiltzen. Gure bigarren proiektua da horixe, benetako proiektua. Testigantza mingarriak jasoko ditugu, baina premiazkoak zaizkigu denoi. Premiazkoa zaigu hainbeste sufritu zuten pertsona horiek zer eta nola sufritu zuten jakitea, gero gizartean eta ikastetxeetan zabaltzeko".

Gogoeta horri eutsirik, Amenabarrok deia zabaldu zuen, garai haiekin zerikusia duen testigantza, datu, argazki edo bestelako agiriren bat daukan edonor eurekin harremaneten jar dadin.

Liburua 10 eurotan jarri da salgai, liburudendetan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!