Abiatu dira Ahoa Bete hots jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 12:46

Azaroaren 7tik 9ra “euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan” izango da hizpide Amasa-Villabonako Subijana etxean.

Atzo, azaroak 7, antzerkigintzan ari diren profesionalak aritu ziren euskara batua eta euskalkiak antzerkian nola lantzen diren eta nola eragiten duten aztertuz. Bertan izan ziren Petit Theatre de Pain konpainiako Manex eta Ximun Fuchs, Dejabu Panpin laborategiko Ainara Gurrutxaga eta, besteak beste, Goenkale telesailean ari den Itziar Ituño. Hitzaldiez gain “Juglarea, puta eta eroa” antzezlana eskaini zen eta Antzerkizale Elkarteko Julia Marinek gidatutako mahai ingurua ere egin zen.

 

Gaur, bertsogintzatik eta kantugintzatik landuko da gaia. Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren hitzaldiak izango dira, Mikel Markezek kantaldi-hitzaldia eskainiko du eta ondoren Bertsozale Elkarteko Beñat Gaztelumendik gidatutako mahai ingurua izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!