Ikastetxearen eraberritzearekin baratzea martxan jartzea erabaki zuen guraso taldeak, lekua, berriz, Udalak finkatu zuen. Diru-laguntza lortzeko, Tolomendi nekazal elkartearekin hitzarmena sinatu zuten eta behin pauso garrantzitsuenak eman ondoren, baratzearen planteamenduarekin edo diseinuarekin hasi ziren: “Kale desberdinetan banatutako baratze-mailak egitea erabaki genuen. Era honetara, kaleek altuera pixka bat dutenez, lanean aritzeko erosoagoa da, haurrak beti belarraren gainean ibiltzen dira eta eskola ere txukunago mantentzen dute. Gainera, laboreak zapaltzeko ere arrisku gutxiago dago”, azaldu du Mikel Alkorta baratzearen arduradun nagusiak.
Haurren kontzientzia helburu
Ekimen honen muina baratzea den arren, proiektua haratago doa Aitor Atxega ikastetxeko zuzendariaren ustez: “Ingurumenarekiko kezka dago honen guztiaren atzean. Orain bi urte, gutxi gora-behera, Agenda 21ean sartu ginen. Azken finean, ingurunearekiko kontzientzia hartzea da helburua. Orain, adibidez, konposta egiten hasiko gara, beraz, kontzeptua oso orokorra dela esango nuke”. Asteasu nekazal ingurua den arren, askok eta askok inguruarekiko ezjakintasuna dutela aitortu dute: “Baratzeari esker, garaiaren arabera zein produktu lantzen den ikasten dute. Gainera, baratze ekologikoa lantzen ari garenez, ahal den garbiena egiten dugu. Era horretara, haurrak elikaduraren kalitatearen garrantziaz jabetzen dira eta gauza bakoitza nola eta nondik dakarren ikasten dute”.
Ikasgai guztiak landuz
Gaur egun, bi urtetatik hasi eta hamabi urte bitarteko ia 300 ikasle daude Pello Errota ikastetxean eta ikasle bakoitzak, gutxi gora-behera, urtean bospasei aldiz landuko du baratzea. Irakasleek azaldu dutenez, irakasgai guztiak lantzeko balio du: “Ingurunea irakasgaiaren barnean baratzearen nondik norakoak landuko dituzte, geometriarekin baratzearen diseinua aztertuko dute eta hizkuntza ere landuko dute, laborea bera euskaraz eta bere izen zientifikoa zehaztuz, adibidez. Gurasoek ere hartuko dute parte ikasturtean zehar, besteak beste, ukenduak eginez azalpenak emanez eta haziak landatuz”. Baratzetik at, inguruko basoetara bisitak egiteko asmoa azaldu dute.
Interes handia
Bidea egiten orain hasi diren arren, aurreko ikasturteko esperientziaren arabera, ikasleak baratzean oso gustura aritzen direla aipatu dute. “Interes handia erakutsi eta asko ikasten dute. Baserria gertu badute ere, ez dute honen inguruko noziorik. Iaz, gogoan dut ikasle batzuk eskuetan letxu bana zutela nola joan ziren etxera, izugarrizko oparia balute bezala, eta hori oso polita da”, azaldu dute. Iazko uzta ikasleen artean banatu zuten, baina aurten akaso beste irtenbide bat emango diote: “Urtean zehar eskolan hainbat festa antolatzen dugu eta uzta bertan erabiltzea pentsatzen ari gara. Adibidez, entsalada egiteko bertako letxu eta tomateak erabili ditzakegu eta patata tortila egiteko, berriz, patatak”.
Udan, guztiak oporretara
Udan ez du inork ardura berezirik hartzen; gurasoen artean kudeatzen dute baratzea batez ere. Ahal duenak noizean behin lurra lantzen du eta belar txarrak kentzen ditu. Hala ere, Mikel Alkortak adierazi duenez, “udan baratzeak ez du lan handirik eskatzen; oporretatik bueltakoan pixka bat eguneratu, eta listo”. Nahi izanez gero, gainera, Tolomendik har zezakeen baratzearen ardura: “Hitzarmena sinatu genuenean, %65eko diru-laguntza eskaini ziguten eta prest azaldu ziren udan norbait kontratatzeko edo bertako langileren bat etortzeko”, azaldu du ikastetxeko zuzendariak.
Konpostagailua martxan
Gaur egun arazo den zaborraren inguruan kontzientzia hartuz, konposta egitea erabaki dute Pello Errotako kideek: “Gipuzkoako Foru Aldundiak konposta nola egin azaltzen duen gida bat eman zigun eta ondoren, ikastaro batzuk jaso genituen. Orain, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailakoak izango dira, bere tutorearekin batera, konpostaren ardura zuzena izango dutenak”.