Margarita Eizmendi, Zizurkilgo maistra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 09:09

1919ko urriaren 16an jaio zen Margarita Eizmendi Garaialde, Ikaztegietan. Hamahiru senide izan ziren eta gaur egun, hamabi bizi dira. Guztien adina batuta, marka harrigarria betetzen dute: mila urte.

Ikaztegietan jaio bazen ere, urte asko darama Margaritak Zizurkilen bizitzen: “Nire bizitzako urterik gehienak hementxe pasa ditut. Pello Mari Otaño ikastetxeko irakasle izan nintzen jubilatu arte eta oso gustura bizi naiz hemen”.
Ikaztegietako Muño baserrian jaio zen Margarita. Jose Antonio Eizmendi eta Maria Garaialderen alaba zaharrena zen eta berari egokitu zitzaion senide gazteenak zaindu eta haztea. Baserriko lanetan eta ganadu tratante gisa aritzen zen Margaritaren aita, baina familia handitzen joan zen heinean, kalera jaisteko beharra suertatu zitzaien. “Osaba-izebak ere baserrian bizi ziren, eta nik zortzi bat urte nituenean, kalera joateko erabakia hartu zuten gurasoek. Neska koskorra nintzen, eta lanerako nahikoa jende bazegoenez, oso gutxitan tokatu zitzaidan baserriko lanetan aritzea. Senideak zaintzen bai, horretan gehiago aritu nintzen”, azaldu du Margaritak. Ikaztegietako Ayutu etxera joan zen familia eta bertan hazi ziren senide guztiak.

Lau urterekin, eskolara
Lau urte besterik ez zituen Margaritak eskolara joaten hasi zenean: “Neronek eskatuta hasi omen nintzen eskolara joaten. Maistra oso laguna egin nuen eta oroitzapen goxoak ditut garai hartaz. Asko gustatzen zitzaidan ikastea eta oso gustura joaten nintzen eskolara. Lehendabiziko urteetan, baserrian bizi ginen oraindik, eta egunero oinez joan beharra izaten nuen eskolara. Baserria ez zegoen herrigunetik oso urruti, baina bide aldapatsua zen eta errepiderik ere ez zegoen. Etxeko lanak egitera etortzen zen neska batek laguntzen ninduen eskolarako bidean eta itzulerakoa ere harekin egiten nuen”.
Hamaika urterekin, Tolosako Hijas de Jesus ikastetxean hasi zen Margarita: “Trenean joaten ginen Tolosara. Hala ere, lehendabiziko urteetan, Ikaztegietan tren geltokirik ez zegoenez eta Alegiara joan behar izaten genuen oinez. Bost edo sei senide joaten ginen elkarrekin. Geroxeago jarri zuten tren geltokia Ikaztegietan. Bestalde, Tolosan ikasketak eginagatik, Donostiara joan behar izaten genuen azterketak egitera”.

Maistra izateko nahia
Ikasketetan aurrera egin zuen Margaritak: “Oso garbi neukan maistra izan nahi nuela, eta nire irakasleak ere horretara bultzatzen ninduen. Aitari oso buru ona nuela esateko aholkatzen zidan, uzteko mesedez magisteritza egiten. Garai hartan, ez zen batere ohikoa baserriko alabek ikasketetan aurrera egitea; gehientsuenak neskame joaten ziren hamaika urte bete orduko. Nik, ordea, aita konbentzitzea lortu nuen eta magisteritza ikasi nuen. Oposaketak ere egin nituen aurrerago. Gustatu egiten zitzaidan ikastea. Nire senide gehienek izan dute ikasketak egiteko aukera. Batzuek ez zuten amaitzerik izan, baina beste askok aurrera egin eta tituluak lortu zituzten”.

Zizurkilgo irakasle
Zizurkilen maistra lanetan aritu zen Margarita urte askotan. “Elbarrenako eskola poligonaletan, nazionaletan aritu nintzen lehendabiziko hamabost urtetan. Gero, Pello Mari Otaño eskola zabaldu zuten eta bertan aritu nintzen, jubilatu arte. Garai hartan, jende erdaldun asko bizi zen auzo honetan. Euskaldunen seme-alabak ikastolara joaten ziren eta nire ikasle gehienak erdaldunak ziren. Saiatzen nintzen ume haiei euskaraz pixka bat erakusten. Abesti asko erakusten nizkien. Gustura hartzen zuten euskara pixka bat ikasteko aukera hura; gero, batzuek jarraitu egin zuten euskaraz ikasten eta beste batzuk berriz, ez”.

Nafarroako urteak
Nafarroan ere bizitu zen Margarita bolada luze batean: “Ezkondutakoan, Nafarroan bizitu ginen denboraldi batez. Garai hartan, ezkondutako emakumeok ez genuen lanik egiten etxetik kanpora eta nik ere eszedentzia eskatu nuen. Umeak pixka bat hazi zirenean, berriz ekin nion lanari, Abarzuzako eskolan. Adin guztietako haurrak izaten nituen gelan, eta bakoitzari arreta berezia jarri behar zitzaion. Asko gustatzen zitzaidan lanerako modu hura”.
Bere ikasketak osatzen jarraitu zuen Margaritak. “Lizarran  zenbait ikastaro egin nituen, haur txikiekin lan egiteko titulua lortu ahal izateko. Horixe zen nire gustuko espezialitatea”.

Hiru urtekoen eskola
Zizurkilera etorrita, haur txikiekin aritu izan da beti Margarita. “Lehendabiziko urteetan, lau urteko haurrak izaten nituen ikasgelan. Gela handiak genituen orduan, eta ume asko hartzen genuen, baita berrogei ere ikasgela bakarrean. Umeen ama askok lanera joateko premia izaten zuenez, hiru urteko haurrak eskolan hartzen hasteko beharra sortu zen. Garai hartan, lau urte arte ez zen umerik hasten eskolan, baina premia bazela ikusita, baimena eskatu genion ikuskatzaileari. Guk sortu genuen hiru urteko eskola Zizurkilen”, azaldu du Margaritak.
Margaritaren gelatik pasatakoak dira Elbarrenako biztanle asko: “Kalera ateratzen naizenean agurtu egiten naute askok. Beste askok, ordea, ez didate kasurik egiten. Orokorrean, esker txarreko lana da irakaslearena. Haurrak txikiak diren artean asko maitatzen zaituzte, baina handitzen direnean, ahazten joaten dira”.

Aldaketak
Lanerako modua asko aldatu zen Margarita irakasle lanetan hasi zenetik jubilatzeko garaia iritsi zitzaion arte: “Nire seme-alaba zaharrenak irakasleak dira denak, eta haiek asko lagundu zidaten azken urteetan. Hasieran, Coasin izeneko metodoa erabiltzen nuen: ariketa ezberdinak biltzen zituen koaderno moduko bat zen, Kataluniako lau pedagogoren artean prestatutakoa. Oso metodo ona zen; koloreak, formak, zenbakiak, batuketak..., gauza asko ikasten zen eta umeen adimena pizteko oso baliagarria zen. Plastilina eta margoak erabiltzen genituen, bereziki. Ipuinak, abestiak..., horrelakoak ere egiten genituen. Azken urteetan, berriz, ordenagailuak sartzen hasi ziren eta sistema asko aldatu zen”.

Haurrak eskolan, haurrak etxean
Hamar umeren ama izan da Margarita. “Lan asko egindakoa naiz, bai familia hazten, baita irakasle lanetan ere. Hala ere, osasun onekoa izan naiz beti eta horrek asko lagundu dit. Orain, zerbikaletako minez nabil eta ikusmeneko arazo txiki bat ere badut. Urteetan aurrera noa eta horrelakoak etorri egiten dira”.
Hamarkada luzeak daramatza Margaritak Zizurkilen: “Oso gustura bizi naiz hemen, Erniobidean. Goizeko seietarako jaiki eta bazkaria prestatzen dut. Arroparen bat garbitu eta bederatzietarako lanak aurreratuta izaten ditut. Ordu horretan iristen da laguntzera etortzen den neska. Kalera ateratzen naiz harekin eta eguerdian, telebistan ematen duten meza entzutea gustatzen zait. Arratsaldean, berriz, seme-alabak etortzen zaizkit, txandaka. Denak gogo onez etortzen dira eta horrek poz handia ematen dit. Zorte handiko familia izan gara; ikasketetan ondo joan zaigu eta lanpostuekin ere zortea izan dugu. Orain, biloben etorkizunak arduratzen nau pixka bat, lan merkatua oso egoera kaxkarrean ikusten dudalako. Asko ikasi eta prestatu beharra izango dute eta ondoren, zortea ere beharko dute”.
Beste pena txiki bat ere badu Margaritak: “Ikusmenean dudan arazoak ez dit irakurtzen uzten, eta horrek penatu egiten nau. Oso irakurzalea izan naiz beti. Egunean zehar, irratiko albistegiak entzuten ditut orain. Telebista, berriz, ez zait gehiegi gustatzen eta albistegiak ikusteko bakarrik pizten dut”.


HAMABI SENIDE, MILA URTE

Urriaren 16an laurogeita hamairu urte bete ditu Margarita Eizmendik. Osasuntsu eta argi dago Margarita, baita bere senideak ere. Guztien adina batuta, marka ikusgarria betetzen dute: mila urte. Hogeita bat urteko aldea dago Margaritaren eta ahizpa gazteenaren artean, eta hamar senidek dituzte laurogei urte baino gehiago.
Margaritaren koinatu bat konturatu zen zenbaki borobilaz: “Nire ahizpa gazteenaren senarra jabetu zen datu horretaz. Guztien adina batuta mila urte betetzen genituela eta, ospakizun berezia egin behar genuela esan zigun”.

Guinnessean sartzeko modukoa
Marka handia da Margaritaren familiarena. “Interneten begira aritu zen nire koinatua, eta mendebaldeko herrialdeetan, marka horretara iristen den familia bakarra gara; guraso bereko hamabi senide bizirik izan, eta mila urte batzen dituen beste familiarik ez dago. Ekialdeko herrialderen batean, Asia inguruan, ba omen da beste familiaren bat. Guinnes errekorren liburuan sartzeko moduko marka dugu. Hala ere, lan handia ekartzen omen du Guinnes liburuan sartzeak, eta bere horretan uztea erabaki genuen. Irabazirik ez digu ekarriko eta ez du merezi horrelako lanetan hastea”, azaldu du Margaritak.

Ospakizunak
Aginagako sagardotegi batean elkartu ziren Margaritaren senitartekoak urriaren 20an. Bi ospakizun berezi zituzten; Margaritaren urtebetetzea eta mila urte batzea. “Oso egun polita pasa genuen. Hamabi senideak elkartu ginen, baita haien seme-alaba eta bilobak ere; guztira, laurogeita hamar pertsonatik gora. Lan kontuengatik edo ikasketengatik kanpoan dabiltzan gutxi batzuk geratu ziren etorri gabe. Oso harreman ona izan dugu senideen artean eta halaxe jarraitzen dugu orain ere, gustura elkartzen gara. Gure seme-alabak ere oso ondo moldatzen dira elkarrekin. Zorte handia izan dugu guztiok eta oso familia ona osatu dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!