Azaroan jarriko da martxan Andoaingo Bertso Eskola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 09:05

Bertsotan egiten ikasi edota bertsolaritzaren munduan lehendabiziko pausoak eman nahi dituztenek, horretarako aukera izango dute Andoaingo Bertso Eskolan. Ion Beloki arduradunak eman ditu azalpen guztiak.

Duela bi urte jarri zuten martxan bertso eskola. “Andoainen gabezia hori bazegoela nabaritu genuen Jon Eskudero lagunak eta biok. Larramendi Bazkuna elkartearekin harremanetan jartzea erabaki genuen, egoera hari irtenbidea bilatu asmoz. Jon Unanue Bazkuneko lehendakariarekin hitz egin, eta bertso eskola sortzeko prozesua martxan jarri zen”, azaldu du Ion Beloki andoaindarrak.

Indartzen ari den ekimena
Lau ikasle hartu zituen bertso eskolak lehenengo urtean: “Ibai Esoain izan genuen lehendabiziko irakaslea. Urigain etxean biltzen ginen eta hantxe aritzen ginen bertsoak osatzen”. Ikasle kopurua handituz joan da pixkanaka: “Iazko ikasturtean bost ikasle aritu ginen, baina baziren tarteka etortzen ziren partaideak ere. Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” izan genuen irakasle. Pixkanaka indarra hartuz joan den ekimena da eta aurten, asmo berriak ere baditugu”.

Maila ezberdinetako bi talde
Ikasturte honetarako, bi talde osatzeko asmotan dabiltza bertso eskolako kideak: “Lehendabiziko taldean izena ematen dutenek bertsolaritzan murgiltzen hasteko aukera izango dute. Bertsolaritza zer den, nola lantzen den, bertso bat nola osatzen den..., oinarrizko gauzak ikasiko dituzte. Iaz ere egin zen modu horretako talde bat antolatzeko saiakera, baina ez genuen aurrera egiterik lortu. Aurten bigarren saiakera egingo dugu, eta badirudi aurrera aterako dela. Aurrez bertsotan esperientzia pixka bat dutenek, berriz, euren taldea izango dute, trebatzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Herrian jarritako kartelen bitartez eta ahoz aho zabaldu dugu bertso eskolaren inguruko berri, eta internet bidez ere egingo dugu deialdia. Momentuz, zenbait herritarrek azaldu du parte hartzeko asmoa, eta oraindik ere zabalik dago izena emateko aukera”, gaineratu du Ion Belokik.

Herri mailako jarduera
Helburu zehatzak ditu Andoaingo Bertso Eskolak: “Batetik, Beterriko Bertsolari Txapelketa berreskuratu nahi dugu. Bestetik, herrian antolatzen diren bertso saio ezberdinetako antolakuntzan gure laguntza eskaini nahi dugu. Horrez gain, herri mailako saioetan abesteko aukera ere ez dugu baztertzen. Gure artean egiten ditugun bileretan beste hainbat ideia ere sortu izan da; bertso afariren bat antolatu, Sanjuanetan egiten den bertso saioan gai-jartzaile lanak egin, etab.”.

Bertsolari eta bertsozaleak
Helburu orokorragoak ere baditu Andoaingo Bertso Eskolak: “Bertsolariak sortu eta osatzea izan daiteke helburu orokor horietako bat. Gerta daiteke, ordea, bertsolariak baino gehiago, bertsozaleak sortzea. Hori ere oso onuragarria izango da, Andoainek baduelako gabezia bat arlo horretan. Horrez gain, euskarari bultzada bat ematea ere gure helburu nagusien artean dago. Azken urteotan lan handia egin da Andoainen euskalgintzaren inguruan, baina oraindik ere asko dago egiteke”.
Aurreko ikasturteetan, zenbait ekitaldi antolatzeko lanetan aritu izan dira bertso eskolako kideak. Hala azaldu du Ion Belokik: “Santa Krutz jaietako saioan parte hartu izan dugu, bertso-dantza poteoa eta bertso poteoa ere egin genituen. Horrez gain, bertso-afaria antolatu genuen Irunberri elkartean Jokin Sorozabal bertsolariarekin eta elkarte eta alderdi ezberdinek antolatutako ekitaldietan ere parte hartu izan dugu”.

Azaroan jarriko da martxan
Bastero Kulturguneko bilera gelan aritu ziren pasa zen ikasturtean, eta bertan bilduko dira aurten ere. “Oso toki egokia da bertsotarako. Azaroan hasiko dugu aurtengo ikasturtea eta ekaina bitarte ariko gara. Oraindik guztiz zehaztu gabe daukagu ordutegia, partaideen iritziak entzun eta haien beharretara moldatu nahi dugulako. Ahal bada, behintzat, interesa azaldu duen guztiari eman nahi diogu bertso eskolara etortzeko aukera eta horregatik, guztion artean adostuko dugu ordutegia”.

Adituen laguntza
Arkaitz Oiarzabal “Xamoa” izango da seguruenik, aurtengo irakaslea: “Oinarrizko mailako taldeko irakasle lanak berak egingo ditu ziur asko. Bigarren taldeko irakaslea zein izango den oraindik guztiz erabaki gabe dago. Hala ere, bertsolaritzan aditu diren zenbait pertsonen saioak ere antolatu nahi ditugu, ikasturtean zehar tartekatuz joateko”.

Ateak, zabalik
Andoaingo, Zizurkilgo  eta Asteasuko kideak hartu izan ditu Andoaingo Bertso Eskolak: “Guztiz zabalik daude bertso eskolako ateak. Herriko bertsozaleez gain, eskualdekoak edota eskualdetik kanpokoak ere ongi etorriak izango dira. Nahi duen guztiak izango du izena eman eta parte hartzeko aukera”.
Ion Belokik hartu du aurten bertso eskolaren ardura: “Larramendi Bazkunak antolatzen dituen ekimenen artean dago bertso eskola eta aurten, ni izango naiz arduraduna. Ekimenaren inguruko informazio gehiago jaso edota izena eman nahi dutenek, nire telefono zenbakira dei dezakete (615 004 469). Pozik azalduko diet zein pauso eman behar dituzten bertso eskolan hasi ahal izateko”.

Tolosaldeko ekimena
Tolosaldeko bertso eskolekin batera zenbait bileratan parte hartuko du Ion Belokik, Andoaingo Bertso Eskolaren ordezkari gisa: “Tolosaldean sortu den ekimena da eta parte hartzera gonbidatu gaituzte. Ikasteko aukera ona izan daiteke. Gure presentzia pixka bat zabaltzeko baliagarria izango da, gainera. Tolosaldea oso eremu aberatsa da, bai euskarari dagokionez, baita bertsozaletasunari dagokionez ere, eta guretzako esperientzia aberasgarria izango dela uste dut. Amaia Agirrek antolatu ditu bilera horiek eta asko ikasteko aukera emango digutela iruditzen zait”.

Beterriko Bertsolari Txapelketa
Aurten bertan behera geratu den Beterriko Bertsolari Txapelketa berriz ere antolatzea da bertso eskolaren helburuetako bat. “Lan handia ematen du txapelketa antolatzeak, eta aurten ez da aurrera ateratzerik izan. Datorren urtean hutsune hori bete nahi genuke. Oraindik ez dakigu zein formatutan egingo dugun, baina argi dago gure helburuetako bat txapelketa antolatzea dela”, azpimarratu du Ionek. Urtetik urtera indartuz joan den txapelketa izan da Beterrikoa: “2011koak arrakasta handia lortu zuen eta bertsozale askoren oroimenean geratu zen. Modu horretako ekimenak berreskuratzea merezi du, eta ahalegina egingo dugu”, gaineratu du Ionek.
Larramendi Bazkunaren ekimenez sortu zen Beterriko Bertsolari Txapelketa 2009an. Taldeka lehiatzen dira bertsolariak, eta formula horrek arrakasta handia izan zuen hasieratik. 26 eta 32 urte arteko bertsolari gipuzkoarrak aritu ziren lehendabiziko urtean, herrialdeen arteko lehia egin zen bigarren edizioan, eta emakume eta gizonezkoen arteko norgehiagoka, hirugarrenean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!