Emakumea Zizurkilen beka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 09:03

Zizurkilgo emakumeen egoera aztertu eta lanerako oinarri bat finkatzeko helburuz, beka deialdia luzatu zuen Zizurkilgo Udalak. Maider Eizmendi herritarra izango da bekaduna.

Uztaila erdialdean egin zuen beka deialdia Zizurkilgo Udalak. Hala azaldu du Eva Usandizaga parekidetasun zinegotziak: “Duela urtebete sortu zen parekidetasun batzordea Zizurkilen. Emakumeen arloan egin beharreko lanak martxan jarri ahal izateko, gaur egungo egoeraren inguruko berri zehatza behar genuen lehendabizi. Lanerako oinarri hori falta genuen eta beka deialdia luzatzea erabaki zuen Udalak. Uztaila erdialdean zabaldu zen proiektuak aurkezteko epea eta abuztura bitarte, hogeita lau eguneko tartea izan zen horretarako”.

Bi hautagai
Bi lan aurkeztu zituzten deialdira eta epaimahaia aukeraketa lanetan hasi zen. Maider Agirre teknikaria, Eva Usandizaga eta Joxe Mari Luengo alkatea aritu ziren lan horretan. “Hala ere, garbi genuen horrelako erabaki bat hartu aurretik, arlo horretan jakituna zen norbaiten iritzia behar genuela. Irizpide zehatzak behar genituen eta horretan lagunduko zigun norbait behar genuen epaimahaiean. Euskal Herriko Unibertsitatearekin harremanetan jarri ginen eta Arantza Campos adituarengana bideratu gintuzten. Emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko masterreko zuzendaria da bera, eta hark izan du aurkeztutako proiektuen alderdi teknikoak baloratzeko ardura”, azaldu du Maider Agirre teknikariak.

Herritarra aukeratua
Maider Eizmendi herritarraren proiektua izan zen hautatua. “Proiektuaren alderdi teknikoek pisu handia izan dute aukeraketa egiteko garaian, baina baita ikasketak eta lan esperientziak ere. Maider herritarra izateak ere indarra eman zion bere hautagaitzari. Izan ere, bertakoa izateak erraztu egiten du Zizurkilgo emakumeen errealitatea sakonago ezagutzea”, gaineratu du teknikariak.

Sei hilabeteko lana
Urte erdia izango du Maider Eizmendik bere azterketa egiteko. Zizurkilgo emakumeek bizi duten egoera aztertuko du, horretarako arlo ezberdinak kontuan hartuta: “Udala, kultura eta kirola, hezkuntza, lan mundua, hirigintza, garraioa, ingurugiroa, emakumeen aurkako indarkeria..., arlo ezberdin asko aztertuko ditu. Modu horretan, emakumeen egoera ezezik, beharrak, baldintzak, interes guneak eta indar guneak ere zehazteko aukera izango da”, azaldu dute Evak eta Maiderrek.

Datuak eta elkarrizketak
Datu bilketa kuantitatiboa egiteaz gain, hainbat pertsona elkarrizketatuko ditu bekadunak: “Elkarrizketa sakonak egingo ditu hainbat eragile eta emakumerekin. Garrantzitsua izango da elkarrizketak egin aurretik, elkarrizketatu beharreko pertsonen perfila osatzea. Horrez gain, Udaleko teknikarien irizpideak biltzen ere arituko da eta azkenik, taldekako saioak ere antolatuko ditu arlo ezberdinetan ari diren hainbat pertsonekin. Hainbat esperientzia elkarbanatzeko aukera emango dute bilera horiek”.
Duela hamar urte hasi zen Zizurkilgo Udala beka deialdiak egiten: “Baserriko Argia eskultura jarri zen urtean egin zen lehen deialdia. Emakume baserritarren egoera aztertzeko deialdia izan zen hura, eta hurrengo urteetan jarraipena izateko xedez sortu zen. Hamar urte hauetan zenbait deialdi egin da, baina etenaldiak ere izan ditu bekak. Aurten, berreskuratzeko ahalegina egin, eta Zizurkilgo emakumeen egoera aztertzeko baliatu dugu”, argitu du Eva Usandizaga zinegotziak.

Parekidetasun batzordea
Duela urtebete sortu zen parekidetasun batzordea Zizurkilen. “Hileko lehen astelehenetan biltzen gara, Atxulondon. Bilera irekiak dira, eta gaiaren inguruko interesa duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartu eta euren iritzia ematera. Oraingoz, bost edo sei kide biltzen gara. Momentuan momentuko gai ezberdinak aztertzen ditugu. Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna ospatuko da eta horren inguruko ekintzak zehaztu ditugu azaroko bileran”. Martxoaren 8ko ospakizunak eta ekitaldiak bideratzeko ardura izango dute batzordeko kideek datozen hilabeteotan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!