Zizurkilgo adinekoen inguruko azterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 09:01

Herriko adinekoen bizi-baldintzak aztertu eta haien beharrak zehazten aritu dira bi gizarte langile azken hilabeteetan.

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak bultzatutako ekimenari esker, hirurogeita hamar urtetik gorako herritarren bizimodua aztertu da Zizurkilen. Bi langile aritu dira zeregin horretan, sei hilabetez. Etxez etxe, adinekoei elkarrizketak eginez bildu dituzte datuak, bi helburu nagusirekin; haien bizi-baldintzak ezagutzea, eta gizarte zerbitzuen inguruko informazioa zabaltzea.
Amaia eta Nerea gizarte langileak ibili dira etxez etxeko elkarrizketak egiten: “Gutun bidez jakinarazi genien euren etxeetara joatekoak ginela. Ondoren, telefonoz zita egin, eta adinekoen etxeetara joan gara. Guztiz borondatezkoa zen galderei erantzutea eta hori horrela izanik ere, ezezko gutxi jaso dugu. Zizurkil goian, esaterako, hirurogeita hamar urtetik gorako 47 pertsona daude, eta horietatik, 34 elkarrizketatu ditugu”, azaldu du Nereak.

Galdeketa, etxez etxe
Eguneroko bizimoduaren alderdi ezberdinak aztertu dituzte ekimen honetan: “Etxebizitza, ekonomia, osasuna, garraioa, aisia eta kultura, edota gizarte zerbitzuen erabilpena aztertu ditugu. Elkarrizketen bidez bildu ditugu arlo horien inguruko datuak”.
Urriaren 24an aurkeztu zituzten azterketaren emaitzak Zizurkil goian. Bertan, seme-alabekin edota familiartekoekin bizi dira adineko gehienak: “Baserrietako ohitura eta bizimodua horrelakoa da eta belaunaldi ezberdinak etxe berean bizi dira. Horrek bizi-kalitate handiagoa ematen die helduei; seme-alabek betetzen dituzte haien behar asko”.
Ekonomia arloari begiratuta, gauza batek eman die atentzioa gizarte laguntzaileei: “Elkarrizketatutako emakume gehienek baserrian lan egin eta kotizatu egin dute. Ezusteko atsegina izan da hori ikustea”.

Garraiobideen beharra
Adinekoek sumatzen dituzten beharrak zehaztu dituzte azterketari esker: “Garraioaren arazoa aipatu zuten askok eta askok. Elkarrizketatuen erdiak du gidabaimena, eta gainerakoek seme-alaben laguntza behar izaten dute mugitu ahal izateko. Herrira etortzen den autobusak ez ditu euren beharrak asetzen, etxetik plazara zenbait kilometroko bidea baitu askok”, azpimarratu dute. Egoera horri irtenbidea emateko, taxi zerbitzua jarriko da laster martxan Zizurkil goian. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak: “Orain arte izan dugun autobus zerbitzua ordezkatuko duen taxia jarriko da. Foru Aldundiak eta Tolosaldea Garatzen agentziak sustatutako ekimena da. Telefono batera deituta, taxi zerbitzua lortzeko modua izango dugu, ordutegi baten barnean. Erabiltzaileak, autobus txartelaren prezio berdina ordaindu beharko du”.

Eskaerak
Zizurkil goiko elkarrizketatuek beste zenbait behar ere azaldu dute: “Herriko baserriak seinaleztatzea garrantzitsua izango litzatekeela esan ziguten. Anbulantziak eta banatzaileak galduta ibiltzen dira askotan eta oso erabilgarria litzateke bidegurutzeetan seinalek jartzea. Helduentzako internet ikastaroak, kafe tertuliak..., beste zenbait proposamen ere luzatu zuten”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!