Gazteak arin-arin, Segurako txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 08:59

Iker Sanz lezoarrak eta Beñat Monfort amasarrak, Lierni Kamio billabonatarra eta Naiara Larrañaga zizurkildarra bikote hartuta, Segurako dantza suelto txapelketan hartu dute parte. 18 eta 16 urte besterik ez dituzte, baina dagoeneko ibilbide polita dute egina.

Noiz hasi zineten dantzaren munduan murgiltzen? Zerk bultzatuta?
Iker Sanz
: Lau urterekin Lezoko Murixka dantza taldean hasi nintzen. Txiki-txikitatik gustatzen zitzaidan dantza, baina ez nintzen ausartzen pauso hori ematera. Garai hartan, Billy Elliot pelikula ematen ari ziren zineman, eta  ikustera joan nintzen amarekin. Gustatu, eta hura ardatz hartuta hasi nintzen dantzan.
Beñat Monfort: Ni beranduxeago hasi nintzen, zortzi edo bederatzi urterekin gutxi gora-behera. Gurasoek animatuta hasi banintzen ere, orain oso gustura nabil.

Gaur egun Oinkari dantza taldean zabiltzate. Zuk, Iker, lezoarra izanda, nolatan izan zenuen Villabonako dantza taldearen berri?

I.S.: Suelto txapelketetan parte hartzearekin batera, aurresku txapelketetan hasi nintzen lehiatzen. Orain bost urte gutxi gora- behera, aurresku txapelketa batean billabonatarrekin egin nuen topo eta Oinkari dantza taldeko arduradun den Eneko Arteagak ostiraletan eurekin entseatzen hasi nahi nuen galdetu zidan. Poliki-poliki hasi eta gaur egun irakasle lanetan ere aritzen naiz Oinkarin.

Suelto txapelketa askotan hartu duzue parte eta sari batzuk lortu ere bai…
B.M.:
Orain arte haurren kategorian lehiatu izan dugu, baina orain hamasei urte beteak ditugunez, helduen kategoriara pasa gara. Aurten, Naiara eta biok, Zarauzko suelto txapelketan bigarren geratu ginen.
I.S.: Gaur egun nire bikotea Lierni Kamio bada ere, aurrez Idoia Besada pasaitarrarekin ibili nintzen. Azken honekin, haurren kategorian, Euskadiko txapelketan bost aldiz zapaldu nuen podiuma: hirutan hirugarren egin genuen, behin bigarren eta beste behin lehenengo. Hamabost urte nituela, berriz, helduen kategorian,  hirugarren geratu ginen Seguran.

Zer sentitzen da Segurako oholtza gainera igotakoan?
I.S.: 
Liernirekin dagoeneko hirugarrenez hartu dut parte Seguran. Nire iritziz, gainerako txapelketetan baino urduriago egoten zara eta postu polita egiteko aukerak ikusiz gero, presio handia izaten duzu. Parte hartu nuen lehendabiziko urtea, adibidez, oso gogorra izan zen.
B.M.: Taulara igo aurretik urduri samar egoten zara, baina nik gehiago espero nuen, ez da hainbesterako. Egia da beste txapelketetarako baino gehiago entseatzen dela, baina gainerakoan nahiko berdina da.

Zuen ustez, zer da garrantzitsuena dantza mota hauetan?
I.S.:
Oholtza gainean pauso guztiez oroitzea eta hasiera eta bukaera berdinak izatea. Horrez gain, intentsitateari dagokionez, hasi eta bukatu berdin egitea, kanpotik jendeak ezin du ikusi nekatuta zaudenik.
B.M.: Bestetik, bikotekideen arteko konplizitatea eta elkarren arteko konfiantza ere beharrezkoak direla uste dut.

Epaileek beti justuki jokatzen dutela uste al duzue?
I.S.: Puntuazioa ez da matematikoki egiten. Bakoitzak bere gustuen arabera jokatzen du eta askotan emaitzak oso subjektiboak izaten dira, nahiz eta amaierako emaitza zenbakien bidez islatzen den.

Hitz batean, zuen bikotearen ezaugarririk onena eta txarrena aipatuko al dituzue?
B.M.:
Naiarak duen onena, gatz askoko neska izateaz gain, pausoak sortzeko erraztasuna dela esango nuke. Txarrena, berriz, askotan berehala etsitzen duela, hau da, pausoren bat ikasi ezinean badabil berehala beste pauso baten aldeko hautua egiten du.
I.S.: Lierni oso langilea da eta hori asko eskertzen da, baina batzuetan nik proposatutako pausoak ikastea kosta egiten zaio.

Eskerrak ematekotan…
I.S.:
Segurako txapelketa jokatzen den egunean etxetik alde egiten dut ama oso urduri egoten delako, baina eskerrak eman beharrean nago eskaintzen didan laguntzagatik. Amonari ere bai, jantziak josteagatik, eta bukatzeko, gure irakasle den Lurdes Esnaolari ere eskerrik asko eskainitako laguntzagatik.
B.M.: Nik ere eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, Lurdesi eta amonari, niri ere jantziak josten baitizkit azken honek. Bukatzeko, eskerrak Naiarari eta Lierniri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!