Aizkardiren 29. mendi astea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 08:58

1983 urtean egin zuten lehen mendi astea Aizkardi Mendi Elkartekoek. Ordutik hona hainbat gauza aldatu diren arren, formatu nagusiak berdina izaten jarraitzen du: azaroan egiten da eta hizlari desberdinek prestatutako lau proiekzio izaten dira ikusgai. Egoitz Bengoetxea Aizkardiko kideak eman ditu azalpenak.

Azaroaren 19an, astelehenarekin, hasi eta azaroaren 23ra arte luzatuko da aurtengo 29. mendi astea. Bost egun hauetan hizlari ezagunak izango dira Gurea zineman, besteak beste, Josu Bereziartua eta Felipe Uriarte: “Josu Bereziartuak Broad Peakeko esperientzia kontatuko du astelehenean eskainiko duen hitzaldian, 30 minutuko bideo proiekzioa ardatz hartuta. Bestetik, Felipe Uriarte Mendiak eta herriak konpainiako kidea da, eta hau ere Himalayako mendikateen inguruan ariko da, baina bertako kulturan eta bizimoduan gehiago zentratuta. Honen txanda ostegunean, hilaren 22an, izango da”, azaldu du Egoitz Bengoetxeak. Aurtengo berrikuntzen artean astearteko hitzaldia aipa daiteke, Mendian gozatzeko aholkuak izenburupean Kepa Lizarraga medikuak eskainiko duena, hain zuzen: “Zerbait desberdina egitea pentsatu genuen, eta mendi federazioan galdetu genuenean Kepa Lizarragaren kontaktua eman ziguten. Nonbait, prestakuntza fisikoari buruzko aholkuak emango ditu, jende guztiari zuzendutakoak, ez soilik profesionalei”. Asteazkenean, Andoni Ormazabal urretxuarra Txileko sumendietan bizitako esperientziari buruz ariko da, bideo proiekzio eta guzti, hau ere. Hitzaldi guztiak Gurea zineman izango dira iluntzeko 20:00etan.

Borobilduz…
Urtero moduan, mendi asteari amaiera emanez, Aizkardi Mendi Elkarteko kideek urteko irteeren inguruko hitzaldi txiki bat eskainiko dute eta ondoren, Argazki rallyko sari banaketari ekingo diote. Igandean, hilaren 25ean, mendi ibilaldia egingo dute, eta 29. mendi asteari bazkari batekin emango diote amaiera. Izena aurrez eman beharko da Aizkardiko bulegoan, hileko edozein ostegunetan 20:30etatik 22:00etara bitartean.

Argazki rallya
Bosgarren urtez, Aizkardi Mendi Elkarteak argazki rallya antolatu du. Argazkiak ateratzeko eguna azaroaren 11 izango da: “Izen ematea doakoa da. Goizeko 9:00etan Aizkardiko aretoan elkartuko gara eta lau ordutan argazkilari bakoitzak 36 argazki atera ahal izango ditu, guztiak jarraian, bat bera ere borratu gabe. Era horretara, argazki kamera digitala dutenak eta analogikoa dutenak parekatuta geratzen dira. Lehiakide bakoitzak, ateratako argazkietatik gehienez hiru aukeratu beharko ditu. Gaia eta mendi ibilaldia, berriz, azken momentuan argituko ditugu”. Berrikuntzen artean, umeen kategoria gehitu dute aurten, zeina 12 urtera arteko haurrentzat izango den. Mendi astearen barruan, argazki guztiekin erakusketa zabalduko dute Gurea zineman azaroaren 19tik 23ra. Erakusketa honetan, epaimahai tekniko batek, Karlis argazkilariak hain zuzen, hiru lanik onenak aukeratuko ditu, baita umeen mailako bi argazkirik onenak ere. Horrez gain, publikoak ere argazkirik onena aukeratzeko ahalbidea izango du.
Azken urteotan Argazki rallyak arrakasta handia izan duela azpimarratu du Egoitz Bengoetxeak, “urte batean, ia 40 parte hartzailetara iritsi ginen; erdiak herritarrak izan ohi dira eta beste erdiak, berriz, kanpotik etorritakoak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!