Aho-soinu erakusketa ikusgarria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 8a, 08:50

Hamasei urte zituenean eskuratu zuen Koldo Jauregi larrauldarrak bere lehen aho-soinua. Bilduma osatzen aritu da geroztik, eta orain museo etnografikoan jarri ditu ikusgai.

Ehun aho-soinu ezberdin ditu Koldok bere bilduman: “Hamasei urte inguru nituenean lortu nuen lehendabizikoa eta hemezortzi urterako, bat baino gehiago nituen. Jotzen aritzen nintzen, nire kasara. Duela urte batzuk, bilduma osatzen hasteko ideiari heldu nion modu serioagoan eta ehun lortzea jarri nuen helmuga. Ehun osatu ditut dagoeneko eta orain, ez dut baztertzen erronka aldatu eta nire muga 365 aho-soinu lortzean jartzea. Oso zaila izango da, baina saiatu egingo naiz”, azaldu du Koldok.

Museoan ikusgai
Museo etnografikoan dago ikusgai Koldoren bilduma: “Ehun aho-soinu daude, denak ezberdinak. Munduko hainbat herrialdetan egindakoak dira: alemaniarrak, brasildarrak, portugaldarrak, japoniarrak, txinarrak, amerikarrak, poloniarrak, suizarrak, estatukoak..., denetarik dago”.
Azoketan barrena ibiltzen da Koldo, aho-soinu ezberdinak bilatuz: “Madril edo Bartzelonako azoketara nahiko maiz joaten naiz. Asko ibili behar izan dut batetik bestera, bilduma hau osatu arte. Beti entzun izan dut bilduma bat ez dela egun bakarrean osatzen, eta egia da; egun bakarrean osatutako bilduma batek ez du zentzurik. Gaur egun, internet bidez ere erosketa asko egin daiteke eta bide hori erabili izan dut ale bat baino gehiago lortzeko”, argitu du Koldok.

Zaharrenak, ehun urte
Ehun urte inguru ditu Koldok lortutako aho-soinurik zaharrenak eta hamar urte inguru, berrienak. “Aho-soinu zaharrak egoera kaskarrean egoten dira gehienetan. Txukun-txukun ireki, garbitu eta konpondu egiten ditut. Ahalik eta egoera onenean uzten saiatzen naiz. Kontu handiarekin egin beharreko lana izaten da. Metalezko xafla txiki-txiki batzuk izaten dituzte barruan instrumentu hauek, eta kontu handiarekin garbitu behar dira, ez puskatzeko. Egoera txarrean iristen direnean, soinua ateratzearekin konformatzen naiz, izan ere, eskuartean gehiegi erabiltzeak beti baitakar zerbait puskatzeko arriskua”, azaldu du Koldok.

Sei aho-soinu, batean
Mota eta tamaina ezberdinetako aho-soinuak ikus daitezke museoko erakusketan. “Tonu ezberdinetako aho-soinuak bildu ditut, eta badago bitxikeria bat baino gehiago. Sei tonu ezberdinetako ahoko soinuak biltzen dituen instrumentua dago tartean, baita laukoak ere. Aho-soinu kromatikoak ere jarri ditut erakusgai eta diapasoiaren funtzioa betetzen duen bat ere badago. Hortik aurrera, denetarik ikus daiteke: forma eta tamaina ezberdinetakoak, haurrentzako egindakoak, marka eta kalitate ezberdinetakoak, metalez egindakoak, egurra ere badutenak, plastikozkoak, asko landutakoak, apaingarri asko dutenak..., denetarik dago”.
Bere eskutara iristen diren aho-soinuak jotzen ditu Koldok: “Aspaldiko urteetan utzia nuen, baina bilduma egiteari eutsi nionean, berriz ere jotzen hasi naiz. Ez da erraza hauspoa berotu gabe ondo jotzea; hori ere ikasi egiten da. Orain, lortzen ditudan aho-soinu guztiak jotzeko moduan jartzen ditut, eta prozesu horretan, kalitate oso ezberdinetakoak daudela konturatu naiz. Nire ustez, Hohner markakoa izan daiteke onenetakoa. Jo nahi duzun piezaren arabera ere, egokiagoa izan daiteke aho-soinu bat edo bestea. Brasilen egindakoak, esaterako, oso soinu bizia du eta polita da zenbait pieza jotzeko”.
Erakusgai jarritako instrumentuen artean bat aukeratzeko esanda, ezin du bakarra apartatu: “1960ko urteetako estetika amerikarra duen bat asko gustatzen zait, baina baita beste zenbait ere. Guztiek dute beren berezitasuna eta ezin dut bakar bat nabarmendu”.

Liburuak eta biniloak ere bai
Aho-soinuak ez ezik, beste zenbait gauza ere jarri du ikusgai Koldok, erakusketa osatze aldera: “Instrumentua jotzen ikasteko aspaldiko libururen bat, biniloren bat ere bai, argazkiak... Aho-soinua beste instrumenturen batekin jo ahal izateko erabiltzen zen euskailua ere jarri dut. Lepoan barrena jarri, eta eskuak libre dituztela aho-soinua jotzeko baliatzen dute musikariek”. Bi urtez behin erakusketa berezia antolatzen du Koldok museoan: “Pisuen inguruko erakusketa egin nuen duela bi urte. Orain aho-soinuena zabaldu berri dugu, eta etorkizunean ere izango da beste zerbait”.

Hileko lehen igandetan
Urte amaiera arte izango da zabalik aho-soinu erakusketa. Hileko lehen igandetan zabaltzen ditu ateak museo etnografikoak, 11:00etatik 14:00etara. Ordutegi horretatik kanpo bisitaldiren bat egin nahi izanez gero, 688 803 608 telefono zenbakira deitu beharko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!